Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Aitormena

Kermani lagun bat aurkeztu nahi diote, behingoz ligatu dezan. Baina, berak dioenez, badauka neskalagunik. Desafioak egiteko moduak erabiltzeko arazoak ditu, baita, deklinabide mugagabearekin ere.

Transcription:[+] Transcription:[-]

MARIA: Nire lagun Garbiñe aurkeztu behar dizut. Ikusiko duzu zeinen ondo. Sekulako jatorra da.
KERMAN: Ez, benetan... Mila esker... Ez da beharrezkoa...
MARIA: Bai, bai, bada beharrezkoa. Martxa honetan mutil zahar geratuko zara.
KERMAN: A ke zuk uste baino lehenago neska topatzen dut!!!!!
MARIA: Zuk, neska topatu? Ez dakit ba nik. Gainera, ez zaitez egoskortu. Garbiñe aurkeztuko dizut eta ikusiko duzu zeinen ondo!
KERMAN: Maria!!!!! Beste neska batekin nago maiteminduta!
MARIA: Benetan?!!!! Eta... nor da?
KERMAN: A ke ez duzu asmatzen!!!!
MARIA: Seguru ezetz, Kerman.
KERMAN: Nire betiko laguna da...
MARIA: Zure betiko laguna? Ondo ezagutzen zaitu, orduan... Eta nolakoa zaren jakinda, halere ausartu egingo da?!!!! Harrigarria iruditzen zait, bene-benetan!
KERMAN: Maria... A ke alde egiten dut!!!!!
MARIA: Bueno, bale... Txantxetan ari nintzen... Esaidazu, nor da?
KERMAN: Esango dizut, bai. Baina, barkamena eskatzen badidazu... A ke ez zara belauniko jartzen!!!!
MARIA: Ez!

AZALPENAK:
«A ke ez zara belauniko jartzen» eta «a ke alde egiten dut» esaldiak ez dira zuzenak. Desafio egiteko, era honetako moldeak erabiliko ditugu: «ezetz belauniko jarri!» edota «baietz alde egin!».

MARIA: Tira, Kerman, baina emadazu pistaren bat…
KERMAN: Ba… Bilbon, Donostian eta Gasteizen ibiltzen da normalean…
MARIA: Eta… Inoiz ikusi al dut?
KERMAN: Bai… Hiru hiritan ikusi duzu…
MARIA: Bai? Eta ezagutzen dut????
KERMAN:Bai...
MARIA: Non egiten du lan?
KERMAN: Orain bi lekutan ari da lanean... Eskola batean eta taberna batean...
MARIA: Taberna batean? Eta nik inoiz tabernan ikusi al dut?
KERMAN: Bi lekutan ikusi duzu... Bai eskolan, bai tabernan...
MARIA: Ba, ez dakit nor den... Euskaraz ba al daki?
KERMAN: Bai... Baita ingelesez eta frantsesez ere... Hiru hizkuntzetan moldatzen da ederki!!!!
MARIA: Oh! a zer nolako intelektuala taberna batean lan egiteko...
KERMAN: Maria... Jeloskor zaude?
MARIA: Jeloskor ni? Ez ba...
KERMAN: Bai, bai... Jeloskor zaude, jeloskor zaude...
MARIA: Kerman ez nagoela jeloskor!!!!!

AZALPENAK:
Ez da gauza bera «bi lekutan» edota «bi lekuetan» esatea. Lehenago aipatutako tokiak esateko, mugatua erabiliko dugu: lehen esandako hiru hirietan ikusi duzu.
«Bi lekutan egiten du lan» esatean, berriz, ez dakigu zein diren leku horiek.

MARIA: Eta nola doa kontua? Elkarrekin zaudete Aitziber eta biok?
KERMAN: Ez, oraindik ez... Azken hilabetean hiru alditan egin dugu topo... Baina ez diot ezer esan...
MARIA: Baina... Esango zenion gustuko duzula, ala?
KERMAN: Esan, esan... Ez... Beste gauza bat egin dut... Erromantikoagoa... Ezetz asmatu zer egin dudan!!!!!
MARIA: Seguru ezetz… Esadazu, esadazu
KERMAN: Ohar txiki bat bidali diot...
MARIA: Oso detaile ausarta. Eta oso heldua...
KERMAN: Maria... Ez duzu ezer ulertzen... Ezetz topatu ni baino tipo erromantikoagorik!
MARIA: Agian ez, egia da. Bueno, baina zer esan dizu Aitziberrek?
KERMAN: Ez... Ez dit ezer esan... Esan dizut ba hiru alditan egin dugula topo... Eta, hiru aldietan bere erantzunaren zain egon naiz... Baina txintik ere ez...
MARIA: Agian ez du ondo ulertu zure ohartxoa
KERMAN: Ulertuko ez zuen ba!!! Hiru hizkuntzatan idatzi nion... Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Eta hiru hizkuntzetan argi eta garbi utzi nizkion nire sentimenduak...
MARIA: Orduan argi eta garbi dago Aitziberrek kalabazak eman dizkizula!!!!!
KERMAN: Niri? Kalabazak?
KERMAN: Hara!!!!! Aitziber da eta!!!!!!!!!!!!!!

AZALPENAK:

Maitasun kontuak izan dituzte gaur hizpide Kermanek eta Mariak. Ikusi dugunez, desafio egiteko, «Ezetz belauniko ipini!» edota «Ezetz topatu ni baino tipo erromantikoagorik!» esango dugu. «A ke ez zara belauniko ipintzen» eta tankera horretako moldeak baztertu egingo ditugu.

Bestalde, «hiru lekutan» eta «hiru lekuetan» desberdinak direla ikusi dugu. «Hiru lekutan ikusi dute elkar Kermanek eta Aitziberrek», eta «hiru lekuetan» hitz egin dute. Lehenago aipatutako aldiak edo ideiak, horrenbestez, mugatuan ipiniko ditugu, eta ez mugagabean.

Hori gaur ikusitakoa. Zuek, betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment