Docutec Card

Kerman mintzalagun bila: Ikaskideak

Kerman unibertsitateko ikaskidearekin elkartu da eta aspaldiko kontuak gogoratzen ari dira.

Transcription:[+] Transcription:[-]

 KERMAN: Aupa, Aitziber!!!! 

AITZIBER:Aupa, Kerman!!!! 
KERMAN: Sorpresa ederra hartu dut deitu didazunean!!! Zeinen ondo!!! Joango gara leku politen batera bazkaltzera? Zer iruditzen? 
AITZIBER: Bazkaltzera? Ez, ez… Ez daukat astirik… Sekulako saltsan sartu naiz! Unibertsitateko ikaskideen afaria antolatzen ari naiz! 
KERMAN: Ikaskideen afaria!!! Aitziber, gu biok ikasgela berberakoak gara eta!!!! Nolatan ez nauzu gonbidatu?
AITZIBER:Kerman... Bururik galdu gabe...Hemen zaude, ba!!!
KERMAN: Egia. Barkatu, Aitziber... Kar, kar... 
AITZIBER: Zerrenda osatzen ari naiz. Begiratu ezazu ea norbait falta den. 
KERMAN: Nerea Azpitarte? Nor da neska hau? Gela beran ikasi genuen?
AITZIBER: Bai, ile hori-horia zuen... Aurrenengo filan esertzen zen. Ez al zara akordatzen? 
KERMAN: Egia! Nire herrikoa da eta bide beratik joaten ginen beti unibertsitatera... 
AITZIBER: Hara! Eta nolatan ez zinen ba berarekin akordatzen? 
KERMAN: Nolatan? Zu zinelako nire begikoena... 
AITZIBER: Kerman!!!!!

AZALPENAK:
Berean, beretik eta berekoak dira forma zuzenak. Bide beretik joaten ginen. Gela berean ikasi genuen. Ikasgela berberekoak ginen. Kontuz, horrenbestez, bera deklinatzeko garaian; «bide beratik», «gela beran» eta «ikasgela berberakoak» ez baitira egokiak.

KERMAN: Bai, Mikel Pablo, ikaskideen afaria!!!! Ostiralean, bai!!! Noski, Gontzal Mari ere etorriko da…Ez, ez… Tatiana ez da etorriko… Ikaskideak baino ez gara joango. Bai, bai... Ikasle garaiko kontuak kontatu eta… Ai! Mikel Pablo, utzi egin behar zaitut... Bai... Aitziberri laguntzen jarraitu behar dut... Oraingoz, zerrenda baino ez dugu egin... Jatetxea aukeratu behar dugu, eta non geratu erabaki... Bai, Koipetegin modu onean ematen dute, bai... Baina asteburuetan baino ez dute zabaltzen... 
AITZIBER: Kermaaaaaaan!!!!
KERMAN: Bai, bai... Barkatu, Aitziber... Bi minutu baino ez dira izan... 
AITZIBER: Kerman! Baina kontua ez da hori! Lehen ere esan dizut gauzak nola egin behar diren. Lehendabizi, zerrenda ondo amaitu, Ondoren, jatetxea hautatu. Hirugarrenik, non geratu erabaki. Eta, azkenik, besteei esan!!!! Bestela bazterrak nahasten hasten dira, eta sekulako eromena izaten da... Baina, noski, zu hasi zara jendeari deitzen eta bazterrak nahasten... 
KERMAN: Tira, Aitziber, lasai... Mikel Pablori eta Gontzal Mariri baino ez diet kontatu... 
AITZIBER: Zeinei eta bi horiei gainera... Honezkero Euskal Herri erdia dantzan jarri dute. 
KERMAN: Ez da hainbesterako... Aingeruri eta Begoñari baino ez diete kontatuko... Beno, eta agian Andoniri... Eta Saioari... 
AITZIBER: Eneeeeeeeeee...

AZALPENAK:
«Bi minutu baino ez dira izan» eta «zerrenda baino ez dugu egin» esaldiak agertu zaizkigu. «Bi minutu bakarrik» izan direla eta «zerrenda bakarrik» egin dugula esan nahi dugu era horretako esaldiak botatzean.

KERMAN: Aitziber, gauza txiki bat kontatu nahi dizut… Izan ere… Gogoratzen aurrekoan ohar bat nola eman nizun??? Irakurri zenuen? 
AITZIBER: Baaaaaai, irakurri nuen... 
KERMAN: Eta? 
AITZIBER: Hara!!!!! Jon Berasategi ahaztu zaigu! Eskapada ederra egin dugu, Kerman!
KERMAN: Jon ere gonbidatu behar dugu? 
AITZIBER: Horixe! Gelakidea zen. 
KERMAN: Bai... Gela berean ikasi genuen... Baina Amaia Karanka ere gela berberekoa zen... 
AITZIBER: Badakit, eta hementxe dago... Gainera, elkarrekin dabiltza... 
KERMAN: Zebiltzan!!!! Orain gutxi banandu dira... Beraz... Nik Amaiarekin baino ez nuke hitz egingo. Ez da komeni biak elkartzea. 
AITZIBER: Banandu egin al dira? Zer esaten ari zara??? Urte mordoak zeramatzaten elkarrekin eta... Ideiarik ere ez nuen... Aspaldian ez ditut ikusi... 
KERMAN: Udan baino ez dira etortzen Bilbora... Baina, tira... Aitziber... Idatzi nizun ohar hari buruz...
AITZIBER: Bai... zure oharra... Baina, lehendabizi, esadazu... Zer moduz dago Jon? Ondo al dabil? 
KERMAN: Ez dakit. Nik Amaiarekin baino ez dut hitz egin... Nire oharrari dagokionez... 
AITZIBER: Kerman, mesedez... Jon eta Amaia banandu, eta zu oharra gora eta oharra behera... Orain ez da garaia! Gauza horietaz lasaiago hitz egin behar da... Jatetxe batean-edo... Eta ez korrika eta presaka!!!! 
KERMAN: Aitziber!!!!!!

AZALPENAK:
Ez dakigu Aitziberrek kalabazak emango dizkion Kermani. Ikusi egin beharko dugu. Gaurko atalean ikusi dugu «berean», «beretik» eta «berekoak» direla forma zuzenak. Gela berean ikasi genuen. Bide beretik joaten ginen. Eta herri berekoak gara.

Bestalde, BAINO EZ egitura agertu zaigu. «Udan baino ez dira etortzen» esaten dugunean, «udan bakarrik» etortzen direla esan nahi dugu. Eta «Amaiarekin baino ez dut hitz egin» esatean, «Amaiarekin bakarrik» hitz egin dudala.

Hori gaur ikasitakoa, lagunok. Zuek, betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment