Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Ikastaroak

Kerman ikastaroak egiteko prest dago, baina, badirudi ez dela erraza lagunekin ados jartzea.

Transcription:[+] Transcription:[-]

AITOR: Kerman! Zabalik dago epea aurtengo kultur etxeko ikastaroetan izena emateko! Hementxe daukat zerrenda!!!
KERMAN: Zeinen ondo!!!! Amorratzen nengoen ikastaroekin hasteko… Ea aurten zer dagoen...
AITOR: Nik aurten braille ikastaroa egingo dut!
KERMAN: Braille ikastaroa? Nik baita ere!!!!
AITOR: Astelehenetan eta asteazkenetan izango da... Oso ondo... Apuntatu dut... Eta papiroflexia egitea ere gustatuko litzaidake...
KERMAN: Papiroflexia!!!! Ideia bikaina... Nik baita ere!!!!
AITOR: Ez da posible... Astelehenetan eta asteazkenetan izango da papiroflexia ere... Bat aukeratu beharko dugu...
KERMAN: Ez dakit ba... Niri braillea asko gustatzen zait... Baina papiroflexia baita ere... Agian moldatuko gara...
AITOR: Nola moldatuko gara, ba? Biak egun eta ordu berean izango dira eta!!! Hara!!!! Aurten kakorratz ikastaroa jarri dute!!!! Urteak eman ditut horren zain!!!!
KERMAN: Kakorratza!!!!! Hori baita ere!!! Ikastaro hori ere gustura egingo nuke, zain nengoen noiz aterako!!!! Apuntatu, apuntatu!!!! Ez, ez, itxaron!!!!!! Hara!!!!!! Ogi apurrekin eskulturak
egiteko ikastaroa!!!!

AZALPENAK:

«Nik baita ere» edota «papiroflexia baita ere» moldeak ez dira egokiak. Gogoratu ere lokailua dagokion osagaiaren atzean ipini behar dugula. Horrenbestez, «nik ere bai» edo «baita nik ere»
esango dugu, edota «papiroflexia ere bai» edo «baita papiroflexia ere».

KERMAN: Ondo da, ondo da, Mikel Pablo… Gero hitz egingo dugu, orduan!!!!
AITOR: Zer dio Mikel Pablok? Berak zer egin nahi du? Ea zerbait argitzen dugun...
KERMAN: Mikel Pablo lanpetuta dabil. Esan du etxera helduko denean begiratuko dituela ikastaroak...
AITOR: Akabo! Horrek erantzuterako, plazarik gabe geratuko gara.
KERMAN: Gontzal Mari ere kontuan izan behar dugu... Gogoratu aurreko astean zer esan zidan... Eskaintza argitaratuko dutenean, abisatzeko.
AITOR: Ba, deitu lehenbailehen.
KERMAN: Orain lanean dago... Baina gaur gauean Algortan ikusiko dut... Ikusiko dudanean esango diot. Gainera... Tatianarekin komentatu nahiko du... Beraiek erabakiko dutenean,
aukeratuko ditut nik ere ikastaroak.
AITOR: Akabo! Nik egin dut aukera eta izena emango dut. Zuekin ez dago antolatzerik...
KERMAN: Ene... Beti ipurdian erreta!!! Ez nekien horren berekoia zinenik... Lagunekin kontatzea gustatzen zait niri. Akordatuko zara! Ikusiko duzu lagun guztiek bizkar ematen dizutenean!!!
AITOR: Kermaaaaan…

AZALPENAK:
«Etxera helduko naizenean begiratuko dut» eta «ikusiko dudanean esango diot» esaldiak ez dira zuzenak. Horien tokian, «etxera heltzen naizenean begiratuko dut» eta «ikusten dudanean esango diot» esango dugu.

KERMAN: Orduan zuk kartografia ikastaroa egin nahi duzu... Eta Tatianak ere bai... Bai, bai... Eta baita tarot ikastaroa ere... Bai... Ni ere joango naiz... Bai... Apuntatu dut... Ezta, Aitor?
AITOR: Bai, jauna...
KERMAN: Tatianak eta Gontzal Marik kartografia ikastaroa... Eta Tatianak tarot ikastaroa ere bai... Ez, Mikel Pablo, ez... Zurea ez dugu oraindik apuntatu. Beste bien eskariak amaitzen
ditugunean apuntatuko dugu zurea, ados? Bai... Nik Erdi Aroko kaligrafia ikastaroa egin nahi dut... Baita antzarak ferratzeko ikastaroa ere... Bai... Oso praktikoak biak...
AITOR: Orduan zer? Zer apuntatuko dut? Sekulako nahaste-borrastea daukagu...
KERMAN: Lasai... Deiak amaitzen ditudanean lagunduko dizut guztia ondo apuntatzen... AITOR: Kerman! Kokoteraino nago Mikel Pablorekin, Tatianarekin, Gontzal Marirekin eta
gainerakoekin!!!! Azkenean, ez duzu tarterik izango nirekin ikastaroren bat egiteko!!! Ez zait iruditzen!!!!
KERMAN: Bai, noski, Aitor! Zalantza egitea ere!!!! Oraintxe moldatuko dugu... Ea, astelehenetan Mikel Pablorekin izango dut ikastaroa... Asteazkenetan ere bai... Astearteetan
Tatianarekin... baita ostegunetan ere... Baina ostiraletan libre!!!! Kakorratza izango da ostiral arratsaldeetan... Sekulako gogoa daukat zurekin ikastaro hori egiteko!!!! Bai? Bai, ama!!!!
Zer?!!!! Barre-terapia tailerra, ostiraletan, Algortako parrokian??? Bai, bai... Eman niri ere izena... Zuekin joango naiz!!!

AZALPENAK:

A zer nolako ikastaro xelebreak aipatu dituzten gaur Kermanek eta Aitorrek. Ikusi dugunez, ere lokailua dagokion osagaiaren atzean ipini behar dugu. Horrenbestez, «nik baita ere» edota «papiroflexia baita ere» esatea ez da zuzena izango. «Nik ere bai» edo «baita nik ere» izango dira forma egokiak. Edota «papiroflexia ere bai», edo «baita papiroflexia ere».

Bestalde, «etxera heltzen naizenean begiratuko dut» eta «deiak amaitzen ditudanean lagunduko dizut» esaten dela ikusi dugu. «Etxera helduko naizenean begiratuko dut» eta «deiak amaituko ditudanean lagunduko dizut» baztertu egingo ditugu.

Hori gaurko atalean ikasitakoa. Zuek, badakizue: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment