Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Kermanen zama

Erosketak egitetik dator Kerman, poltsak karga-karga eginda. Gainera arazoak ditu neurriak  eta salbuespena adierazteko.

Transcription:[+] Transcription:[-]

 MARI JOSE: Zer zabiltza, Kerman? Horrela ez gara inoiz helduko… Ume txikiak bezala!!! 

KERMAN: Mari Jose... Honek asko pisatzen du... Zu, noski, arin zabiltza... Bi huskeria baino ez dituzu hartu... 
MARI JOSE: Baina, baina... Zer diozu? Biok ere antzerako poltsak dauzkagu eskuetan!!!! 
KERMAN: Mari Jose! Nik hiru olio botila daramatzat, bete-beteak!!!! Eta asko pisatzen dute!
MARI JOSE: Eta nik hiru botila ur!!!
KERMAN: Ondo da... Baina hiru ur litrok askoz gutxiago pisatzen du hiru olio litrok baino!!!! 
MARI JOSE: Ez ba... Litro bat litro bat da, eta kito! Gainera, beste bi litro ardo ere badaramatzat! 
KERMAN: Baina nik bi irin pakete ere badaramatzat! Eta bien artean ardoak baino askoz gehiago pisatzen dute. 
MARI JOSE: Bi kilo irin! Nik, berriz, bi litro ardo! Bakean, hortaz! Litro bat, kilo bat... Gauza bera baita! 
KERMAN: Ez dut uste!!!!
MARI JOSE: Berdin dio! Eman zure poltsetako bat niri eta kito!!! Pozik?
KERMAN: Hara, zu bai bizkorra! Poltsa arinena hartu, eta olioa eta patatak hemen utzi dizkidazu... 
MARI JOSE: Kermaaaaaaan!!

AZALPENAK:
Neurria adierazteko, era honetako moldeak erabiltzen ditugu: «bi litro ardo», «bi botila olio» edota «pakete bat irin». Kontuan hartu, ez baita gauza bera bi «olio-botila» edota «bi botila olio» esatea.

KERMAN: Barkatu, Mari Jose… Itsutu egin naiz… 
MARI JOSE: Egia da, bai! Afaritara pozik etortzen zarete denok... Baina afaria prestatzera... Horretara ez du inork etorri nahi... 
KERMAN: Egia... Guztiek egin dizute kale, nik ezik! 
MARI JOSE: Tripa berdintzera bai, baina laguntzera... Gehienak Santurtzin bizi dira, gainera...
KERMAN: Egia... Denak dira santurtziarrak... Ni ezik!
MARI JOSE: Afaltzera behintzat etorriko dira, ezta? Hainbeste janari erosi, eta gero inor agertzen ez bada... 
KERMAN: Nik mezua bidali nuen, abisatzeko... Eta guztiek erantzun dute, Mikel Pablok izan ezik... 
MARI JOSE: Horrek ez du ezer esan nahi… Batek baino gehiagok plana bertan behera utziko du azken momentuan... Abisatu gabe, gainera!!! 
KERMAN: Arrazoi duzu, Mari Jose. Gure lagun hauek ez dira inondik ere hitzekoak! Ni ezik, noski!!!! Kar, kar... 
MARI JOSE: Ba... Eskerrak zuk behintzat afaria egiten lagunduko didazun... Bestela... 
KERMAN: Nik? Afaria prestatzen lagundu? Ez dakit ba... Nik oso esku ona daukat etxeko lan guztietan... Sukaldean ezik... 
MARI JOSE: Kerman!!! Hitza eman zenidan!!!! Kerman!!!!

AZALPENAK:
Gogoratu ezik partikulari, salbuespena adierazteko, izan ipini behar diogula: «guztiek erantzu dute, Mikel pablok izan ezik». Txartzat emango ditugu, horrenbestez, «guztiek erantzun dute, Mikel pablok ezik» eta tankerakoak.

KERMAN: Ondo da, Mari Jose… Lagunduko dizut… Ederki moldatuko gara biok!!! Hobe horrela! Beste guztiak sukaldari kaskarrak baitira... Gontzal Mari izan ezik, noski... 
MARI JOSE: Gontzal Mari?! Zer ote daki horrek?! Arrautzak frijitzen ere ez, ziur nago!
KERMAN: Tira... Gontzal Marik Pizza Janen eta Burguer Queenen egin zuen lan, gaztetan... 
MARI JOSE: Goi sukaldaritza, bai jauna... Ene... 
KERMAN: Baina lasai, Mari Jose, ni laguntzaile bikaina izango naiz eta... Eta, gainera, sangria ere prestatuko dut. Sei litro sangria egingo ditut, guztiok dugu-eta gustuko... Tatianak izan ezik... Baina berarentzat kalte! 
MARI JOSE: Sangria??? Eta osagaiak erosi al dituzu??
KERMAN: Nik uste dena daukagula... - Bost litro ardo behar ditut... Litro bat laranja zuku, kilo bat melokotoi, koilarakada bat azukre... 
MARI JOSE: Kerman... Bost litro ardori zuku hori bakarrik botako diozu? Eta azukre koilarakada bakarra? Zer egin nahi gaituzu, akabatu ala??? 
KERMAN: Ez ba!!!! Ederra egoten da horrela eginda! 
MARI JOSE: Ez daukazu arrastorik ere! Nik erositako laranjak eta ardoa ez dituzu horretan xahutuko!!! 
KERMAN: Ezetz? Ba, begira!!!! 
MARI JOSE: Kermaaaaaan!!!!!!!!!!!!!!!!!!

AZALPENAK:
Gaur ere tematuta ikusi dugu Kerman Santurtzi aldean. Gogorarazi dizuegunez, neurriak adierazteko «bost litro ardo», «bi botila olio», «koilarakada bat azukre» eta era horretako moldeak erabiltzen ditugu. Gogoratu, halaber, ez dela gauza bera «botila bat ardo» edota «ardo-botila» esatea. 
Bigarrenik, salbuespena adierazteko IZAN EZIK erabili behar dela ikusi dugu. «Inork ez daki sukaldean, nik izan ezik». «Inork ez daki sukaldean, nik ezik» esatea ez da zuzena izango.
Horixe gaur ikasitakoa, lagunok. Zuek, beti esaten dizueguna: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment