Jose Manuel Ibar, Urtain: bizitzak K.O. utzitako boxeolari zestoarra

José Manuel Ibar Aspiazu zen "Urtain" boxeolariaren benetako izena, baina beste hainbat ezizen bereganatu zituen borrokalariak: Zestoako tigrea, morroskoa...

Urtain, berez, José Manuel Ibarren Zestoako baserriaren izena da, gaur egun ere bertan segitzen duena.
Gaztetan aizkolaria eta harri-jasotzailea izan bazen ere, boxeolari gisa egin zen famatu Urtain.

Diktadura-garaia

Francok diktadura ezarrita zuen Espainian, eta Paulino Uzkudunek, gerra-aurreko Errezilgo boxeolari ospetsuak, ez zuen aspaldi ondorengorik. Francok bere burua zuritzeko Uzkudunen ondorengo bat behar zuen eta, ondorioz, Espainiako Boxeo Federazioko buru zen Vicente Gilek Gipuzkoako Boxeo Federazioko kide zen Miguel Almazor boxeolari bila jarri zuen. Urtain ezaguna zen herri-kirolean. Almazor Urtain baserrian azaldu zenean, aita hilda zuen Jose Manuelek, eta soldaduska egina, Ceutan.

 

Harri-jasotzaile indartsua tentatu zuen Gilek: diru asko irabaziko zuela, Francok interes handia zuela…. Urtainek baietz erantzun zion, hasiko zela boxeoan. Ordurako aita zen eta Cecilia Urbieta, bere andrea, ez zegoen oso ados senarraren lan berriarekin.

 

 

Hala, Ormaiztegiko baserri bateko morroi ohiak, Urtainek, lehen boxeo-saioa handik gertu irabazi zuen, Arana futbol-zelaian, Ordiziako 1968ko jaietan.

Zer zen hura? Urtainek jada ez zuen areriorik harri-jasotzaileen artean, eta Arana leporaino bete zen, abalantxa eta guzti. 17. segundoan K.O.: ring-etik bota zuen aurkaria. Uzkudunek ere ikusi zuen borroka; halaxe ematen zuen: “Uzkudunek badu ondorengoa!”

Gipuzkoan borrokaldi sonatua izan zen hura; handik kanpo ez, egun berean Legrá boxeolari kubatar espainola munduko txapeldun bihurtu zelako. Eta egun hartan hasi ziren boxeo zaleak ”tongo!” esaten Urtainez. Zer esanik ez hurrengo 26 borrokaldiak ere K.O.z irabazita, ia denak lehen asaltoan! Kirol-kazetariak sutan zeuden! Frankismoa pozik. Euskaldun asko ere bai.

Boxeo-adituek esaten dute tongorik ez zela, baina arerio oso txarrak bai, batez ere hasieran. Ordizia Villafranca de Ordizia zen 1968an. Urtainek 25 urte zituen, urte askotxo boxeoan hasteko. Hasieran Urtainen diru-kontuez Jose Lizarazu managerra arduratu zen, Donostiako Orly hoteleko nagusia.

Indartsua bai, baina...

Bertan entrenatzen zen Urtain. Indarra bai, baina besterik ez: baldar mugitzen zen, itsu-itsuan egiten zuen aurrera, bere burua babestu gabe! Berdin zion: Anoetako belodromora joan eta jendeak bete egin zuen, Txofre zezen-plaza bete; Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen boxeatu, eta bete. Legrá eta Pedro Carrasco boxeolari askoz hobeak ziren, baina ez zuten halako jendetzarik atzetik, eta Urtainek, aldiz, gehiegi, eta ez denak asmo onez.

Aprobetxategi askok bapo afaltzen zuten Urtainen bizkar, eta Pilar Eyre kazetariaren liburu batean ere kexu da, beti segika duen emakume mordoaz. Emakumeak nahi beste antza, eta Cecilia seme-alabak zaintzen eta Urtainen zain, Zestoan. Azkenean, banandu egin zen bikotea.

 

Beraz, itzal beltzak zituen Urtainen Madrilgo bizimoduak, baina aparra ere bai: familia berria, yo-yo batek bere izena zeraman, brandya iragartzen zuen, esnea, Summers zuzendariak film bat egin zuen “Urtain: El Rey de la Selva… O así” izenekoa…

1970eko apirilean etorri zen Berrizera, Europako pisu astunetan txapeldun zela, lehentxeago Weiland boxeolari motel-potoloari 7. asaltoan irabazi ondoren. Eusebio Ibar anaiaren kontra lehiatu zen Urtain: 3 asalto erakustaldi gisara. Orduan bazen norbait. Birritan izan zen Europako txapeldun, 1970ean eta 1972an.

 

Bi urte iraun zuen Urtainen goraldiak.
 

Gainbehera

Urtain hiru aldiz saiatu zen Europako txapelketa eskuratzen. Hirugarrenean, ( Amberes, 1977) ez zuen lortu, eta hor azkartu zen 1972an hasitako kirol-porrota.

Borroka librean saiatu zen diru pixka bat lortzen, eta Eusebio anaiaren jatetxean lanean ere hasi zen, harreman publikoetan. Gastronomia kontu hori gustatu, eta hainbat negozio sortu zituen: Madrilen, Sevillan… Zorterik gabe.


 
Madrilen bizi zen Urtain bere burua hil zuenean, 10. solairuko leihotik botata, 1992ko uztailaren 21ean. Zorrak zituen. Bakarrik bizi zen, egun gutxi lehenago Marisa García, bigarren emaztea, Vanesa eta Eduardo seme-alabekin etxetik joan zelako. Uztailaren 5ean joan ziren etxetik eta 21ean hil zen Urtain…

Ordizian festak gertu ziren, eta Bartzelonako Joko Olinpikoak ere ate-joka. Azken horietarako zituzten begiak egunkariek, baita Urtaini orriak eta orriak eskainitako haiek ere: apenas laukitxo bat bere heriotzaren berri emateko.

Hori bai, Animalario antzerki-taldearen Urtain antzezlanak Max sarietan 9 sari lortu zituen 2010ean.


Oso arrakastatsua izan zen Urtain antzezlana.

Zarama musika-taldeak Urtain izeneko abestia eskaini zion, eta Jabier Muguruzak ere badu “Gitarra bat nintzen” diskoan Urtain izeneko abesti bat: “Ukabilak harrotu dira, gauaren aurka….”
 

 


 


B2
07-18-2013
16290989
12027