Learn playing / Tales

ipuinak
Imprimir
  • Author: Mario Meunier
  • Type: Munduko ipuin tradizionalak
  • Keywords: zeus, ninfa, nartziso, laienda, meunier, mario, orein, jainkosa, bakarti, oihartzun, kobazulo, jainko, ahots, ipuin
  • Number of visits: 1201

Eko eta Nartziso

HABE aldizkariaren 34. alean eman zen argitara ipuin hau, 1984an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

"La leyenda dorada de los dioses y de los héroes" liburutik aukeratu eta zerbait egokitu dugu pasartea. (Aguilar, S.A. Ediciones 1962). Liburua Mario Meunier frantziarrarena da (1880 - 1960).



Eko izeneko birjina kantari eta txirulari gazte hau izaki bakartia zen. Gizartetik eta gizonengandik beti ihesi, ez zion amodioari amorerik eman nahi izaten.

Esaten da, Zeus ninfaren bat bisitatzera lurrera jaisten zenean, bere emaztea, Hera jainkosa zelati hura, senarra ustekabean harrapatu nahian ibiltzen zela. Eko orduan jardun luzeetan aritzen omen zen, zeruko erreginaren arreta desbideratu eta ninfei bitartean alde egiteko aukera ematearren. Hera, ordea, amarruaz ohartu zen.

- Zuk mihiaz sartu didazunez gero ziria -esan zion-, nik mintzamena murriztuko dizut.

Mehatxua egin bezain azkar obratu zen ondorioa.

Ordutik, Eko izeneko ninfa hau ezin da hitz egiten lehena izan inolaz ere eta, era berean, ezin da hitz egiten zaionean isilik gelditu: entzun berria duen ahotsaren azken doinuak errepikatzen ditu etengabeki ezinbestean.

Handik denbora gutxira, gure Ebro berritsuak orein batzuen atzetik zebilen ehiztari bat ikusi zuen. Nartziso zuen izena. Gaztetxo ederrik bazen, hura bai ederra! Hala, ikusi zuen bezain laster, maitasun sutsuz kiskaltzen hasi zen ninfa hori.

Ezkutuki jarraitzen zituen haren oinatzak, eta zenbat eta gehiago jarraitu, orduan eta goriago jartzen zitzaion bihotza. Premiazko erreguetara apelatzekotan ere egon zen askotan, baina ezin izan zituen inoiz gauzak nahi bezain garbi azaldu. Alferrik saiatu zen gero Nartzisorengana jo eta bere besartean laztantzen. Gaztetxoak uko egin zion kolpeari ihesaldi azkar batez, eta azkenik errekondoko abar artean desagertu zitzaion.

Etsiturik, gure Eko gaixoak kobazulo sakon batean ezkutatu zuen bere porrota. Handik aurrera ez zuten gehiago mendi gainetan ikusi. Hain bero gordetzen zuen maitasunak barrua jaten zion pixkanaka-pixkanaka. Gorputz osoa agortu eta odola lurrundu zitzaion, eta hezurrak eta ahotsa bakarrik geratu zitzaizkion. Haren hezurrek haitz baten itxura hartu zuten, eta haren ahotsak, ordutik erratua zebilen ahotsak, beti erantzuten zien dei egiten ziotenei.

Hainbat alderditan sakabanaturik, egun hartatik aurrera Ekok ez du egoitza finkorik izan; edozein hots entzuten duen lekuan egon ohi da. Oraindik ere kontserbatzen du berezkoa zuen oroimen musikala, eta bere belarrietan sartzen diren doinuak berritzeko dohaina du.

Nartzisori dagokionez, jainkoek, haren harrokeria eta bihotz gogorra zigortzeko, sufrikario harrigarri bat bidali zioten. Esaten da, egun batean Nartziso, udako bero kiskalgarritik eta ehizaren nekeetatik atseden hartzeko, ispilua bezain dizdizari zirudien iturri garden eta baretsu baten aldamenean eseri zela. Iturriaren freskura eguzkiaren bero galdatik babesten zuten zuhaitzek ur hauetan islatzen zuten beren hostotza. Eta inguruan zeuden txapar koxkorrek koroi bikoitza ehuntzen zioten zilarrezko urari. Orduan, egarri zegoela eta, belarretan etzan eta iturrira hurbildu zenean, bere aurpegia ikusi zuen Nartzisok ur garbian islaturik. Errainu honek liluratuta, geldi-geldi jarri zen haren aurrean, eta amodiozko estasian bezala, hainbeste mirespen eragindako xarmei begira gelditu zen. Ezin izan zuen ezerk bere begirada haietatik askatu. Pixkanaka-pixkanaka, izotza eguzkiarekin urtzen den bezala, bere azaleko arrosak nola desegiten eta zimeltzen ziren ikusi zuen.

Funtsik gabeko mamu batek eragindako su ezkutuak ahitu zuenean, bere arrebek, Nayadeek, haren heriotza deitoratu zuten eta adatsa moztu zioten haren hilobiaren gainean ipintzeko. Gero, sua jadanik prest zegoelarik, Nartzisoren gorpua eraman nahi izan zutenean, haren lekuan ez zuten lore hori-zuri bat besterik aurkitu, orain ere haren izena daraman lorea.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

ADATS.- Cabellera.
AHITU.- Consumir.
AMARRU.- Maltzurkeria, azpikeria.
AMODIOARI AMORE EMAN.- Complacer al amor.
BERO GALDA.- Bero handia.
EGOITZA FINKOA.- Residencia fija.
EHUNDU.- Tejer.
ERRAINU.- Itzala, isla, erreflexua.
GORIAGO.- Sutsuago, beroago.
GORPU.- Gorputz hila. Cadáver.
HAITZ .- Harkaitza.
HERIOTZA DEITORATU.- Llorar la muerte.
HOSTOTZA.- Follaje.
ISLATU.- Reflejar.
JAINKOSA ZELATIA.- Diosa celosa.
MAMU.- Fantasma.
MEHATXU.- Amenaza.
MIHI.- Mingaina.
MIRESPEN.- Harridura. Admiración.
MURRIZTU.- Restringir.
OINATZ.- Aztarna, aztarrena, arrastoa.
OREIN.- Ciervo/a.
PORROT.- Fracaso, derrota.
PREMIAZKO ERREGUAK.- Súplicas apremiantes.
SUFRIKARIO.- Sufrimendua, oinazea.
TXAPAR.- Mata.
XARMA.- Encanto.
ZIRIA SARTU.- Enganatu, engainatu.
 

 
 

Comments
Login for comment

You may be interested