Docutec Card

Amelia Barquin: "Erabileran antzematen da hiztunaren mundua ikusteko modua"

Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Kultura arteko Hezkuntza irakaslea da. Baina, horrez gain, aspalditik ari da generoen berdintasunaren gaia lantzen. Euskararen Erabilera Ez Sexista monografikoaren egilea da, eta emakume eta gizonekin lotutako estereotipoak, eta beroriek hizkuntzaren erabileran duten eragina azaleratu ditu.

Noiz hasi zinen hizkuntzaren erabilera sexista aztertzen?

Feminista naizen aldetik, beti interesatu izan zait gaia, beti aztertu dut nire inguruko errealitatea, beti izan naiz zorrotza ikusi eta entzun ditudan gauzekin. Gaztetan, ikusten nuen haurrekin hitz egiteko garaian oso modu ezberdinean jokatzen genuela haur hauek neskak edo mutilak zirenean. Gaztelaniaz askotan agertzen zen generiko maskulinoaren gaia. Euskaraz desberdina zen; esaten zen euskaraz ez zegoela erabilera sexistarik, baina apur bat sakonduz gero, ikusten da ez dela horrela. Batez ere horrek erakarri ninduen. Duela 15 urte gaia sakonago jorratzen hasi nintzen. Geroago, aukera izan nuen EHUko Berdintasunerako Masterrean parte hartzeko, eta han hizkuntzaren erabilerari buruzko modulu bat eman nuen.

Esan al dezakegu hizkuntza bat ez dela berez sexista?

Bai, kontu honen inguruko ikuspegia aldatu egin da. Lehen esaten zen hizkuntza batzuk besteak baino sexistagoak zirela, eta ranking moduko bat egin zen: gaztelania oso sexista zen eta euskara, berriz, apenas. Gerora ikusi da ez dela egokia hizkuntzei buruz honela hitz egitea. Erabilera da gakoa: erabiltzaileak aukeratzen du, hizkuntzak berak ez du ezertara behartzen.

Euskaldunok elebidunak izateak eragina al du erabilera sexistan?

Bai. Burmuin bakarra dugu eta dakizkigun hizkuntzak interakzioan daude. Hizkuntza batean honela jokatzen duenak beste hizkuntzan ere berdin egingo du. Erabileran antzeman daiteke hiztunaren pentsatzeko eta mundua, emakumeak barne, ikusteko modua. Arazo nagusia eduki semantikoan dago. Emakunderentzat idatzi nuen monografian hainbat adibide jarri nituen: adibidez, boleibol partidu batean jokalariak neskak badira, "Gorputz ederrak hondartzan" argazki-oina ikusi izan dut artikuluetan. Horrek ez dauka hizkuntzarekin zerikusirik, hori idatzi duen pertsonaren ikuspegiarekin baizik. Eta hori etengabe gertatzen da. Joera zehatz batzuk indartzen ari gara. Hori gure errealitatearen alderdi bat da eta ez gara horretaz ohartzen.

Zein izan zen lehena, arrautza ala oiloa?; hau da, hizkuntzaren erabilera aldatuta mugituko dugu gizartea aldaketa baterantz, ala gizartea aldatu arte ez da hizkuntzaren erabilera egokituko?

Nik uste dut elkarrekin doazela biak. Nola hitz egiten dugun aztertu eta horrek zer ikuspegi duen atzean ikusita, saia gaitezke geurea birdiseinatzen. Baina erabilera aldatzea zaila da, bestea aldatzen ez bada. Garrantzitsuena da konturatzea zein mezu ematen dugun uneoro, haurrei zer esaten diegun, gure artean... Horrek gure erabilera fintzen lagun dezake. Uste dut, poliki-poliki, ari garela ikasten.

"Euskararen erabilera ez sexista" gida eskuragarri al dago oraindik?

Bai, Emakunderen webgunean doan deskargatzeko aukera dago. Nire asmoa ez zen oso arauemailea izatea. Hausnartzeko parada eskaini nahi nuen, batez ere.

Behin komunikabide batean irakurri nizun gaur egungo hiztegietan mujer hitzaren esanahi gisa prostituta agertzen dela askotan. Gehiegizkoa iruditu zitzaidan, baina egiaztatu ahal izan dut.

Ni ere harrituta gelditu nintzen. Hiztegilariek beren burua defendatzen dute esanez gizarteak hala ulertzen duela, baina ez da bidezkoa. Baina, ez al dituzte hiztegiak berrikusten? Era berean, hiztegietan alu hitzak oso esanahi negatiboak dauzka, zakil hitzak ez dauzkanak. Gauza horiek oso larriak dira, haurrek eskolan tresna horiek erabiltzen dituztelako.

Euskararen erabilera asimetrikoa aldatzen hasi al da?

Kontzientzia pizten hasi dela uste dut. Adibidez, nire 9 urteko alaba Araban bagare kantua ikasten ari da eta bera konturatu da une batean denok anaiak gara esaten duela, neba-arrebak esan beharrean. Adibide asko daude, adibidez, Mikel Laboaren Izarren hautsa: gizonen lana, gizonak badu... gizakia esan nahi du. Hasi gara horretaz ohartzen.

Hortaz, adibidez, kantu sexista al da Agur Jaunak?

Desegokia da. Bilduta dauden pertsonak agurtu eta adeitasuna erakusteko modua bada, ez da egokia. Garai batean halako ekitaldietan gizonak bakarrik biltzen ziren, baina, zorionez, bada denbora emakume asko ere egon badaudela halako ekitaldietan.

Sexuen estereotipoan al dago arazoa?

Bai. Irudi horiek oso hedatuta daude: gizona da indartsua, publikoan agertzen dena, ekimenarekin lotua; eta emakumea, berriz, pasiboa da, itxurarekin lotuta dago, goxoa, liluragarria... Adjektiboak eta ezaugarriak hala banatuta dauzkagu.

Kazetari batzuek emakumeen abizen eta karguei ez diete gizonenei besteko garrantzirik ematen...

Bai. Donostiako Miramar Jauregian ospe handiko jardunaldi baten irekiera-ekitaldian izan nintzen. Aurkezleak, emakume batek, alkatea izen eta abizenarekin eta jauna aipatuta aurkeztu zuen; horren ostean, mahaian zeuden hiru emakume aurkeztu zituen, izena aipatuta bakarrik, ez abizenik eta ezta kargurik ere. Gainera, kargu garrantzitsuak dituzten emakumeak ziren. Seguruenik, lagunak ziren, baina, edonola ere, oso jarrera desegokia da. Emakumeak maitasunez har daitezke, baina ez esparru publikoan.

Gaur egungo eskoletan ez al dago andereñorik?

Andereño hitzak bi adiera dauzka: bata da emakume ezkongabea, eta gaur egun informazio hori lekuz kanpo dago. Garai batean, emakumeak horren arabera sailkatzen ziren, baina gaur egun ez. Hortaz, andereño hitzaren adiera hori desagerrarazi egin beharko genuke. Maistra hitzaren sinonimo moduan, berriz, erabil daiteke. Nahiz eta molde hori maistrak emakume ezkongabeak ziren garaitik datorrela jakin.

Euskarazko komunikabideetan ematen al da hizkuntzaren erabilera sexista?

Ez. Gehiago ikusten da eguneroko bizitzan eta telebistan. Adibidez, Shin Chan marrazki bizidunak, zentzu horretan, penagarriak dira, edo beste marrazki bizidun askotan nola egiten duten hika; beti maskulinoa da, agertzen diren pertsonaia gehienak hala direlako eta hori da txikiek ikasten dutena.

Mutil zein neskek izen bera edukitzeko aukera aldarrikatu duzu.

Bai. Askok ezinbestekoa ikusten dute argi izatea nor den nor, neska ala mutila den. Zergatik? Nik uste dut aurrerapauso bat eman behar dela, sexu-aukeraketan ere aldaketa handiak ematen ari gara. Etengabe eskatzen zaigu sailkatzeko, emakumea ala gizona den esateko. Baina, zertarako? Hori pertsona batzuen ikuspegia da. Nik ez dut behar hori sentitzen. Sua, Itsaso, Iraultza, Ibai... Zergatik emakume- ala gizon-izenak? Nork esaten du hori, tradizioak? Tradizioa ere aldakorra izan daiteke.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment