Docutec Card

Kerman mintzalagun bila: Ordu txikitan

Parrandaren ondoren etxera joateko ordua da, baina Kermanek ez du alde egin nahi, ea Aitziber ikusten duen.
Egiturak:
- Kontakizunetan erabiltzeko moldeak.
- *Hombre gaindituko dudala / *noski badakidala bezalakoak erabili beharrean, esan gaindituko ez dut! / badakit, noski!

Transcription:[+] Transcription:[-]

 BEÑAT: Kerman, joango gara??? Berandu da… Nik bihar lan egin beharra daukat 

KERMAN: Beñat… Goiz da oraindik… Eta ederki ari gara pasatzen… 
BEÑAT: Goiz bai. Goizeko hirurak dira... Eta, ederki Kerman, zeu ariko zara pasatzen... Zeren, neu asper-asper eginda nago... 
KERMAN: Aspertuta? Esan besterik ez zenuen! Beste txiste bat kontatuko dizut... Bai... Senar-emazteak zilarrezko ezteiak ospatzen... Eta doa emakumea eta esaten dio gizonari... 
BEÑAT: Kerman, mesedez... Goazen etxera... 
KERMAN: Entzun, Beñat! Eta esaten dio emakumeak gizonari... Joxe... 25 urte ezkonduta, eta sekula ez didazu ezer erosi... 
BEÑAT: Kerman... Bukatu azkar, ospa egin behar dut eta! 
KERMAN: Eta begira nondik erantzuten dion gizonak emazteari... Ez dizudala ezer erosi? Normala! Inoiz ez baitidazu esan saltzailea zinenik!!! Kar, kar... Zer iruditzen, Beñat?
BEÑAT: Zer irudituko zait ba! Asper-asper eginda nagoela eta etxera joan nahi dut, horixe!!! 
KERMAN: Azkena, Beñat, azkena... Eta hau ona izango da, benetan... 
BEÑAT: Azkena? Benga, Kerman, goazen etxera!!!

AZALPENAK:
«Doa emakumea eta esaten dio gizonari» eta «begira nondik erantzuten dion gizonak emazteari » esaldiak ez dira oso dotoreak. Horien tokian, «eta esaten dio emakumeak gizonari» edota «eta hara non erantzuten dion gizonak emazteari...» esan dezakegu.

BEÑAT: Kerman… Berandu da oso … Zergatik ez duzu etxera joan nahi? 
KERMAN: Beñat, lehen esan duzu Aitziberrek deitu dizula. Eta esan duzu esan dizula tabernara etorri behar zuela...
BEÑAT: Kerman, esan du AGIAN etorriko zela… AGIAN. Besterik ez! Ulertzen duzu? 
KERMAN: Hombre ulertzen dudala! Baina pixka bat gehiago itxaroteagatik ez zaigu ezer gertatuko …
BEÑAT: Baina, zuk garbi hitz egin duzu Aitziberrekin? Esan diozu benetan maite duzula? 
KERMAN: Noski esan diodala! 
BEÑAT: Beraz: zuk aitortu diozu maite duzula, eta Aitziberrek ez dizu erantzunik eman... Ba, nire ustez, argi dago... Ez du ezer nahi... Baina ez dizu minik eman nahi... Baina iruditzen zait zuk ez duzula horren argi ikusten... 
KERMAN: Noski argi ikusten dudala! Baina ez ahaztu gure laguna dela... Eta tabernara etorriko dela esan badu... Itsusia da guk alde egitea... 
BEÑAT: Kerman... Martxa honetan, ez duzu kontu hau inoiz gaindituko... 
KERMAN: Gaindituko ez dut, ba! Gaindituta dago! Eta... Argi izan dezazun, beste txiste bat kontatuko dizut, BEÑAT!!! 
BEÑAT: Kerman, mesedez!!!
KERMAN: Tipo bat, medikuaren kontsultan… Eta hara non esaten dion... 

AZALPENAK:
«Noski gaindituko dudala!» edota «hombre ulertzen dudala!» esaldiak ez dira oso egokiak. Horien tokian, beste hainbat formula balia ditzakegu. Esate baterako: «gaindituko ez dut, ba!» edota «ulertzen dut. Bai, horixe!».

KERMAN: Beñat... Zuk hala nahi baduzu, oraintxe joango gara... 
BEÑAT: Ez dakit sinetsi ala ez... Azken bi orduetan tiraka aritu zara etengabe, azken tragoa, azken txistea... Ez zara batere hitzeko gizona, Kerman! 
KERMAN: Izango ez naiz!!! Oraintxe joango gara... Baina, aurretik, mesede txiki bat eskatu nahi dizut... 
BEÑAT: Mesede bat, orain? Egiteko modukoa izatea espero dut! 
KERMAN: Izango ez da ba!!! Beñat, zu Aitziberren lagun mina zara... 
BEÑAT: Et, et, et... Badakit zer esan behar didazun... Horiek zuen arteko kontuak dira... Ni ez sartu tartean... Gainera, ez dut arazorik nahi Aitziberrekin. Ulertzen didazu, ezta? 
KERMAN: Bai, noski. Ulertzen dut! Baina etsi-etsi eginda nago, Beñat... Mesedez... 
BEÑAT: Ezetz ba, Kerman! Gainera lehen esan didazu gaindituta daukazula. 
KERMAN: Ba, orduan, beste txiste bat kontatuko dizut... Eta txarra, gainera... 
BEÑAT: Beste txiste bat! Txarra! Eta orain artekoak zer izan dira ba? 
KERMAN: Tipo bat mozkor-mozkor eginda bulegoan... Eta esaten dio nagusiak: Aizu, ez dakizu debekatua dagoela mozkortuta lan egitea, ala? Eta hara non erantzuten dion mozkorrak nagusiari: Lasai, ez naiz lanean ari!!! Kar, kar... 
BEÑAT: Kerman, goazen etxera behingoz!

AZALPENAK:
Etxera joan nahi ezta ibili da gaur Kerman, txiste kontatzen. Ikusi dugunez, horrelakoetan, «Doa emakumea eta erantzuten dio gizonari...», «Eta begira nondik erantzuten dion...» eta tankera horretako esaldiak ez dira oso jatorrak. Horien tokian, «Eta erantzuten dio emakumeak gizonari...» edota «hara non erantzuten dion...» eta abar balia ditzakegu.
Bestalde, «hombre gaindituko dudala!» eta «noski badakidala» esaldiak ere saihestu egingo ditugu ahal dugula. Horien tokian, «Gaindituko ez dut!» edota «Badakigu, noski» esan dezakegu.
Horixe gaur ikusitakoa, lagunok. Zuek, betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment