Learn playing / Tales

ipuinak
Imprimir
  • Author: Resurrección María de Azkue
  • Type: Euskal tradiziokoak
  • Keywords: zurrunka, pertz, burruntzi, ardi-larru, aizto, azkue, mitologia, osin, erraldoi, putzu, haragi, elikatu, bakar, giza, ipuin, begi, eraztun
  • Number of visits: 4451

Tartalo

HABE aldizkariaren 3. alean eman zen argitara ipuin hau, 1982an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Ipuinak gizakiaren lagun zaharrak dira. Txakur leialaren antzera segitzen diote historian zehar.
Ez da erraza zenbait ipuinen jatorria eta zentzua argitzea. Hala ere, badirudi ipuinak gizakiaren barneko beharrei erantzuten diela, mitoekin eta sinboloekin zerikusi handia duelarik.


Zenbait ipuin nahiko unibertsalak dira, nahiz eta herri bakoitzak bere kutsu berezia erantsi. Kontuan izan behar da garai batean herrialdeak elkarrengandik hurbilago zeudela pentsaeraz gaur baino. Euskal Herria ere mundu zabaleko jakintza horren barnean zegoen, eta horren lekuko dira ipuin asko.

Tartaloren ipuina Ziklopearen istorioa da funtsean, greziar literaturatik datorrena (Odisea, IX kanta).
Guk Azkuerenetik hartu dugu, beti bezala zertxobait egokiturik.
Ikus: RESURRECION MARIA DE AZKUE Euskalerriaren Yakintza, 11- 335-336 orr.


Bekokian begi bakarra zuen erraldoi bat, Sanson baino indartsuagoa, mendian bizi zen, ardi eta giza haragiz elikatzen zela.

Behin, mendira ardi bila zihoan artzain gazte batek, Tartalo zeritzan erraldoi hori aurkitu zuen.

- Nora hoa, mutiko?

- Ardi bila.

- Goazemak nire kobazulora.

Eta zulo hartara joan ziren. Mutila, hango gauzak ikusita, harri eta zur zegoen: laratzean zintzilika pertz handi bat zegoen giza-besoz eta hankaz beterik. Zokoetan, berriz, ardi-larru eta gizon-emakume askoren soinekoak.

Orduan Tartalok mutilari:

- Sar ezak, motel, burruntzia sutan eta jan ezak horrako izter hori, hik ere jana izan behar duk eta.

Artzainak honela zioen bere artean:

- Nahiz batera nahiz bestera galdu, ez zait axolarik.

Bitartean Tartalo lo-zurrunka zegoen eta artzainak burruntzi goria begitik sartu zion eta itsu geratu zen.

Haren garrasi eta uluak! Mutila ardi-larru artean gorde zen. Tartalo kobazuloko atean zegoen, hankak erdi zabalik zituela. Ardiak bere hankapetik kanpora zihoazen. Tartalok ilean ukitzen zuen bakoitza irteerakoan.

- Galdua nauk -zioen bere artean mutilak.

Bururakizun on bat izan zuen: Tartalok ez ezagutzeko, bera ere ardi-larruz jantzita igarotzea. Hala jantzi zen eta erraldoiaren hankapetik igaro zenean, bizkarrean ukitu arren, Tartalok ez zuen nor zen igarri.

Handik atera zeneko, mutila pozik eta ardi-larrua jaurtikiz, korrika hasi zen. Tartaloren eraztunak hizketan zekien eta jabeari esan zion:

- Tartalo tximinia, hor zihoak mutila.

Tartalok eraztuna jaurtiki eta behatz txikian sartu zion mutilari.

- Tartalo tximinia, hemen nagok, hemen nagok.

Tartalo lasterka zihoan mutilaren atzetik. Mutilak ezin zuen eraztun salataria behatzetik kendu. Aizto batez ebaki zuen behatz txikia eta eraztun eta guzti osin batera jaurtiki zuen.

Eraztunak berriz ere:

- Tartalo tximinia, hemen nagok.

Tartalo osinean blast eginez ito zen. Eta handik aurrera artzain hura nahi bezala bizi izan zen.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AIZTO.- Ganibeta, labana.
ARDI-LARRU.- Ardiaren larrua (hitz elkartua).
ATERA ZENEKO.-Atera bezain laster.
BERE ARTEAN.- Berekiko, bere gisa.
BURRUNTZI.- Asador.
BURURAKIZUN.- Burutasuna, ideia.
ELIKATU.-Mantendu, janaritu.
ERAZTUN.- Anillo.
ERRALDOI.- Gigante.
EZ ZAIT AXOLARIK.- Ez zait inporta, ez zait ardura.
GALDUA NAUK.- Hika dago (Galdua naiz).
GARRAISI ETA ULUAK.- Gritos y alaridos.
GIZA HARAGI.- Carne humana.
GOAZEMAK.- Hikako forma (Goazemazu, goazen).
GORI.- Candente.
HARRI ETA ZUR.- Erabat harrituta.
HOA.- Hikako forma (Zoaz).
IGARO.- Pasa.
IGARRI.- Ezagutu, asmatu.
IRTEERAKOAN.-Irteterakoan, irtetean.
JAURTIKI.-Jaurti, bota.
LARATZ.- Llar.
LASTERKA.- Korrika, antxintxika.
LO-ZURRUNKA.- Lo-korroka.
NAIZ BATERA NAHIZ BESTERA -Era batera edo bestera.
NEGOK.- Hikako forma (nago).
OSIN.-Putzua.
PERTZ.- Caldero.
SALATARI.- Salatzen duena (delatador/a).
SAR EZAK.- Hika dago (sar ezazu).
SOINEKOAK.-Arropak, jantziak.
UKITU ARREN.- Nahiz eta ukitu (kontzesiboa).
ZEKIEN.- "Jakin"aditzaren iragana.
ZERITZAN.- "Iritzi" aditzaren iragana eta erlatiboa (Que se llamaba).
ZIHOAK.-Hikako forma (doa, doa).
ZIOEN.- Esaten zuen.
 

 
 

Comments
Login for comment

You may be interested