Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Kerman irakasle

Idatziak zuzen gustatzen zaizkio Kermani; ez du akatsik onartzen.
Egiturak:
- Berri hitzaren gehiegizko erabilera: *tanto berri bat egin du / beste tanto bat egin du.
- *Biok artean / bion artean

Transcription:[+] Transcription:[-]
KERMAN: Barkatu...
IDURRE: Bai?
KERMAN: Euskal Jaia antolatzen ari zarete auzoan, ezta?
IDURRE: Antolatu dugu dagoeneko. Horregatik ari naiz kartelak jartzen...
KERMAN: Zeinen ideia ona! Gainera ekitaldi politak proposatzen dituzue. Baina kartel berri bat egin beharko duzue...
IDURRE: Kartel berri bat? Zer ba?
KERMAN: Honek akatsa duelako. Begira. Hemen. Folk jaialdia. "Trikitrilariak" idatzi duzue, eta "trikitilariak" beharko luke...
IDURRE: Hori txikikeria da. Mundu guztiak ulertuko du "trikitilariak" direla. Gainera dirutza da kartelak inprimatzea. Ez, ez, horrela utziko dugu...
KERMAN: Agian hori txikikeria da, bai... Baina akats berri bat topatu dut...Begira, hemen. Herri bazkaria. "Arraultzak" jarri duzue, eta "arrautzak" beharko luke.
IDURRE: Tira, elerekin edo ele gabe, arrautzak beti arrautza. Inor ez da horretaz konturatuko.
KERMAN: Ba ni konturatu egin naiz. Eta ziur akats gehiago dagoela. Begirada berri bat botako diot...
IDURRE: Aizu, baduzu Euskal Jaira etortzeko asmorik?
KERMAN: Banuen asmoa bai... Baina antolakuntza kartelak bezain kaskarra baldin bada... Plan berriren bat pentsatu beharko dut...
IDURRE: Ba orduan, joan zaitez pikutara eta utz nazazu bakean!

AZALPENA
Argi ibili «berri» hitzarekin, batzuetan desegoki erabiltzen baitugu. Horrenbestez, «akats berri bat topatu dut» edota «begirada berri bat botako diot» txartzat emango ditugu. Horien lekuan hobe da, « beste akats bat topatu dut» eta «beste begirada bat botako diot» esatea.

KERMAN: Aizu...
IDURRE: Zu berriro! Ezin liteke...
KERMAN: Bai... Barkatu aurrekoa... Eskertzekoa da Euskal Jaia antolatzen egin duzuen ahalegina. Ekimen ederra da!
IDURRE: Tira, mila esker.
KERMAN:Nahi baduzu kartelak pegatzen lagunduko dizut. Biok artean egin dezakegu... Azkarrago bukatuko dugu horrela.
IDURRE: Bai?? Mila esker!!! Tori kartel batzuk!
KERMAN: Auzo-batzordeak antolatzen du jaia, ezta?Sekulako lana hartu duzue...
IDURRE: Hala da bai. Baina jende dezente gabiltza auzo-batzordean lanean.
KERMAN: Oso kartel itxurosoak egin dituzue. Diseinatzaile bat daukazue batzordean? Ala guztiok artean egin dituzue kartelak?
IDURRE:Guk geuk egin ditugu. Ez daukagu diru askorik batzordean...
KERMAN: Nabaria da bai...
IDURRE: Barkatu?
KERMAN: Nabaria dela lau erreal gastatu dituzuela kartel hauetan! Denok artean ez zarete gai izan diru gehiago biltzeko? Zuzentzaile bat ordaintzeko behintzat! Akatsez josita daude kartel hauek!
IDURRE: Bi txikikeria baino ez dira! Ekarri!
KERMAN: Bi, hiru eta lau! Begira!!!! Txokolatada "lauetan" jarri duzue, eta "lauretan" behar du. "Berrogeitamargarren urteurrena". Eta "berrogeitamar" loturik idatzi duzue.
IDURRE: Ekarri nire kartelak! Bestela berrogeita hamar kokoteko emango dizkizut.
KERMAN: "Berrogeita hamar", banatuta...
IDURRE: Banatuta edo lotuta!!!! Eman egingo dizkizut!!!
KERMAN: Aizu, aizu...

AZALPENA
«Biok artean», «denok artean» eta halako formak okerrak dira euskaraz. Horien ordez, «bion artean», «denon artean»  eta tankerakoak erabiliko ditugu.

KERMAN: Arrautza, "L" gabe... Trikitilariak, "R" gabe... "Berrogeita hamar", banatuta...
IDURRE: Aizu... Zertan zabiltza? Jakin daiteke?
KERMAN: Ba akatsak zuzentzen! Bide batez, beste akats bat topatu dut. Hemen, begira...
IDURRE: Ekarri hori oraintxe bertan!!!
KERMAN: Zuk zuzendu nahi duzu? Ederki! Ba, zuk zuzendu...Eta bitartean nik beste kartel bat zuzenduko dut. Bion artean berehala bukatuko dugu!
IDURRE: Geldi hor! Nik ez dut kartel bat bera ere zuzenduko! Ezta zuk ere! Sekulako lardaskeria ari zara egiten!
KERMAN: Esan dizut ba, hobe zela kartel berri bat egitea... Baina oso zekenak zaretenez zeure auzo-batzorde horretan...
IDURRE: Zekenak? Falta genuena!!!
KERMAN: Tira, beste errotuladore bat ekarri dut. Nik ezin dut hau dagoen moduan utzi!!!
IDURRE: Ekarri hori! Ondo daude kartelak dauden moduan!
KERMAN: Zure iritzia da hori. Baina ez dut uste Euskaltzaindian iritzi berekoak izango direnik... Izan ere, guztion artean adostu behar izan dituzte idaztarauak eta...
IDURRE: Euskaltzaindia? Mesedez... Jai herrikoi bat besterik ez da!
KERMAN: Jai herrikoia. Eskertzen dizut hori gogoratu izana. Izan ere hori ere gaizki idatzi duzue. Begira! Banatuta idatzi behar da eta...
IDURRE: Ezin liteke, ezin liteke...
KERMAN: Aizu, aizu...

AZALPENA
Euskara zuzentzaile sartu zaigu gaurko saioan gure Kerman. Lehen zatian ikusi dugu, batzuetan «berri» hitza desegoki erabiltzen dugula. Hala, «akats berri bat topatu dut», «begirada berri bat botako diot» eta tankerakoak txartzat emango ditugu. Horien lekuan, hobe da «beste akats bat topatu dut» edota «beste begirada bat botako diot» esatea.

Bestalde, «bion artean», «denon artean» eta tankerako formak erabiltzen ditugula ikusi dugu. «biok artean», «denok artean» eta halakoak, ordea, baztertu egingo ditugu. Hauxe gaurko ikasgaia lagunok, zuek badakizue, ezta? Honekin edo harekin, baina egin!

 
 

Comments
Login for comment