Docutec Card

Eskizofrenia

Urriaren 10ean Gaixotasun Mentalen Munduko Eguna ospatzen da. Gai horren harira, doan ondoko artikulu hau. Osasunaren Munduko Erakundeak (OMEk) egindako kalkuluen arabera, 400 milioitik gora dira mundu osoan zehar ondorio psikologiko, sozial eta ekonomiko larriak dituzten gaixotasun mentalen batek jotako pertsonak, eta 2011. urterako trastorno horiek bigarren ezintasun-arrazoia izango direla pentsatzen da. Eta ondorio psikosozialik larrienak dituzten gaitzen artean eskizofrenia nabarmendu behar da.

Zer da eskizofrenia?(1)
Mundu osoan milioika pertsona erasaten dituen trastorno mentala da eskizofrenia. Horrela, 100 pertsonatatik bat eskizofreniak jota dagoela kalkulatzen da (gure herrialdean, beraz, 35.000 inguru izango lirateke, oso kontuan hartzeko moduko zifra). Eta ia guztiak diagnostikatuak dauden arren (% 85), gaixoen erdiak-edo bakarrik hartzen du tratamendu egokia.

Eskizofrenia garuneko gaixotasun konplexua da. Garuneko zirkuituen funtzionamendua aldrebestu egiten da pertsona hauetan, eta neurotransmisoreen desoreka bat sortzen da. Oker edo akats horren ondorioz, pentsamendua, emozioak eta portaera gobernatzen dituzten funtzioetako batzuk erasanak gertatzen dira. Gaitz honetan inplikatua dagoen neurotransmisore garrantzitsuenetako bat dopamina da, eta horregatik gaixotasuna tratatzeko erabiltzen diren botika batzuk dopaminaren gain jarduten saiatzen dira. Dopaminaz gain, badira beste neurotransmisore batzuk ere —serotonina eta glutamatoa, esaterako—, gaitz honetan aldrebesten direnak.

Duela hamarkada gutxi batzuk, gizarteak uste zuen eskizofrenia, gaixotasun aski arrunta izanik ere, ikaragarri suntsitzailea zela, sendaezina ia, eta ezer gutxi egin zitekeela bere kontra. Gaur egun, ordea, egoera aldatzen ari da, gaixotasunari aurre egiteko baliabide askoz ere gehiago dauzkagulako, eta bere azken oinarriak oraindik ere oso argi ez dauden arren, gaitzaren jatorria eta baita nola tratatu behar den ere gero eta hobeto ezagutzen ditugu. Hala ere, eta horixe azpimarratzen dute behin eta berriz gaixoen nahiz horien familiartekoek, gaitzak badu halako estigma edo izen txar bat bere inguruan. Eta horrek ulertezintasuna edo susmo txarrak eragiten ditu gizartearen baitan, gaixo horiek baztertzeraino, tratamendu egokiarekin bizi-kalitate duina lortzea eta gainerakoekin batera bizitzea posible dela ahaztuz (edo ezikusiarena eginez).

Arrazoiak: zergatik agertzen da?
Azken finean, pertsonak pentsatzeko, beren emozioak kontrolatzeko, erabakiak hartzeko eta gainerakoekin erlazionatzeko duten gaitasuna hondatzen duen garuneko nahaste bati buruz ari gara. Gaixotasun kronikoa, konplexua, oraindik ere jatorri argirik gabekoa, eta epilepsia, diabetesa edo eboluzio luzeko beste hainbat gaitz bezala, paziente guztiei maila berean erasaten ez diena.

Lau kasutatik hirutan, aurreneko sintomak 16-25 urte artean detektatzen dira. Berdin erasaten die gizonezko nahiz emakumeei, eta edozein herrialde edo kulturatan edonolako estatus sozioekonomikoa dutenei, baina emakumeetan apur bat beranduago hasten denez, eboluzioa ere hobea da gizonezkoetan baino. Gaur egun adituen artean nagusi den teoriaren arabera, alterazio bat gertatuko litzateke nerbio-sistema zentralaren garapenean, jaio aurreko periodotik jada.

Horrela, gaixotasun hau jasateko arriskua gehitu dezaketen faktoreen artean, aurrejoera genetikoa nabarmentzen da. Izan ere, eskizofrenia usuagoa da paziente eskizofrenikoen familiartekoen artean. Eta hala ere, baita genetikoki identikoak diren bikiak hartuta ere, litekeena da batek gaitza edukitzea eta besteak ez. Genetikak, beraz, gaixotasunaren garapena erraztu edo bultzatzen duen faktore gisa pisu handia duen arren, ez da beti faktore determinatzaile bakarra.

Horrez gain, fetuaren garapen nerbiosoan gerta daitezkeen hainbat alteraziok (jaio aurreko infekzioek, adibidez), edo jaiotza bitartean nahiz erditze ostean izandako arazoek gaixotasuna izateko arriskua gehitu dezakete. Eta badira gaixotasunaren eboluzioaren gain modulatzaile gisa joka dezaketen eta gaitza abiaraztea edo berriro agertzea ekar dezaketen faktoreak ere; ingurumeneko faktore estresatzaile edo bizi-gertaera horiek oso garrantzitsuak dira aurrez gaixotasuna izateko joera duen pertsona bati aplikatzen zaizkionean.

Alkohola, kanabisa, eratorri anfetaminikoak (estasia, adibidez) edo kokaina bezalako substantzia toxikoak kontsumitzeak gaixotasunaren eboluzioa okerragoa izatea ekarriko du, eta berreritze gehiago agertzea.

Azkenik, adituek diotenez, medikazioa ez betetzea ere sarritan izaten da berreritzeen arrazoia. Puntu honen inguruan egindako ikerketen arabera, pazienteen % 25ak aurreneko astean uzten du bertan behera tratamendua, eta % 50ak aurreneko urtean. Zerk ekartzen du tratamendua uztea? Gaixoek bere gaitzari buruz duten kontzientziazio eskasak, batetik, eta baita tratamendu luzeak sortzen duen neke edo asperdurak, albo-ondorioak agertzeak edo botika horiek duten ospe txarrak ere.

Zeintzuk dira sintomak?

Eskizofrenia-kasuetan agertzen diren sintomen arazo nagusia zera da, gehientsuenak subjektiboak direla, hau da pazienteak aipatu behar dituela horiei erreparatzeko, ez baitago modu objektibo eta inpartzialean sintomak egiaztatzeko modurik. Horregatik, zenbait kasutan, profesionalen eskarmentuari eta senide nahiz adiskideen baldintzarik gabeko laguntzari esker soilik definitu edo diagnostikatu daiteke gaixotasuna.

Orokorrean, eta adituen ustez, bi eratakoak dira sintomak eskizofrenian: positiboak, batetik, eta negatiboak, bestetik, eta gaitzaren uneak eta larritasunak baldintzatzen dituzte sintomen mota eta maiztasuna. Positibo edo negatibo izateak ez dauka zerikusirik sintoma horiek onak edo txarrak izatearekin.

Sintoma positiboak lirateke pertsona "osasuntsuek" esperimentatzen ez dituzten zeinu patologikoak, hala nola haluzinazioak eta delirioak, pentsamendu koherente bat antolatzeko ezintasuna (sarritan mintzaira inolako loturarik eta zentzurik gabekoa bilakatzeraino) eta baita portaeraren alterazioak ere, bitxiak eta erratikoak izateraino.

Eta sintoma negatiboak izango lirateke pazienteak bere gaitza dela medio egiteari uzten dion jokabide edo portaera "normalak": zenbait kasutan sentimendurik ez esperimentatzea, gauza erraz eta zehatz bat egiteko borondaterik ez erakustea, pentsamendu jori eta koherenterik ez edukitzea, normalean egitea gustatzen zitzaion gauzekin disfrutatzeko gaitasuna galtzea, edo bakartze soziala (harreman sozialekiko interes falta, bakarkako jardueretara lerratuz).

Sintoma horiek ez dute zertan batera azaldu eskizofreniak jotako pertsona guztietan, eta ez dira intentsitate berdinean agertzen batzuetan edo besteetan. Baina argi dagoena da sintoma horiek azaltzeak eten egiten duela bat-batean pazientearen bizimodua eta ezinezkoa egiten diola ordura arteko moduko bizitzarekin jarraitzea, tratamenduak gaixotasunaren fase akutua baretu eta nolabait normaltzen duen arte. Bestetik, sintomek ez dute esanahi gauza bera gaitzaren eboluzioan zehar, adierazgarriagoak baitira hasieran edo gaitza berriro okerragotzen den faseetan.

Denborak aurrera egin ahala, ohizkoa da gaixotasunaren sintomak moteltzea eta ia desagertzea; kasu horretan, pazientea gaitzaren "sekuela" edo ondorioekin geratuko da: pasibotasun-egoera, pentsamendu-baldartasuna, norbere buruaren zainketak bertan behera uztea, edo beste pertsonekiko sentimendu hotzak. Baina deliriorik edo haluzinaziorik eduki gabe. Pazientea gaixotasunaren hondar-fasean dagoela esaten da.

Diagnostikoaren oinarriak
Gaur egun eskizofreniaren diagnostikoa pazientearen historia klinikoaren eta senitarteko eta adiskideek emandako informazioaren bidez egiten da. Beste gaixotasun batzuetan bezala, irizpide kliniko batzuen arabera diagnostikatzen da, analisiak eta neuroirudiko teknikak erabiliz beste gaitz batzuk baztertu ondoren.

Ez dago eskizofrenia diagnostikatzeko balio duen proba espezifikorik, ezta emaitza positiboak baieztatu edo negatiboak baztertzen dituenik ere. Dena den, badira esplorazio eta azterketa batzuk, gaixotasunaren susmoa edukiz gero, diagnostikoa eta pronostikoa egiten lagungarri izango direnak.

Bestetik, diagnostikoari baliagarritasun eta fidagarritasun gehiago emateko, OMEk adostutako GNS-10eko irizpideak erabil daitezke. Ikusi da gaixo hauek errendimendu eskasagoa izaten dutela zenbait proba neuropsikologikotan, batez ere arretaoroimena eta planifikatzeko gaitasuna eskatzen dutenetan.

Adituek azpimarratu duten bezala, diagnostiko klinikoa objektibatzeko eta tratamenduarekiko erantzuna aurreikusteko modua emango luketen markatzaile biologikoak identifikatzea da egungo psikiatriaren erronka. Horretan laguntza handia eman dezakete irudi bidezko diagnostikorako sistema berriek.

Tratamendu farmakologikoa eta psikologikoa
Lehen gertakari psikotikoa azaltzen denean, gaixoa ospitaleratzea beharrezkoa izan daiteke, eta ezartzen zaion tratamendua denbora luzean jarraitu beharko du. Behin gertakaria arindu edo gutxitu denean, gaixoak lan-munduan, gizartean eta familian ondo egokitzea lor dezake.

Denborarekin, ordea, berreritzeak ager daitezke, edo gerta daiteke baita sintomak erabat ez desagertzea ere. Baina epe luzera, sintoma positiboak ez dira negatiboak bezain nabarmenak izango. Dena den, familiaren eta talde medikoaren laguntzarekin, gaixoak bere gaixotasunaz kontziente izan eta tratamendua ondo kontrolatzen badu, berreritze horiek, gertatuz gero, arinagoak izatea eta kopuruz gutxiago izatea lortuko da. Horregatik, aurreneko gertakariaren osteko eboluzioa oso aldakorra da.

Eskizofreniaren tratamenduan neurri farmakologikoak eta psikologikoak sartzen dira, eta baita gizarte-baliabideak ere, eta horiek guztiak elkarrekin konbinatuz lortuko da sintomak arintzea eta gaixoa bere eguneroko bizimoduko alor guztietan ahalik eta ongiena egokitzea.

  • Lehen fasean tratamendua farmakologikoa da batik bat, eta antipsikotikoak dira gehien erabiltzen diren botikak, asaldatutako neurotransmisore batzuen oreka berreskuratzen dutelako (dopaminaren ekintza inhibitzen dute, esaterako, substantzia horrek jarduten duen lekuan errezeptoreak blokeatuz).
  • Esku-hartze psikologikoak ere, baina, osagarri garrantzitsua dira: teknika kognitiboak eta jokabidekoak, trebetasun sozialetarako prestakuntza, familiaren psikoheziketa, etab.

Senideekin komunikazio ona egotea garrantzi handikoa da, gaixotasuna uler dezaten beharrezko informazioa eta heziketa helarazteko. Horrela gaixoaren premiak partekatu, eta berari laguntzeko modua izango dute familiartekoek. Pazienteari arrakastaz laguntzea lortzen duten familiak gaixotasuna onartzen dakitenak dira, bere ondorio guztiekin, pazientearentzat eta baita beraientzat ere bizi-itxaropen errealistak edukiz, baina gaixotasunari aurre egitea eta hura garaitzea posible dela jakinik.

Jabier Agirre, UZEI

¹ Artikulu honi buruzko ariketa-sekuentzia Osatuz webgunean egin zenezake, bilatzailean 501002 idatzita.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
May 16, 2011
Number: 500990
Number of visits: 4544