Heraclio Fournier, karta-joko egilea eta Gasteiz

Heraclio Fournier, jokorako karten egilea, 1916an hil zen. Orain 100 urte, beraz.

Musean, puntuan, tutean eta beste ehunka jokotan jokatzen da Fournier kartekin mundu guztian. Kalkulatzen da ia bi segundoz behin Fournier karta-joko bat saltzen dela munduan. Eta karta horietako batek, 1eko urreak, Vitoria izena darama idatzita. Beraz, Vitoria-Gasteiz hiria mundu guztian egin du ezagun. Fournier bera Gasteizen dago lurperatua. 

Burgosen jaio zen Heraclio Fournier 1849an eta bertan hasi ziren kartak egiten Fournier anaiak, baina Heraclio bakarrik joan zen Burgostik Gasteizera, trenez, 1866an. Oraindik ez zituen 20 urte.

 

Joko-karta sarituak

 

Kartak egiteko lokala eta litografiarako tresneria erosi, eta hiruzpalau hilabetera hasi zen jokorako kartak diseinatzen. Ez soilik kartak, baina batez ere kartak. Kalitate handikoak ziren, egiten oso zailak, oso koloretsuak, eta 1868an saritu egin zituzten Parisen, artisau-azoka batean. 1eko urrean bere aurpegia jarri zuen Heraclio Fournierrek, eta Vitoria hitza. Parisko saria oso ondo etorri zitzaion negozioa handitzeko: lokal berria, bulegoak… 1870ean ezkondu egin zen.

 

1877an karten diseinu bat eskatu zion Gasteizko Marrazketa Eskolari. Egia esan, lantegiak beti izan zuen harreman handia ilustratzaile eta marrazkilariekin. Urte batzuetara, Fournierrek eskatuta, hainbat ukitu eman zizkion kartei Augusto Ruis artistak: gaur egun hain ezaguna bihurtu den edizioa sortu zuen, errege, zaldun eta txotekin. Omenaldi modura, edizio batzuetan Ruisen aurpegia ere marraztu zuten, 1eko urrean berriro, Fournierrena bezala.

 

 

Fournierrek lan handia egin zuen bere enpresa aurrera ateratzeko, perfekzionista baitzen. Adibidez, kartak mozteko makina bat diseinatu zuen, eta berarentzat eginarazi, bere fabrikan bakarrik erabiltzeko. Inprimatzeko prozesu berriak ere ikertu zituen. Eta kartak egiteko prozesu guztia idatzita utzi zuen, materialen sekretuak eta adieraziz.

 

Arabako lehen telefono-haria

 

Lantegiko langileentzat elkarte bat sortu zuen: Fournierrek, Sociedad de Socorro a Enfermos izenekoa. Bere lantegian emakume askok egiten zuten lan, nahiz eta egun ezagutzen dugun karta-joko ospetsuan gehienak gizonezkoen irudiak izan. Heraclio Fournierren bizitzan ere baziren emakumeak. Lau alaba izan zituen, aitaren negozioa jarraitu nahi izan ez zutenak. Berau hobetzeko, 1882an bulegoraino telefono-haria jartzeko baimena eskatu zion Gasteizko udalari Heracliok. Hori izan zen Araba eta Gasteizeko lehen telefono-haria, 1882ko irailean.

 Bibat Museoa

 

Fournier 1916an hil zen, eta fabrika biloba batek hartu zuen, Felix Alfaro Fournierrek. Horrek eman zion mundu-mailako sona, eta askok aitonarekin nahasten dute datuak ematen hasten direnean. Fournier Karta-museoak Bibat Museoan du egoitza, Gasteizen, eta Arabako Foru Aldundiaren esku dago; Fournier lantegia, berriz, Jarden Corporation holding amerikarrarena da.

 

Lantegiaren egoitza

 

Segidan, Heraclio Fournierreren heriotzaren ehungarren urteurrena ospatzeko Bibat Museoak egindako bideoa.


B1
08-09-2016
16242929
4368