Docutec Card

Izan zaitez errealista urte berriari begira

Urtarrileko lehen egun hauetan zure iazko ohitura txarrak alde batera uzteko erabakia hartu al duzu? Flakatu nahi al duzu? Azkenean, erretzeari uztea erabaki al duzu? Edota gimnasioan izena ematea pentsatu duzu?

Urte bukaera etortzearekin batera, asko dira urte berriari buruz pentsatzen hasten diren pertsonak. Minutu batzuk hartu eta hurrengo hamabi hilabeteetan egiteko asmoak idatzi ondoren, bete egingo dituztela agintzen diote beren buruari.

Zoritxarrez, helburu horietako asko bidean geldituko dira eta ez dira egingo. Zergatik gertatzen da hori? Borondate ezagatik ala ezinezkoa delako hainbat asmo betetzea? Beharbada, bi arrazoien arteko konbinaketa da erantzuna.

Egia da zenbaitetan borondaterik ez dugulako ematen dela porrota, baina ez dugu ahaztu behar beste askotan gaizki planifikatutako asmoak direla, aukeraketa desegokia egin dugula eta horregatik, azkenean, ezinezkoa gertatzen dela aurrera egitea.

Horregatik, akats hau egin nahi ez baduzu, ondo planifikatu behar dituzu zure asmoak eta kontuan hartu hurrengo aholkuak:

 

1.- Lehenik eta behin, hurrengo urtean bete nahi dituzun 10 asmoen zerrenda egin ezazu. Ondoren, gogoan izan denbora eskatuko dizula helburu horietara iristeak.

Adibidez, eguneko pakete bat tabako erretzen baduzu, akatsa litzateke zure urte berrirako asmoa honela adieraztea: "Urtarrilaren 1etik aurrera erretzeari utziko diot", kolpetik egitea ia-ia ezinezkoa baita. Egokiagoa litzateke, esaterako: "Hurrengo urteko hilabeteetan zehar, hilero erreko dudan zigarro-kopurua pixkanaka jaitsiko dut" egingarriagoa baita. Egizu gauza bera beste asmoekin; esaterako, ez ezazu idatzi "Dieta zorrotza jarraituz, ahalik eta azkarren lortuko dut nire pisu ideala", baizik eta "Menu osasuntsu bati esker, pixkanaka lortuko dut nire pisua jaistea".

2.- Asmoen zerrenda idatzita daukazula, zure asmoak zein ordenatan bete nahi dituzun erabakitzeko unea iritsi da. Hasieratik denak bete nahiko bazenitu, seguruenik, urtarrilaren bukaerarako ilusiorik gabe egongo zinateke, denak batera egitea ezinezkoa dela konturatuta.

Onena da urtea asmorik garrantzitsuenak egiten hastea eta aldi berean, behar bezala egiteko denbora gehien eskatzen dutenak izatea. Honela, zure asmorik garrantzitsuena kirola egin eta sasoian egotea bada, entrenamendu-plana antolatu behar duzu. Esate baterako, lehenengo asteetan, hiru egunez behin minutu batzuk eskainita kirolari. Bi edo hiru aste geroago, maiztasuna eta denbora handitu beharko duzu lortu nahi duzun lehenengo helburua bete arte.

Une honetan, izango duzun arazorik handiena da planifikatutako guztia egiteko denbora eza; beraz, ez zaitez honengatik gehiegi estresatu. Agendari begiratu bat ematen badiozu, ikusiko duzu erraza dela hainbat ekintza edo jarduera kendu edota berrantolatzea. Zure ahotik ez dadila atera "ezin dut" esaldia, sinesten baduzu bakarrik lortuko baituzu ekintzak aurrera ateratzea.

3.- Asmoak aurrera eramateko, ordea, ez da nahikoa behar bezala planteatu eta idaztea, pixkanaka bete daitezen, jarrera eta pentsamendu aldaketa ere beharrezkoa baita. Utzi alde batera ezkortasuna eta emaiozu hasiera modu baikorragoan ziklo berri honi, zure ametsak betetzeko modurik onena baita. Urte berriko asmoak betetzeko sekretua ez da nekatu arte gogor lan egitea egun gutxi batzuetan, poliki-poliki, baina erregulartasunez egitea baizik.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Nov 30, 2011
Number: 807501
Number of visits: 6248