Pape Niang, hasiera berri bat

Liburu honetan Argiako kazetari den Mikel Garcia Idiakezek Senegaldik Bilbora Pape Niang-ek egindako migrazioaren barne-bidaia kontatzen du. Duela hamaika urte Senegal utzi eta Europarako bidea hartu zuen migratzailea da Pape.

Egilea: Mikel Garcia Idiakez
Argitaletxea: Argia argitalpenak
Argitalpen-urtea: 2019

ARGIAk eta Bilboko senegaldarren Mbolo Moye Doole plataformak “Inor ez da ilegala” proiektua martxan jarri zuten 2018. urtean eta elkarlan horren azken fruitua da liburu hau. Pape Niang-en bizipenak eta gogoetak ekarri ditu liburura Mikel Garcia Idiakezek. Egilearen arabera, istorio hau ahalduntze-istorioa da; izan ere, Papek trabaz jositako bidearen ondotik gizartean aurkitu ahal izan baitu bere bidea, bizimodu duina eraman ahal izateko. Liburuaren epilogoan, besteak beste, Malaika izeneko emakume migratzaileari buruz hitz egiten da. Horrekin, Mikel Garcia Idiakezek emakume migratzaileek egun sufritzen duten errealitate gordinaren berri eman nahi izan digu.

EITBko Ahoz aho saioan liburuaren egileari eginiko elkarrizketa interesgarria duzu ikusgai.

Hona pasarte bat: Ametsaren atzetik kapitulutik hartua

Esango nuke migratzaile izatea dela bizitzan dagoen gauzarik umiliagarrienetakoa. Migratzaile zarenean, ez zaituzte aintzat hartzen, hutsaren hurrengoa zara, ezereza. Migratzaile zarenean, jendeak uste du eskubidea duela zuri edozer gauza esateko, eta leporatzeko, zurekin edozer egiteko. Migratzaileen artean, gainera, mailak daude, eta katean azkenak migratzaile beltzak gara. Behin, Bilboko Ametzolako errotondan, plastikozko poltsa erraldoia  bizkarrean Errekaldera bidean nindoala, udaltzainek ikusi ninduten eta gerturatu egin zitzaizkidan. Dokumentazioa eskatu zidaten, pasaportea. “Ez daramat pasaportea gainean”, erantzun nien. “Bada, zuk pasaportea beti eraman behar duzu gainean”. “Zergatik?”, nik. “Beltza zarelako”.
 

(31. or.)


 

Orrialdeak: 99

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Sep 2, 2019
Number: 47219236
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 366

You may be interested