Docutec Card

Pelma jendearen erradiografia

Andoni Egaña bertsolariak pelmen jokaera aztertzen du Euskadi Irratiko audio honetan. Zuk nola definituko zenituzke pelmak? Zer jende-mota sartuko zenuke kategoria horretan? Ea zure ikuspuntua bat datorren Egañarenarekin.

Pelma hitzarekin hasten da gogoeta egiten Andoni, ez baitu horren euskarazko ordainetan gustukorik aurkitzen. Zuri bururatzen zaizu hitz egokiren bat jende-mota hori adierazteko?

Transcription:[+] Transcription:[-]

ESATARIA. Gai librean, Andoni Egaña.
ANDONI EGAÑA. Ez dut euskaraz erabat asebetetzen nauen ordainik aurkitu. Irakurri ditut gogaikarri, txaplata, forogu, burruntzi edo alameneko. Baina jatorri brumatsua duen gaztelerazko pelmak duen esan-indarrik ez dute. Akaso, gogaikarrik badu indarra; gehitxo, aukeran: nire belarrietara nazkagarritik gertuago baitago pelma soiletik baino. Eta gaur pelmaz hitz egin nahi dut.
Pelma, guztiok ezagutzen dugun izaera bereziko pertsona-klase hori. Pelma, helburu bat aintzat hartu eta munduan besterik ez balitz bezala, harexen bila jotzen duena. Baina pelma ez da ekina eta saiatua bakarrik, nahiz hori ere baden. Saiatuak, ekinak, bere kasa lor dezake lortu nahi zuena. Pelmak beti beharko du norbait lagunduko diona, entzungo diona, jaramon egingo diona. Bestela, ez litzateke pelma.
Eta ez da konturatzen beretzat hil ala bizikoa dena besterentzat ez dela hain hil ala biziko. Gainera, pelmak suzesiboa izateko joera du. Alegia, hil ala bizikotzat hartuko ditu orain gauza bat, demagun klima-aldaketa; epe laburrera beste bat, alegia, euskal futbol-taldeetan ez lukeela kanpoko jokalaririk behar; eta handik urte batzuetara beste bat, jo dezagun hipoteken bidegabekeria. Garaian garaikoa, baina hil ala bizikoa. Beretzat, jakina!
Pelma izateko modu asko da, oinarrizkoena umeena. Guztiok entzun izan dugu noizbait gurasoen ahotan pelma ez izateko. Umea, errepikapenaren errepikapenez, saiatzen da gauzak lortzen. Askotan eskatzen badu, behin eskatuta baino errazago lortuko duela pentsatzen du haurrak. Eta ez haurrak bakarrik.
Publizitatea pelmaren batek asmatuko zuen. Politikarien aholku-emaileek pelma-katedradunak izateko itxura oso-osoa dute. Saltzaile orok badaki pelma izatea komeni zaiola, inor ez zaiola lehenengoan etorriko salgai duena eskuetatik harrapazka kentzera.
Pelma izateko beste modu bat beti gai berak eta ikuspegi beretik ateratzean datza. Edo beti errudun berak aurkitzean. Edo beti jainko-jainkosa berak goraipatzean. Pelma ez da enteratzen, baina ez da tonto edo tuntuna ere.
Eskatzailea izaten da pelma, ez emailea. Emateko, behin nahikoa da. Eskatu, askotan eskatu behar izaten da.
Eta bukatzeko, aipa dezadan beste pelma-klase bat. Beti gehiegi luzatzen dena. Ez da sekula konturatzen den-denak nazka-nazka eginda dauzkanik. Eta segi eta segi eta segi egiteko joera izaten du. Nik, gaurkoagatik behintzat, ez nuke pelma izan nahi.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Oct 4, 2019
Number: 48184798
Source:
Duration: 00:03:56
Number of visits: 602