Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Kerman zigortuta

Nagusiak Kerman eta bere lagunak zigortu ditu.
Egiturak:
- Aditz-izenak elkartzen direnean aditza singularrean: Ez zaio gustatzen idaztea eta jende aurrean irakurtzea / *zaizkio.
- Ez gehitu a bat deklinabide-kasuari: *mendiarantz joan da / mendirantz joan da.

Transcription:[+] Transcription:[-]
IRATXE: Baina, baina zer egiten duzue guztiok hemen eserita?
KERMAN: Bulegotik bota egin gaituzte.
IRATXE: Nola? Lanetik bota zaituztela? Enpresa itxi dute?
KERMAN: Ez, ez, ez gaituzte lanetik bota, pasillora bidali gaituzte.
IRATXE: Pasillora? Ez dut tutik ere ulertzen.
KERMAN: Zigortu egin gaituzte, emakumea!
IRATXE: Zigortu? Nork?
KERMAN: Nagusiak. Nork bestela? Ez du ezer ulertzen horrek. Jendea zigortzeak eta pasillora bidaltzeak ez dute ezer konpontzen.
IRATXE: Nagusiak zigortu egin zaituztela? zergatik?
KERMAN: Ez zaizkio gustatzen jendeak hitz egitea eta ohartxoak pasatzen aritzea
IRATXE: Beraz, hitz egiten egon zarete, eta besterik gabe, pasillora bidali zaituzte?
KERMAN: Ez. Hasieran lekuz aldatu gaitu
NAIARA: Gaitu? Zu ez zara lekuz aldatu, zu nagusiaren kutuna zara eta. Josune eta biok aldatu gaitu.
KERMAN: Naiara, gure artean diskutitzeak eta errudunak bilatzeak ez dituzte gauzak konponduko.
IRATXE: Noski, erruduna zu zarenez...
JOSUNE: Aizu, Josune, baina, baina...

Azalpena:
Gogoan izan aditz-izenak juntatzen ditugunean,  singularrean jokatuko dugula aditza. Beraz, "Ez zaizkio gustatzen hitz egitea eta ohartxoak pasatzea" eta tankerakoak txartzat emango ditugu. Horren ordez, "Ez zaio gustatzen hitz egitea eta ohartxoak pasatzea" eta motakoak erabiliko ditugu.

IRATXE: Kerman, Johnson Consultingeko txostena behar dut.
KERMAN: Ba, ni ezin naiz bulegoara joan. Ordu biak arte, zigortuta gaude.
IRATXE: Ba txostena behar dut bai ala bai
KERMAN: Hartu zuk zeuk nire mahaiatik. Ni ezin naiz sartu.  
IRATXE: Sekulako saltsa daukazu mahai gainean. Batek daki non dagoen zorioneko txostena!
NAIARA: Horregatik beragatik zigortu du nagusiak Kerman. Horren narrasa izateagatik
JOSUNE: Gaur arratsaldean guztiok mahaiak garbitu beharko ditugu
KERMAN: Zuek biok isildu, zuek etxera bidali zaituzte eta nagusiak. Beraz, ez dakit zer arraio egiten duzuen hemen.
JOSUNE: Ba nik kaligrafia egin behar dut. Ehun aldiz idatzi behar dut "ez dut lanorduetan lankideak kritikatuko". Lerro pila falta zait oraindik.
KERMAN: Naiara berriz, leihoatik begira egoteagatik zigortu du nagusiak.
IRATXE: Besterik gabe?
KERMAN: Bilera garrantzitsu bat egon da goizean. Nagusia hizketan ari zen eta Naiara, kasurik egin gabe, mendiarantz begira
NAIARA: Horren polita zegoen! Gainera, kontua da nagusiak begitan hartu nauela.
IRATXE: Nik uste nuen hitz egiteagatik zigortuta zeundetela.
KERMAN: Hori hasieran izan da, lekua aldatu gaituenean.
JOSUNE: Zu ez zaitu lekuz aldatu. Gu aldatu gaitu.
NAIARA: Hori da Kerman!
IRATXE: Ezin liteke! Ezin liteke!

Azalpena:
Gogoan izan hainbat deklinabide kasu ez daramatela a itsatsirik singularrean. Beraz, "zure mahaiatik hartu ditut txostenak" edota, "Naiara mendiarantz begira zegoen" okerrak dira euskaraz. Horien lekuan, zure mahaitik hartu ditut txostenak" eta, "Naiara mendirantz begira zegoen" esango dugu.

IRATXE: Kerman!
KERMAN: Zer?
IRATXE: Noiz bueltatuko zarete bulegora? Lan pila bat dago egin gabe eta nik ezin dut dena egin.
KERMAN: Lasai, Iratxe. Presaka ibiltzeak eta garrasika egiteak ez du ezer konponduko. Egin gabe dagoen lan hori hurrengo astean egingo dugu errekuperazio orduetan.
IRATXE: Errekuperazio orduetan? Ene! Ba, gaur etxera joan aurretik egin itzazu dei pare bat, premiazkoak dira eta.
KERMAN: Ez, ez, ez. Ni gaur bulegotik etxera joango naiz zuzenean. Neka-neka eginda nago.
NAIARA: Etxera joango zara? Ba, ea zer esaten dizun amak.
KERMAN: Zer esango dit, ba?
JOSUNE: Ziur nago nagusiak deitu diola kaleratuta zaudela esateko.
KERMAN: Ez da izango! Postrerik gabe zigortuko nau amak gaur!
IRATXE: Baina, baina, erotuta zaudete denak,  ala?
KERMAN: Iratxe, inori ez zaio gustatzen zigortuta egotea eta postrerik gabe geratzea.
NAIARA: Ai ama! Telefonoa barruan ahaztu dut nik
JOSUNE:     Ba, bidali iezaiozu ohartxo bat Monikari
NAIARA: Ideia ona.
IRATXE: Ohartxoak gora eta ohartxoak behera hasten bazarete, nagusiak zigortu egingo zaituzte berriro.
KERMAN: Nagusiak zigortu? Baina, baina, zer uste duzu, Iratxe? Eskolan gaudela, ala?

Azalpena:
Nagusiak Kerman eta lankideak zigortu ditu gaurko saioan. Lehen zatian esan dizuegu aditz-izenak juntatzen ditugunean, aditza singularrean jokatuko dugula. Hortaz, " ez zaio gustatzen zigortuta egotea eta postrerik gabe geratzea" da forma egokia. " Ez zaizkio gustatzen zigortuta egotea eta postrerik gabe geratzea" eta tankerakoak baztertu egingo ditugu.

Bestalde, hainbat deklinabide-kasu singularrean ez dutela -a itsatsirik hartzen gogorarazi dizuegu. Hala, "mahaiAtik hartu ditut txostenak" edota, "Naiara mendiArantz begira zegoen" okerrak dira. Horien ordez, "mahaitik hartu ditut txostenak" eta, "Naiara mendirantz begira zegoen" esango dugu.

Hauxe gaurko saioa, lagunok. Zuek badakizue, ezta? Honekin edo harekin, baina egin!

 
 

Comments
Login for comment