Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Kerman berri-emaile

Kerman tabernan egunkaria lasai irakurtzen hasi da, baina laster bukatu zaio pakea.
- Eguraldiaz hitz egiteko esamoldeak.
- Ez erabili -go atzizkia multzoak adierazteko: *ikaslegoak esan du / ikasleek esan dute.

Transcription:[+] Transcription:[-]
GIZONA: Aupa!
KERMAN:Aupa!
GIZONA:Zer, egunkaria irakurtzen?
KERMAN:Ba, bai, hala da.
GIZONA:Eta zer, zaharrak berri, ezta? Seguru deus interesgarria ez dakarrela!
KERMAN:Tira, niri interesgarria iruditzen zait!
GIZONA:Eta zer dio eguraldiari buruz egunkariak?
KERMAN:Tira, hemen jartzen duenez, kostaldean euriak ari du gaur
GIZONA:Eskerrak barnealdean gaudela!
KERMAN:Bai, bai, eskerrak!
GIZONA:Eta asteburuan, zer eguraldi egingo du asteburuan?
KERMAN:Tira, astebururako haizea dabil! Bai kostaldean bai barnealdean ere!
GIZONA:Lastima!
KERMAN:Lastima, bai, tira barkatuko didazu, e?
GIZONA:Eta Kanariar irletan zer eguraldi egingo du?
KERMAN:Ezin liteke! Kanariar irletan sargori ari da, kito! Nahi al duzu zuk zeuk begiratu?
GIZONA:Ez, ez, ez zait gehiegi interesatzen eguraldia gainera, ez dute inoiz asmatzen!
KERMAN:Nola? Ene!

Azalpena: Adi eguraldia adierazten duten esamoldeekin: "Euriak ari du", "Astebururako haizea dabil" edota "Sargori ari da" ez baitira egokiak. Horien tokian: "Euria ari du", "Astebururako haizea dakar" eta "Sargori dago" esango dugu.

GIZONA:Eta, zer ari zara irakurtzen?
KERMAN:Ba, ikerketa artikulu bat. nazioarteko liskarra eragiten duten...
GIZONA:Horoskopoa irakurtzen ari al zara?
KERMAN:Horoskopoa? Ez ba! Nazioarte saileko albiste bat da. Antza denez, munduko biztanlegoak antzeko arazoak pairatzen ditu.
GIZONA:Barkatu, barkatu, ni Leo naiz eta nire zeinuari buruz zer dioen jakin nahi nuke.  
KERMAN:Nik uste dut horoskoporik ez dakarrela egunkari honek. Irakurlegoaren  gehiengoak ez zuen irakurtzen
GIZONA:Nik uste dut badakarrela horoskopoa.
KERMAN:Ene! Hemen. Taurus, ezta?
GIZONA:Ez. Leo. Lanari buruz zer dioen jakin nahi nuke. Aspaldi honetan pixka bat kezkatuta nabil eta.
KERMAN:Ondo da. Leo, lana: "zure enpresako langilegoa  kinka larrian dago. Arazo ekonomiko ugari jasan..."
GIZONA:Bueno, hori asmatzen erraza da. Arazo ekonomikoekin dabiltza enpresa gehienak.
KERMAN:Esan dizut ba, horoskopoa tontakeria galanta dela. Huston Unibertsitateko irakaslegoak ikerketa bat egin zuen eredu gisa unibertsitate bereko ikaslegoa hartuta eta...
GIZONA:Bai, bai, bai, tontakeria galanta dela!
KERMAN:Nirearekin jarraituko dut orduan.
GIZONA:Eta amodioari buruz zer dio horoskopoak?
KERMAN:Ene! Nahi al duzu zeuk begiratu?
GIZONA:Ez, ez. Ez zait gehiegi interesatzen horoskopoa. Gainera, ez du inoiz asmatzen!
KERMAN:Ezin liteke! Ezin liteke!

Azalpena:
Kontuz ibili "langilego", "ikaslego" edota "irakaslego" formekin. Jende multzoa ez, lanbidea adierazten dute eta. "Irakaslegoak ikerketa bat egin zuen" eta tankerakoak baztertu egingo ditugu. Horien ordez, hobe da "irakasleek ikerketa bat egin zuten" eta mota horretakoak esatea.

KERMAN:Tira, irakurriko dizut horoskopoa. Leo, ezta?
GIZONA:Ez. Taurus.
KERMAN:Baina, lehen esan didazu Leo zinela!
GIZONA:Baina, Taurus da nire andrearena eta hobe hori irakurtzen baldin badidazu.
KERMAN:Ene!
GIZONA:Dena den, gaur euria egingo duela esan didazu, ez?
KERMAN:Ezin liteke! Hemen dio astebururako haizea dakarrela! Gaur euria dela kostaldean eta Kanariar irletan bero dagoela! Konforme?
GIZONA:Bai. Ez zait inporta Kanariak irletan zer eguraldi egiten duen. Euria egiten baldin badu, etxean geratuko naiz telebista ikusten. Aizu, eta telebistako programazioak zer dio?
KERMAN:Orain telebista! Ea ba, gaur gauean...
GIZONA:Ez, ez, ez. Telebistan gaur egun ez da deus!
KERMAN:Ikusleek hautatzen dute, azken finean telebistan zer jartzen duten. Izan ere, Hustongo unibertsitateko irakasleek ikerketa bat egin dute, bertako ikasleak eredu hartuta eta...
GIZONA:Berdin da. Eguraldi beroa egiten baldin badu, kalean paseatzeko aprobetxatuko dut.
KERMAN:Kanariar irletan dago bero, hemen ez! Ene!
GIZONA:Zenbat kostatzen den gaur egun egunkaria doan eskuratzea!

Azalpena:
Gogaituta ikusi dugu gaur Kerman hainbeste galderarekin. Lehen zatian, eguraldi kontuak adierazteko, hainbat esamolderekin kontuz ibiltzeko ohartarazi zaituztegu. Hala, "euria ari du", "astebururako haizea dakar" edota "bero dago" esango dugu. "Euriak ari du", "Astebururako haizea dabil" eta "bero egiten ari da" txartzat emango ditugu.
Bestalde, "langilego", "irakaslego" edota "ikaslego" hitzak multzoak adierazteko desegokiak direla ikusi dugu. Hobe da  "irakasleek ikerketa bat egin dute" eta horrelakoak esatea. "Irakaslegoak ikerketa bat egin du" eta tankerakoak, hortaz, baztertu egingo ditugu.
Hauxe gaurko ikasgaia, lagunok. Zuek badakizue, ezta? Honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment