Ferdinand Aire, Xalbador

Ferdinand Aire, Xalbador (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920ko ekainaren 19a - 1976ko azaroaren 7a), Urepelen jaiotako bertsolari eta artzaina, "Xalbadorrenea" baserrian jaio zen eta sortetxeak eman zizkion, bere esanetan, "izana eta izena".

Bertsolaritza indarberritzen ari zen garaian, Basarri eta Uztapide bezalako bikotearen ondoan hazi zen Xalbador, lagun paregabea zuelarik Mattin: herriz herri, plazaz plaza, jaialdiz jaialdi,txapelketaz txapelketa.

Euskal Herri osoan ezaguna, miretsia eta maitatua, lehen ere behin baino gehiagotan omendua, 1969an Donostian, 1976ko uztailean Donibane Lohizunen, bere sorterrian nahi zen omendu azkenik.

Hain zuzen ere, 1976ko azaroaren zazpia zen. Jendetza handia zegoen bildurik Urepelen Xalbadorren ohoretan bazkarian eta arratsaldeko jaialdian.

Bertsolariekin eta lagun zahar guztiekin umoreko eta adeitsu ibili zen Xalbador egun osoan. Baina bat-batean, inor ohartzerako, haren omenez gogotsu kantari ari ziren bertsolarien artetik erretiratu beharrean izan zen. Omenaldiarekin batera amaitu baitzen Urepeleko bertsolariaren bizia ere.

 

Hementxe duzu entzungai Xalbadorren omenez Xabier Letek idatzitako Xalbadorren heriotzean kanta.

Beti gogoan izango den bertsolaria

Otaño eta Xenpelar bezalaxe, ahaztuko ez den bertsolaria izango da Xalbador, bere bertsoen ederrez eta sakonez beti gogoan izango den bertsolaria, alegia. Ateraldiengatik, xelebrekeria eta txisteengatik gogoratu ohi da. Urepeleko artzaina kontalari ona ere bazen. Hamaika pasadizo, ipuin eta txiste kontatu ohi zuen lagunartean. Urrutira ematen zuen baino hiztunagoa eta alaiagoa zen Xalbador.

Odolaren mintzoa liburuan ez ezik, txapelketetako saioekin argitaratutakoetan eta 1969an Ezin Bertzean eta 1981ean Herria Gogoan Xalbadorren bertsoz osatutako bildumetan aurkituko du bertsozaleak ale ederrik. Izan ere, hark ez zuen errazkeriarik maite, beti zerbait berria, ederra eta sakona esan nahi izaten zuen eta esan behar zuena, doinu, kantu eta ahots egoki-gozoan aldarrikatzen.

 

 

Haurtzarotik euskalzale

Ferdinand Aire 1920ko ekainaren 19an jaio zen. Euskal Herria eta Nafarroa bitan banatzen dituen Frantzia eta Espainiako estatuen muga-mugan.
Xabadorrentzat, ordea, Euskal Herri bakarra eta Nafarroa bakarra izango dira beti. "Seiak bat" kantatuko du beti. Eta ez du sekulan onartuko "frantsesa" deitzerik.

Euskara baztertzeak arrunt mintzen zuen Xalbador. Zabarkeriaz baztertzeak bezalaxe nahigabetzen zuen iraultzaren edo beste edozein arrazoiren izenean arbuiatzeak.

Kantu eta bertsozale

Hamalau urtetarako bere gain zituen Xalbadorrek ardien lan guztiak. Artzaintzako lanak ikasi samartuak baitzituen ordurako aitaren ondoan.



Hala ere, artaldea bere gain hartu arte elizara joan behar izaten zuen kantura eta gogotsu joan ere, "kantuz gostu bainuen ordukotz". Eta eliza-kantuetatik euskal kantuetara jo zuen berehalaxe, artzain lagunek eta batez ere izeba Marianak erakutsirik.

Hemeretzi urterekin galdu zuen Xalbadorrek bere aita. Hala ere, harekiko eta Aldudekiko (hangoa baitzen aita) atxikimendurik ez du sekulan galduko. Oroitu ere oroituko da aita ez ezik aitona ere bertsozalea eta kantuzalea izan zela.

Baina bertsozaletu Piarre aldudetar artzainak bertsozaletu zuen.

Xalbadorrek aurrekoengandik hartu zuena ez zuen beretzat bakarrik hartu, haren lau seme-alabak ere bertsozale ez ezik, bertsolari, kantari eta olerkari ere badirenez. Gustua eta moldea eman zizkien, nonbait, kanturako eta bertsotarako.

Lehen bertsoa

Lehen bertsoa 16 urterekin kantatu zuen Xalbadorrek. Ostatuan bertsotan ari zirenei kanpoko leihotik erantzunaz kantatu zuen, hain zuzen ere. Mutiko mukizu haren lotsagabekeria gaizki iruditu zitzaien, nonbait, "zakur batzuk bezala oldartu baitzitzauzkitan". Eta "zerbait gaizki egin izan banu bezala ihes egin nuen mendi aldera".

Geroztik, bertso asko kantatu zuen Xalbadorrek ostatu horretan lagunartean, baita bakarrik ere, bat-batean kantatuz batzuetan, "denbora hartuz" besteetan, "hobexago batzuen moldatzen". Baina 19 urte zituenean, bi gertakarik jo zuten Xalbador, bertsozaletasuna ia itzaltzeraino: aitaren heriotzak eta Frantziako gerlak.

Dena utzi samarra zuen garaian Teodoro Ernandorena heldu zitzaion etxera 26 urteko artzainari, 1946an Donibane Lohizunen antolatu zuen txapelketaren berri ematera. Ordurako hila zen 21 urterekin Luhoson bertsotan neurtu zuen Panpele. Isildua Aldudeko Harriet bertsolaria. Iriarte eta Zubikoarekin joan zen Xalbador txapelketara eta hantxe ezagutu zituen Mattin, Etxahun eta Errexil.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Mattin eta Xalbador

 

Hamasei bertsolaritatik zazpigarren geratu zen Urepeleko gaztea. Hala ere, egun hori "munta handikoa izan zen" Xalbadorrentzat, hor ezagutu baitzuen Mattin eta hortik aurrera hasi baitzen bien arteko bertso-ibilia. 1960 aldera antolatzen hasi ziren hegoaldeko txapelketetara eta jaialdietara ere biak etortzen ziren iparraldearen ordezkari.

Xalbadorrenean bazen esku bete lan, noski, artzaintzatik lau seme-alabako familia hazten eta aurrera ateratzen. Urepeletik bertsotarako atzera-aurrerak egitea ere ez zen berriketa, autorik ez zen garaietan.

Bere emazte Leoniri esker egin ahal izan zituen Xalbadorrek bertso-ibili txar haiek denak. Izan ere, gorputz eta arima bizi zuen bertsoa. Arrazoi osoz esaten du, noski, Mixel seme zaharrenak: "aita baino artzain hobea naiz, baina aita baino bertsolari txarragoa".

Inguruarekin bat eginik

Inguruarekin bat eginik bizi da Xalbador. Bertsolaritzan ere bizitzako gorabeherak zaizkio atsegin. Ez du bertsotarako alegiazko gairik maite.

Bere inguruarekin eta bere buruarekin elkarrizketan ari da etengabe: aita eta ama, emaztea, seme-alabak, adiskideak, Euskal Herria, euskara, eliza, fedea, Jainkoa... Bizidunak eta hiztunak balira bezala mintzo da gauzekin ere: sortetxearekin, artzain etxolarekin, ohearekin eta abarrekin.

Iturria: Bidegileak Bilduma (laburtua eta moldatua)



 


C1
06-19-2013
16290512
8419