Arnaud Oihenart: euskaldun polifazetiko nekaezina!

Zuberoako lehen euskal idazlearen biografia. Maulen, Zuberoan, 1592ko abuztuaren 7an jaio eta Donapaleun, Nafarroa Beherean, hil zen 1668ko urtarrilaren 14an.

Arnaud Oihenart 1592ko abuztuaren 7an jaio zen, Maulen (Zuberoa). Legegizon izan zen, historialari, poeta, politikari eta literatura-kritikaria. Oihenartek 706 esaera zahar bildu zituen, euskalki askotakoak, eta frantsesera itzuli. Gehienbat, lapurtera eta behe-nafarrera txertatzen zituen bere idatzietan. Euskara batuaren kezka ote zuen? Litekeena. Lehen euskal idazle laikoa dela esan da, 2004an Lazarragaren eskuizkribuak azaldu arte.

 

 

Oihenart jaio zen urtean Gaztelak mendean hartu zuen Nafarroa. Oihenartena da, ustez, “Déclaration historique de l´injuste usurpation et retention de la Navarre par les Espagnols (1625 eta 1755-62)”; hori idatzi (omen) zuelako debekatu zioten Iruñeko artxibo batzuk aztertzea. 1612an legegizon egin zen. Berehala egin zuten Zuberoako sindiko, hots, foruak, euskal lege zaharrak zaintzeko arduradun. Zuberoako batzar nagusi eta lege-biltzarreko buru izan zen. Zuberoa Bordeleri lotuta segitzea lortu zuen, nahiz eta horregatik espetxeratu zuten, eta ez Frantziako erregeak nahi bezala, Paurekin.


Historia eta lege-kontuak frantsesez eta latinez idatzi zituen. Historia-zatirik handiena Nafarroari eskaini zion, baina berak hartu zuen lehen aldiz Euskal Herria bere osoan, Ipar eta Hego. Joana Erdoi aberats noble alargunarekin ezkondu zen Donapaleura, eta bera ere noble bihurtu. Han Nafarroako Parlamentuko kide izan zen. Hiru seme izan zituen. Donapaleun hil zen, Aita Lafitten ustez 1667an. Euskal Herriko historiari buruzko bilduma prestatzen ari zela, bildutako dokumentu eta oharrekin hogei mila orrialde osatu zituen, baina gehienak desagertu egin dira.


Katolikoak eta protestanteak


Idazle laikoa bai, baina katolikoa zen Oihenart. Albreteko Joana erreginaren idazkari izan zen bere aita, eta erregina hau protestantea zen. 20 urterekin politikan sartu zen, katolikoen alde, eta 1625ean Parisen ibili zen protestantismoari aurre egiten. XVI. mendean frantziar estatuan erlijio-gerrak izan ziren, eta, Oihenart jaio aurretik, protestanteek Maule erre berria zuten: gurasoen etxea ez zen erre. Bakea 1598an heldu zen Nafarroako Enrique III.a katoliko bihurtu zenean Frantziako errege izan ahal izateko.
Bestetik, ez ahaztu Trentoko Kontzilioak ( 1545-63), katoliko eta protestanteak “adiskidetzeko” saioak, ere harrapatu zuela.


Notitia…
1638an Notitia utriusque Vasconiæ, tum ibericæ, tum aquitanicæ idatzi zuen latinez, eta hor Euskal Herria bat bezala agertzen da: euskaldunok nolako bizimodua genuen, nolako literatura, zein gizarte-egitura… Baita euskal gramatikaren lehen aurkezpena ere: lexikoa, aditza, deklinabidea (ergatiboaz jabetzen da, izen bukaerako -a batzuk artikulutzat jotzen ditu…). Lan hau egiteko materialak (oharrak, eskuizkribuak..) 60 liburukotetan daude bilduak. Lan eskerga egin zuen, nahiz berak 3 liburutan argitaratu. Koldo Mitxelenak “erudicción” hitza darabil lan hau baloratzean.
Oihenartek badu aipatu beharreko beste lan bat: Les Proverbes Basques recueillis par le Sr. d'Oihenart, plus les poésies basques du mesme auteur (1657). Bi zati ditu: Atsotitzac edo Refrauac, eta O[ihenar]ten gastaroa neurthizetan. Lehen zatiak esaera zaharrak ditu, bigarrenak haren olerkiak. Esaera zahar horietako asko Oihenartek moldatu egin zituela dio Koldo Mitxelenak. Haren olerkiak, berriz, oso landuak dira. Oihenarten poemek ez dute ez hizkuntza ez erlijioa helburu, literatura baizik. Horretan da berritzaile, Lasagabaster kritikariaren ustez. Eta ez dira Etxepare apaizarenak bezain herrikoiak. Ez du Etxepare aipatzen, baina kritikatu egiten du bere poesia-moldea, eta ez zaio ondo iruditzen apaiz batek halako maitasun-olerkiak egitea.


Frantziako lizeorik oneneko ikasle izan zen Oihenart, eta bere inguru kultuan ikusitako poesia jasoa nahi du euskaraz ere, bere aurrekoen euskal poesia-moldearekin eten. Apaiz bati bidalitako gutun-zati batean, L’Art Poetique izenekoan, daude bere ideia berritzaileak. Ideia horien isla izan nahi dute bere poemek. Hiztegiak, ortografiak eta sintaxiak zaildu egiten dute bere poesia. Errima aberastu beharra ikusten du; ez zuen onartzen silaba eta erditik beherako errimarik. Eta metrika zorrotz zaintzen zuen. Maiz hau egiten du: zur´ aldeti (zure aldeti), ud´ere (uda ere), en´argia (ene argia), ar´hiz (ari haiz). Hitzak ere asmatu zituen (neurtitz, atsotitz…)


Oihenarteren euskal lanek ez zuten interesik sortu, Aita Laffite heldu zen arte. Salbuespena da bere garaian. 1985an pastorala eskaini zioten Muskildin: Pier Paul Bertzaitz izan zen Oihenart. 
 




B2
08-06-2013
16137296
11151