Docutec Card

Hemen dugu Halloween ate joka!

Santu guztien egunaren bezpera da. Kax-kax! Atean jo dute. Ireki duzu eta hortxe dituzu aurrean dozena bat ume irribarretsu sorgin, banpiro eta Drakulaz mozorrotuta.

Eta honela diotsute: "Trikimailua ala tratua";. -Arranopola! pentsatzen duzu. Hemen ditugu. Iritsi dira! Halaxe da. Euskal Herrira ere iritsi da Halloween, poliki, ezari-ezarian, Iparraldera lehenago, Hegoaldera geroxeago. Baina, iritsi da. Ez da, jadanik, harritzekoa iparraldeko saltoki handietan apal luzeak alderik alde beteta ikustea tamaina guztietako plastikozko kalabazez. Eta Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko denda askotako erakusleihoetan ere, halatsu.

 

Izan ere, gau horretan, makina bat gaztetxo arituko da eskean etxez etxe, Estatu Batuetan ez ezik, munduko beste nazio askotan ere. Eskariari modu onean erantzunez gero, gozokiak, litxarreriak, txanpon batzuk emanez, pozik joango dira. Bestela, bihurrikeriaren bat jasateko arriskua dago.

 

Halloween-en jatorria
 

Halloween-ek Santu guztien bezpera esan nahi du All hallows's eve ingeles zaharrean. Ospakizun hori, agidanean, aspalditik dator. Zeltek Samhain, heriotzaren jainkoa, urriaren 31ko gauean gurtzen zuten. Intxixu zeltek, Druidek, jainko haren haserrea baretzeko opari ugari egiten zizkioten: uzta-aleak eta animaliak erretzen zituzten haren omenez, baita gizakiak ere. Bestalde, zeltek ere bazuten ohitura janariak uzteko etxe atarietan, jainkoek, nahi izatera, beren gosea asetzeko.

 

'Trikimailua ala tratua'
 

Ez dago oso argi ' trick or treat' terminoa nondik datorren. Batzuen ustez, horren jatorria Ingalaterran dago, protestanteen eta katolikoen arteko liskarretan (1500-1700). Katoliko batzuek James I errege protestantea hiltzen ahalegindu ziren. Hori gertatu eta gero protestante-talde batzuek, aurpegia estalita, 'bisita' egiten zieten katolikoei garagardoa eta pastelak eskatuz. Ez zituzten bakean utziko eman ezean: trick or treat! 'Trick' delakoak konjuru-hitza edo araoa esan nahi du eta 'treat' tratua, ados jartzea. Eta Ameriketara joan ziren lehenengo etorkinek ohitura hori eraman zuten beraiekin mundu berrira.

 

Kalabaza, apaingarri
 

Kalabazaren tradizioa geroago erantsi zitzaion Eskandinaviako etorkinen eskutik. Beraz, hasierako ospakizun pagano hura kristauen 'Santu guztien egunarekin' kronologikoki bat etortzeak tradizio bat abiarazi zuen hango eta hemengo osagaiak biltzen dituena. Gaur egun, munduan milioika dolar mugiarazten dituen negozioa da Halloween. Estatu Batuetako haur askok eta askok gehiago estimatzen dute ospakizun hori Gabonak baino. Eta hango helduen artean ere gero eta ohitura handiagoa dago gau horretan mozorrotzeko. Jakien arloan ere mota guztietako gozoki, pastel eta litxarrerien salmenta nabarmen hazten da.

 

Ez dute denek begi onez ikusten, ordea, telebista eta film amerikarrei esker, besteak beste, hedatzen ari den usadio hori. Toki askotan, Hego Ameriketan, Europako hegoaldean kultura arrotz baten ezarpen gisa ikusten dute batzuek. Beste zenbaitek, berriz, kristau batzuek, kutsu paganoegia ikusten diote ospakizunari. Horien ustez, Santu guztien eguna da ospatu behar dena eta ez Halloween. Bestalde, Drakula, banpiro, sorgin eta tankera horretako mozorroak ere ez dituzte inolaz ere begiko. Nolanahi ere, Halloween denen gustukoa ez izan arren, ez dirudi ate joka dugun tradizio hori hain erraz joango denik etorritako bidetik. Gainera, badakizue, mehatxuka dator: trick or treat!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 24, 2005
Number: 7594
Source:
Number of visits: 4738