Docutec Card

Botikak nola erabili

Zein da botika bat hartzeko modurik onena: urdaila beteta dugula edota baraurik?, urarekin bakarrik edo baita esnearekin edo zukuekin ere? Botikak eraginkorrak izan daitezen eta kontrako albo-ondoriorik eragin ez dezaten, komeni da arreta-neurri sinple batzuk kontuan hartzea.

Ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetara joaten diren hiru pazientetatik bat botikak gaizki erabiltzearen ondorioz joaten da bertara. Erabileran egindako akatsak eta automedikazioa izan ohi dira larrialdietarako bisita horien arrazoi nagusiak. Izan ere, gehiegizko dosiak, beste botika edo janari batzuekin konbinatzea, sendagaiaren aukera egokia, eta antzeko hanka-sartzeak oso arriskutsuak gerta baitaitezke pazientearentzat.

Nola hartu?
Medikuak agindu bezala hartu behar dira botikak, inolako aldaketarik egin gabe. Erabiltzeko edo hartzeko moduari buruzko zalantzarik edukiz gero, onena medikuari berari galdetzea litzateke, edo hori posible ez bada, botikariari. Horretaz gain, badira oro har aplikatu beharreko arau edo agindu batzuk ere.

OTORDUEN AURRETIK, BITARTEAN EDO ONDOREN?
Botika bat otordua bitartean hartu behar dela esaten badigu medikuak, horrek esan nahi du botika hori urdaila beteta daukagula hartu behar dela. Alegia, berdin dio otorduak irauten duen bitartean izatea, edo otordua amaitu eta berehala. Neurri honen helburua botikak urdailari kalterik ez egitea da.
Baina medikuak esaten badigu, aldiz, botika bat otorduetatik kanpo hartu behar dela, horrek esan nahi du jan baino ordubete lehenago edo, bestela, bi ordu geroago hartu behar dela. Hori zergatik? Janariek botika odolera pasatzea eragotzi ez dezaten, botikaren eragina ezabatuz edo gutxituz.

URAREKIN, ESNEAREKIN EDO ZUKUEKIN?
Pastillak, kapsulak, sobreak, pikorrak, etab. bezalako sendagaiak hartzeko orduan botikarekin batera erabiltzeko edaririk onena ura da, otorduetatik kanpo hartu behar diren farmakoen kasuan batez ere. Esneak antibiotiko batzuen (tetraziklinen edo kinolonen, esate baterako) eragina anulatu edo ezeztatu dezake, botika horiek gorputzean duten xurgapena gutxitu egiten duelako. Zenbait zukuk (pomeloarenak, adibidez) gehitu egin dezaketela botika batzuen toxikotasuna frogatu da.

ALKOHOLIK HARTU AL DAITEKE?
Neurri orokor bezala, medikazioren bat hartzen ari diren pertsonek tratamendua bitartean alkoholik ez hartzen saiatu beharko lukete, baita kopuru txikiak badira ere. Eta neurri hori bereziki da garrantzitsua nerbio-sistema zentralari eragiten dioten botiken kasuan (antsiolitikoak, antidepresiboak, kodeina duten analgesikoak eta antialergiko batzuk). Kasu horietan, alkoholak somnolentzia eta erreflexuen galera eragiten duenez, botikak eta alkohola nahastea oso arriskutsua izan daiteke zenbait lanbidetan edo gidatzerakoan. Alkoholak, bestalde, itobeharrakgoragaleakgorakoak eta buruko mina bezalako erreakzioak eragin ditzake antibiotiko edo antidiabetiko jakin batzuekin batera hartzen bada.

ZER GERTATZEN DA HARTUALDIREN BAT AHAZTUZ GERO?
Baldin eta denbora asko pasatu ez bada, hobe "ahaztutako" dosia hartzea. Baina hurrengo hartualdirako gutxi falta bada, hobe da ez hartzea. Inola ere egin behar ez dena da ahaztutako txanda konpentsatu nahian bi dosiak hurrengo hartualdian hartzea.

MURTXIKATU AL DAITEZKE, EDO XEHATU, EDO IREKI?
Medikuak horrelako oharren bat eman duenean bakarrik, edota botikaren prospektuan hori egitea adierazten denean soilik. Kontuz, hala ere: aurrez murtxikatu edo birrinduz gero, gure gorputzak berehala xurgatuko ditu-eta sendagaiak, eta hori beti ez da oso komenigarria izaten (zenbait kasutan kaltegarria izatera ere irits daiteke).

HARTU AL DAITEZKE BI BOTIKA ALDI BEREAN?
Lehendik medikazioren bat hartzen ari diren pertsonek horren berri eman behar diote medikuari, botika berriren bat errezetatu aurretik. Kontuan hartu beharra dago botika ugari daudela, beste farmako edo sendagairen batekin batera hartuz gero, arriskutsuak gerta daitezkeenak. Eta tratamendu bat hainbat botikaz osatzen den kasuetan, beti galdetu behar zaio medikuari ea botika horiek aldi berean har daitezkeen, edota, aitzitik, batzuen eta besteen hartualdiak txandakatu behar ote diren. Antiazidoak, adibidez, beste farmako bat hartu eta gutxienez ordubete geroago hartu behar dira.

ETA AUTOMEDIKAZIOA ZER?
Automedikazioa oso ohitura kaltegarria da, hainbat arrazoi direla medio. Ikusi dugun bezala, botika baten erabilera desegokia arriskutsua izan daiteke. Medikuak bakarrik agindu dezake errezeta baten beharra duen farmako bat (antibiotikoa, antsiolitikoa, analgesikoa edo beste edozein dela ere). Eta errezetarik behar ez duen botika baten kasuan, berriz, hobe botikariaren esku uztea behar dugun laguntza horren aukera.

Botikak erabiltzeko aholkuak
Beren albo-ondorio posibleak saihesteko, botikak modu egokian erabiltzea komeni da. Itxura batean hutsalak direla pentsa genezakeen xehetasunak ere (non gorde, esaterako) garrantzitsuak dira.

1. IRAKURRI JARRAIBIDEAK. Prospektuan aipatzen den kontraindikazioetako bat betetzen dela uste baduzu, ez hartu botika eta berriro kontsultatu zure medikuarekin.

2. NOLA GORDE. Behin botika bat hartu dugunean, enbasea ondo itxi eta berotik, hezetasunetik eta zuzeneko argitik babestutako leku batean gorde behar da. Bainu-gela ez da izaten, horrexegatik, etxeko lekurik egokiena, bertan bero eta hezetasun handia egoten dira-eta.

3. BEREN ENBASEAN. Ez da komeni botikak enbasez aldatzea, edo bere jatorrizko enbasetik ateratzea, gerta bailiteke gero identifikatzeko arazoak izatea, eta botika bat beste batekin nahastea, horrek ekar ditzakeen arrisku guztiekin. Botika bakoitzaren iraungitze-data ere jatorrizko enbasean adierazten da, bestelako zeinu edo sinbolo batzuekin batera.

4. SEGURTASUN-NEURRIAK. Botikak beti umeen eskueratik urrun gorde behar dira, altu samar dauden armairuetan, adibidez, edo giltzarekin itxitako lekuetan.

5. ZER EGIN BOTIKAREKIN TRATAMENDUAREN OSTEAN? Erabiltzen ez ditugun botikak etxean gordetzeak ez dauka zentzurik. Iraungitzeko arriskua daukate, edo okerragoa izan litekeena, beste botikaren batekin nahastekoa. Zakarretara ere ez genituzke bota behar, kutsatzaileak gertatzen direlako. Aukerarik onena botikara eramatea da, eta bertan jarrita dauden edukiontzi berezietara botatzea. Horietatik jaso eta ingurumenari kalterik egiten ez dion moduan suntsituak izango dira, edo zenbait kasutan berriro erabiliak ere bai.

6. DOSIAK NEURTU. Jarabe baten dosia neurtzerakoan, esaterako, onena enbasean bertan datorren dosifikagailua edo koilaratxoa erabiltzea da. Horrelakorik ez badakar, kontuan eduki kafe-koilara batek 5 ml-ren balioa duela, postreko batek, aldiz, 10 ml-koa eta zopako koilara batek, azkenik, 15 ml-ren ordaina.

ZER ESAN NAHI DUTE SINBOLO HAUEK?

Botiken enbaseetako aurrealdean, goi-eskuineko ertzean, zenbaki sail bat agertzen da (kode nazionala), eta sinbolo bat jarraian. Zein da horien esanahia?

KODE NAZIONALA:
a) Numerazioa 1, 2, 3 edo 5 zenbakiarekin hasten bada, eskuartean duguna parafarmaziako produktua da, dela kosmetikoa, dietetikoa, edo besteren bat.
b) 4 zenbakiarekin hasten bada, produktu sanitario bat da.
c) Botiken kasuan, saila 6, 7, 8 edo 9 zenbakiarekin hasten da, eta sei zenbakiz osatutako sail hori botiken nortasun-agiri modukoa da, botika hori erraz identifikatzeko modua ematen digulako.

SINBOLOAK:

 Hozkailuan gordetzeko
 Bost urte baino lehen iraungiko da
 Material erradioaktiboa
 Errezeta mediko arrunta
 Substantzia psikotropikoa (botikariaren jarraipen berezia eskatzen du)
Errezeta berezia (medikuaren eta botikariaren jarraipen berezia eskatzen du)

Ez badago inolako zirkulurik, botika hori errezetarik gabe eskura daiteke.

 

Jabier Agirre. UZEI

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment