Learn playing / Tales

ipuinak
Imprimir
  • Author: Mariasun Landa
  • Type: Bestelakoak
  • Keywords: laztandu, kontable, katu-jan, kateme, hazkatu, mariasun, landa, faktura, katu, ipuin
  • Number of visits: 18614

Katuak bakar-bakarrik sentitzen direnean


descargar

 

Kontablea naiz eta fakturak ditut lankide bakarrak. Egun osoan bulegoan egon ondoren etxera joaten naiz, Melissa nire zain egongo dela pentsatuz.

Atea ireki bezain laister, niregana aupatzen da, kokotean biribildu, eta hantxe gelditzen zait eroriko, ez eroriko. Hauxe da inolaz ere kendu ezin izan diodan mania bat! Haserretzen naizelakoa egiten dut eta orduan, saltotxo bat egin eta, berriro lurreratzen da emeki-emeki kexatuz. Melissa gaixoa! Jakina, egun guztia bakar-bakarrik nire zai egon baita eta bihotza zabaltzen zaio ni ikustean!

Kateme ederra da Melissa. Hankak eta muturra txuriak baditu ere, beltz-beltza da gorputzez. Txarolezko katemea dirudi. Ni ezik, ez du inor kateme eder horrek. Nirekiko duen jaierak besteengandik apartatzen du eta katuen munduan, guztiz berezi eta baztertua sentitzen dela uste dut. Horregatik, lanordutik kanpo, bere maitasun itsuari nolabaiteko erantzun bat ematen saiatzen naiz. Batez ere, arratseko ordu hits horietan, bulegotik atera eta iluntzen duenean, katuek sentitzen duten kariño falta hori nabarmena izaten da... Orduan hitz egiten diot, laztandu, elkarri kontu txikiak esanaz egon ohi gara ilunabarreko ordu delikatu horiek igaro arte.

Hala ere, ez ezazue pentsa Melissa mimatzen dudanik. Ez. Ez dut inoiz alperrikako sofa-katu bihurtzea onartu. Ez du inoiz poteko katu-janik probatu. Alderantziz, bere grinaren deiari jarraituz eguneroko elikadura lortzera bultzatzen dut. Gauero, lepotik lokarri bat lotu eta kalera ateratzen gara paseatzera, zabor-piloetan hazkatuz, bere jatekoa lor dezan. Zaborretan miatzen, arakatzen ikusten dudanean, badakit basa-bizitza datorkiola burura. Zoriontsua da. Bigotetxoak txukunduz, begirada garbi bat zuzentzen didanean, beretzat garrantzi handiko norbait naizela adierazten dit amultsuki. Eskerroneko katemea baita Melissa polita...

Gu biok ikustean, jendeak barre egiten duela badakit. Nire lagunak ere, Melissa dela eta, niregandik urrunduz joan dira eta tabernak... hobe tabernetako solasaldietatik urruntzea, honako irain hauek entzutea baino: «Zer moduz Melissa? Noiz ezkontzen zarete?»...

Auzokoen mesprezua eta atezainaren ondotik pasatzen naizeneko irribarre maliziotsuak ez zaizkit jadanik axola. Katuen mundua ulertzen ez duen jendilajea, besterik ez da. Zeren horiek ez dakite, ez dute sekula jakingo, eguna bakar bakarrik pasa ondoren arratseko ordu berezi horietan, katuok zein triste sentitzen garen!

 

AMULTSUKI

Maitasunez, goxokiro.
ARAKATUMiatu, ondo begiratu.
AUPATUIgo.
BIRIBILDUEnroscarse.
ERORIKO EZ ERORIKOEn peligro de caerse.
ESKERRONEKOAgradecido. Kontrakoa; eskertxarreko.
HASERRETZEN NAIZELAKOA EGINHaserretuaren papera egin.
HAZKATUHaztarinka ari. Escarbar.

HITS

Tristea.
ILUNTZEN DUENEANCuando anochece. Iluntzen denean ez legoke ondo esana. Era berean: eguna argitu du, euria hasi du...
JAIERAAfizioa, debozioa.
JENDILAJEAGentuza.
KATEMEKatu emea. Kontrakoa, katarra.
KATU-JANKatuaren elikadura, janaria.
LAZTANDUMusu eman.

NI EZIK

Fuera de mí.
PASATZEN NAIZENEKO IRRIBARREPasatzen naizenean egiten didan irribarrea.
URRUNDUZApartatu, urrutiratu.

 
 

Comments
Login for comment

You may be interested