Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Alferkeria

Kerman tabernan dago lagunarekin hizketan. Honek erabaki batzuk hartu nahi baditu ere, Kerman alferkeriak jota dago.
Asmoak adierazteko euskaraz etorkizuneko aditz formak erabili behar direla ikasiko dugu pasarte honetan eta, gainera, euskaraz ez dagoela generorik gogoratuko dugu.

Transcription:[+] Transcription:[-]

 

 

Transkripzioa. Kermanen alferkeria

JOSU: Bueno, Kerman… Orduan zu 13rako ezin zara geratu, ezta? Kerman, Kerman!!!! Erdi lotan zaude, gizona!!! 

KERMAN: Erdi lotan ez, lo seko nago!!! Josu, zer nahi duzu, ba, ordu hauetan???
JOSU: Itzartu, gizona! Erabaki bat hartu behar dugu eta!
KERMAN: Gero hitz egiten dugu, Josu, mesedez... Ez hitz egin horren ozen!!! Nola nahi duzu astelehen goizean lehen orduan erabakiak hartzea??? 
JOSU: Lehen orduan??? Ordu bata da eta!!!! 
KERMAN: Lehen ordua, ba!!! Ordu bata!!! Lehendabizikoa... Kar, kar... 
JOSU: Hara, txantxetarako itzarri zaude, ezta?  
KERMAN: Josu... Atera niri trolakao bat eta utzi erabakiak beste egun baterako... Larunbatean erabakitzen dugu lasaiago... Gau-partean...
JOSU: Zapatu gauean? Zapatu gauean tabernaz taberna ibiltzen zarete eta! 
KERMAN: Ostiralean eztabaidatzen dugu orduan... Mikel Pabloren txokoan geratzen gara.
JOSU: Txokoan?!!!! PSPagaz hasten zarete... han ez dago berba egiterik.
KERMAN:  Josu... Iruditzen zait data egokia topatzeko arazo handienak zeuk dauzkazula... Larunbatean gaizki, ostiralean okerrago.
 
AZALPENAK:
Etorkizunari begira ari garenean, “larunbatean erabakitzen dugu” edota, “gero hitz egiten dugu” esaldiak ez dira zuzenak. Kasu horietan geroaldia erabiliko dugu: “larunbatean erabakiko dugu” eta, “gero hitz egingo dugu”.
 
JOSU: Hemen daukazu zure kafea, Kerman.
KERMAN: Kafea? Nik trolakaoa eskatu dizut eta!!!!!
JOSU: Zuk kafea behar duzu... Es-na-tze-ko!!! 
KERMAN: Esna nago… Zer iruditzen zaizu bi asteburu barru geratzen bagara? Ni libre egongo naiz… 
JOSU: Asteburu horretan Edurnek ezin izango du… 
KERMAN: Edurne etorriko da! Zeinen ondo! Zer dauka, emanaldiren bat? Neska hori aktoresa da, ezta? 
JOSU: Hori jakin-mina, Kerman. Ez dauka emanaldirik… Zaintza dauka ospitalean… 
KERMAN: Aktoresa ez ezik… medika ere bada????!!!! Hori neska argia… Hiru asteburu barru orduan, ondo?
JOSU: Asteburu horretan Maialenek ezin izango du … 
KERMAN: Maialen??? Bost axola Maialen… Neska hori tonta hutsa da!!! 
JOSU: Ba, biak batera ibiltzen dira 
KERMAN: Ez dut uste… ikastolako psikologarekin ikusten dut nik Edurne beti… 
JOSU: Hori Maialen da... Uste dut betaurrekoak aldatu behar dituzula!!!!!
 
AZALPENAK:
Aktoresa, medika edota psikologa hitzak ez dira zuzenak. Horien ordez, aktorea, medikua edota psikologoa erabiliko ditugu.
 
JOSU: Kerman… afari kontu honekin gogaituta nago.  Buruhausteak baino ez … Kerman!!!! Kerman!!!!! Berriro lotan???
KERMAN: Ez... Ametsetan... 
JOSU: Lotan, alegia!!!!
KERMAN:  Ezetz, ba! Ametsetan!!!! Edurnerekin ametsetan... hori bai etxerako moduko emakumea, ederra, aktorea, medikua... 
JOSU: Ez daukazu zer eginik Edurnerekin. Mutila dauka!! Eta mutil katxarroa, gainera!!!
KERMAN: Amets, behintzat, egin dezaket, ezta? Zuri ez al zaizkizu amodio platonikoak gustatzen? Niri, txikitan, eskolako tutorea gustatzen zitzaidan... Rosi... Hura emakumea... 
JOSU:  Kerman, zer bota diozu kafeari, zorrotadaren bat? Tira, utzi lerdokeriak eta goazen gurera... Zer asteburutan geratuko gara??? 
KERMAN: Ba, niri berdin dit… Deitu Edurneri eta berak ahal duenean… Larunbat goizean nahi badu, ba larunbat goizean joango gara. Ostiral arratsaldean nahiago duela? Ba, ostiral arratsaldean elkartuko gara, asteazken eguerdian? Ba, asteazken eguerdian… 
KERMAN: Edurneri deika ari zara? 
JOSU: Ez, Maialeni deituko diot… Eta esango diot bere ondoan jesarri nahi duzula afarian 
KERMAN: Josu!!! Josu!!! Ez zara ausartuko!!!! Josu!!!
 
AZALPENAK: 
Basauri aldean lagunekin afaria noiz antolatuko ibili da gaur Kerman. Ikusi dugunez, “asteazkenean hitz egiten dugu” eta “gero erabakitzen dugu” esaldiak ez dira egokiak. Horien tokian, geroaldia erabiliko dugu: “asteazkenean hitz egingo dugu” eta “gero erabakiko dugu”. 
Bestalde, euskarak genero gramatikalik ez duela ikusi dugu. Horrenbestez, «aktoresa», «medika» edota «psikologa» ez dugu esango, eta horien tokian «aktorea», «medikua» eta «psikologoa» erabiliko ditugu.
Hori gaur ikasitakoa. Zuek, betikoa. Honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment