Docutec Card

Berlingo Harresia erori zenekoa

2019ko azaroaren 9an bete dira 30 urte Berlingo Harresia bota zutenetik.

1945ean, Bigarren Mundu Gerra amaitzear, aliatuek hainbat neurri hartu zuten Alemaniaz: Aliatuen Kontrol-agintea sortzea, Alemania eta Berlin nola banatu aliatuei gerraostean…  Gerra amaituta, estatubatuarrek, britainiarrek eta frantziarrek Alemania mendebaldeko zati bana hartu zuten. Mugatik 160 kilometrora Berlin zegoen, sobietarrei egokitutako Alemania ekialde bete-betean: Berlinen ere Alemaniako zatiketa bera egin zuten; ekialdea sobietarra, mendebal-zati bana beste hiru aliatuentzat.

Gerraostean sobietarrek sozialismoa ezarri nahi izan zuten Europako ahalik eta eremurik zabalenean; kapitalismoa, berriz, beste hiru aliatuek. 1948an, mendebaldeko aliatuek, batez ere estatubatuarrek eta britainiarrek moneta-politika berri bat hasi zuten, sobietarrak ez zeuden ados eta blokeoa ezarri zioten Berlin mendebaldeari. Aliatu anglo-saxoiek, ordea, hegazkinez hornitu zuten Berlin mendebaldea. Hor hasi zen Gerra Hotza, sozialismoaren eta kapitalismoaren arteko talka. 1949an Alemaniako Errepublika Federala (AEF) eta Ekialdeko Alemania Demokratikoa (AED) estatuak sortu ziren. Baina jendea ihes egiten ari zen ekialdetik mendebaldera. Zerbait egin behar zen, Berlinen gutxienez, ihesaldi hori eteteko: hesi bat, barrikada bat, harresi bat…     

Mendebaldeko Berlin, 1962an.

•    Harresia AEDek eraiki zuen bere lurretan, sobietarren laguntzarekin. 1961eko abuztuaren 12an izan zen, gau bakar batean, eta aurretik abisatu gabe. Gerra Hotzaren ikur garrantzitsuenetako bat bihurtu zen Berlin mendebaldea (2 milioi lagun) inguratu zuen harresia.
•    Harresia ez zen soilik bi Berlinen arteko muga, bi blokeen artekoa ere bai. Baina  aliatuak ez zeuden prest Harresiaren aitzakian Hirugarren Mundu Gerra pizteko.   
•    Harresi-egileek “faxisten aurkako babes-harresia” deitu zioten 155 kilometroko harresiari. Zein ziren faxistak? Eraiki zutenek uste zuten kapitalismoa konplot bat gauzatzen ari zela ekialdeko herritarren kontra, AEDn sozialismoa zapuzteko. Konplot horri egozten zioten hainbeste jendek ihes egitea mendebaldera. Konplotari men egiten ziotenak ere faxistak ziren, AED eta sobietarren ustez.    
•    Berlin mendebaldean beste izen bat zuen harresiak: harresi lotsagarria. Willy Brandt alkateak esan zuen Harresia ez zela aduana bat, baizik kontzentrazio-esparru bateko hesia.   
•    Hasieran bi alanbre-hesi ziren, gero hormigoizko bi harresi erantsi ziren. 302 dorre ere eraiki zituzten jendea zelatatzeko. 11.500 soldadu zeuden zelatatze-lanetan hasieran, eta txakurrak, tankeen aurkako tranpak, lur-azpiko tunel blokeatuak…

Jende asko hil zen harresia zeharkatu nahian.

•    Harresia zeharkatzen hil zen lehena, 1961eko abuztuan hil zen. Ihes egin zuen lehena ere bai: muga zaintzen zuen polizia bat. Harresia zaintzen zuten soldaduetatik 1.300ek ihes egin zuten Berlin mendebaldera 1961-1963 tartean. 
•    Ez dago adostasunik hildakoen kopuruaz. Berlingo Fiskaltzaren arabera, 270 lagun hil ziren harresia zeharkatu nahirik, azkena harresia bota baino hilabete gutxi lehenago.   
•    1962ko Urtezahar egunean mendebaldeko 100.000 berlindarri baimena eman zieten Berlin ekialdeko senideak bisitatzeko: ez zen horrelako baimen gehiago izan.    
•    Ihesaldiak eteteko, harresia berritu egin zuten: garaiago egin, lodiago, burdinazko arantza-hesiak gehitu, lur-azpiko tunelak itxi, harresi aldameneko etxeak dinamitatu…  
•    Era eta tramankulu asko erabili ziren harresia zeharkatzeko: berariaz sortutako tuneletatik oinez, trenez, autoz, globoz, akrobazia eginez argindarrik gabeko argindar-kablea erabiliz, etxeko leihotik zintzilikatuz, izarak erabilita… 40.000 lagun pasatxok lortu zuten harresia zeharkatzea, beren bizitza arriskuan jarriz senideak, lagunak, bikotekideak… ikusteko.

Ekialdeko Berlingo ikasleak harresiaren gainean, 1989an.

•    Frederick Taylor ekonomialariak Berlingo Harresiari buruzko liburuan dio Berlin mendebalde inguratuan, anbizioa zuen gazte-jendeak ez zuela bertan bizi nahi, jaiotza-tasak izugarri egin zuela behera, eta ia 80ko hamarkada arte, urtero milaka lagun gehiago zirela Berlingo mendebaldetik joaten zirenak bertara heltzen zirenak baino. Mendebaldeko emakumeak beldur ziren ama izatean lana galtzeko. Berlin ekialdean ez zuten horregatik lana galtzen.   
•    1971. urtean lau aliatuak berriro bildu ziren Berlin mendebaldeko egoera lasaitzeko, AEF eta Berlin mendebaldeko harreman komertzialak hobetzeko, eta Berlingo Harresia zeharkatzea ere errazago izateko. Handik gutxira, Berlingo ekialdeko herritarrei baimena eman zitzaien, Pazkoan Berlin mendebaldeko senideak bisitatzeko. Baina hori ez zen nahikoa: ekialdeko milaka alemanek asilo politikoa eskatzen zuten AEFk Hungarian eta Austrian zituen enbaxadetan.      

Berlindar ugari hurbildu ziren harresiaren ingurura, gertaera historikoa bertatik ikusteko.

•    Harresiaren azken eguna 1989ko azaroaren 9a izan zen. AEDko politikari batek, telebistan nazioartera zuzenean ematen ari ziren prentsaurreko batean esan zuen  AEDko herritarrak joan ahalko zirela atzerrira muga zeharkatuz. Kazetari batek galdetu zion neurria noiz jarriko zen indarrean: “aurki” erantzun zuen. Gau horretan bertan harresiko Bornholmer strasse pasabidea ireki zieten berlindarrei. 
•    Hurrengo urtean alemaniar askok etxera eraman zuten harresi-zati bat. “Harresiko okilak” deitzen zieten eramaileei. New Yorken ere badira, oparituta edo erosita, hainbat harresi-zati: 5 guztira. 
•    Egun harresi-zati handi bat bada margolarien ehunka marrazki eta muralez osatua (East Side Gallery). Eskultura bat ere badago lehen iheslariaren omenez, gurutzeak hildakoen omenez, museo bat harresiaren historia azaltzeko…
•     AEF eta AED 1990ean bihurtu ziren herrialde bakar, lurraldeari dagokionez. Bizimoduari dagokionez, aldiz, hori beste gai bat da. 
 

Interesatzen zaizu

  • Berlin zaharberritzen ari den hiria

    Berlin zaharberritzen ari den hiria

    Hegazkinez Berlinera iristen zarenean, hiria lekuz eta basoz inguratuta azaltzen zaizu. Auzo bakoitzak bere basoa, lorategia edo parke zabala du. Hiri barruko kaleetan zehar ibiltzean sentsazio hori berehala baieztatzen duzu. Tiergarten berdegunea, Friedrichsfelde, Babelsberg eta Viktoria parkeak, lasai paseatzeko toki paregabeak dira. Berlin hiri laua da, ez da Paris edo Venezia bezain erromantikoa, baina baditu bere ibaiak itsasontzian ibiltzeko, esate baterako, Spree eta Havel.

    Berlin zaharberritzen ari den hiria
 
 

Comments
Login for comment

B2
Nov 8, 2019
Number: 49529058
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 564