Docutec Card

Kerman, mintzalagun bila: Kerman axolagabe

Baionako kaleetan barrena Kerman Ibanekin batera paseatzen ari da. Mikel Pabloren jokabideak kezkatzen du Kerman eta horren berri eman dio Ibani.

Zalantzan gaudenean 'ote' partikula erantsi ohi diogu esaldiari, baina gogoan izan horrelakoetan -N gaineratu behar zaiola aditz laguntzaileari. Halaber, 'neure burua', 'gure buruari'... esango dugu, izenordain indartua erabiliz eta 'burua' hitza singularrean jokatuta.

Transcription:[+] Transcription:[-]

IBAN: Mikel Pablo ez zen zurekin etorri behar ala?
KERMAN:Azkenaldian ez da gehiegi ateratzen. Egia esan, buru makur dabil. Badakizu bere neskalagunak utzi egin duela.
IBAN: A, bai, erran zenidan. Eta ez al da bere neskalagunarekin hitz egin behar?
KERMAN: Ba, ez dakit. Egia esan, beldur naiz ez ote da beranduegi izango.
IBAN: Eta nolatan dabil orduan Mikel Pablo?
KERMAN: Ba ez dabil oso ondo eta ez dakit ez ote da deprimituko.
IBAN: Benga, Kerman, zuk ez al duzu animatu behar Mikel Pablo pixka bat?
KERMAN: Ez, ez, ni ez naiz psikologoa, aizu. Eta beldur naiz hanka sartuko ez ote dudan
IBAN: Baina zer dira txorakeria horiek, Kerman?
KERMAN: Txorakeriak ez, Iban. Horretarako daude profesionalak. Aizu, zuk lagun bati hagina aterako zenioke mina badu, e?
IBAN: Ez, nik dentistarengana joan behar dela errango nioke.
KERMAN: Hemen ere, gauza bera; psikologoarengana joan behar dela Mikel Pablo. Gertatzen dena da intrusismo handia dagoela. Hori, intrusismo handia dago
IBAN: Intrusismoa?!

 Zalantzan gaudenean, honelako esaldiak botatzen ditugu: "beldur naiz ez ote den beranduegi izango" "ez dakit ez ote dudan hanka sartuko". Zalantza indartzeko "ote" partikula erantsi dugu, baina gogoratu aditz laguntzaileari -N ipini behar diogula.


KERMAN: Gertatzen dena da nire burua oso ondo ezagutzen dudala eta horrelako gaiekin nik asko sufritzen dudala. Ni oso sentibera naiz Iban.
IBAN: Bai, ikusten dut.
KERMAN: Ui! Begira, euskal opilak! Erosiko dugu bat?
IBAN: Bizkotxo hori ona da, ez?
KERMAN: Ba, nahiago dut txintik ere ez esan. Zeren, ez dut nire burua gozogintzan aditutzat hartzen. Nik esango nuke ederra dagoela, baina nahiago dut sukaldaritza kritikari bati entzun.
IBAN: Kerman, gogaikarria zara  zinez, e?
KERMAN: Ez Iban, ez. Gertatzen dena da, askotan, konfiantza handiegia dugula geure buruekin, e?  Intrusismo handia dago eta uste dugu garela, ba, medikuak, psikologoak, edo kritikariak eta ez da horrela Iban.
IBAN: Baduzu gehiago gehitzeko? Zer zangorekin jaiki zara goiz honetan?
KERMAN: Hori zure iritzia da, e?

 "Neure burura", "zeure burua" eta "geure burua" esango dugu, izenordain indartuarekin eta "burua" singularrean. Kontuz, horrenbestez, "nire burua" eta "geure buruak" ez baitira kasu horretan egokiak izango. "geure burua aztertu behar dugu" esango dugu, eta ez, "geure buruak aztertu behar ditugu"


IBAN: Nik uste dut berriz ere hitz egin behar zenukeela Mikel Pablorekin eta neskarekin ere bai.
KERMAN: Neskarekin? Ez, ez, ez. Beldur naiz ez ote duen gaizki hartuko.
IBAN: Ba, saiatzeagatik.
KERMAN: Saiatzeagatik, jada, noski. Zuk esan, erraz esaten duzu, ez duzulako zeure burua arriskuan jarriko.
IBAN: Zer arrisku eta zer arriskuondo!
KERMAN: Mikel Pabloren neska haserretzen bada, horrelakoetan, askotan ez dugu geure burua kontrolatzen eta beldur naiz erreakzio txarren bat ez ote duen izango.
IBAN: Zer txorakeriatan ari zara, e? Gaur zurekin alferrik da, e? Zinez!
KERMAN: Aizu, zu arduratu zeure buruaz eta ni, neureaz.
IBAN: Ongi da, ongi da...
KERMAN: Ai! Iban, lagundu, lagundu! Kontrako eztarritik joan zait!
IBAN: Ni ez naiz medikua. Hemen intrusismo handia dago bazterretan, e?

 Gaur Baionan ikusi dugunez, zalantza indartzeko "ote" partikula jar diezaiokegu esaldiari. Hori bai, aditz laguntzaileak -N eraman behar du. Adibidez, "beldur naiz ez ote den beranduegi izango"

Bestalde, Kermanek "neure burua" edota "geure burua" bezalako esamoldeak erabili ditu eta hoelako kasuetan, posesibo indartua erabiliko dugu, baina "burua" beti singularrean ipiniko dugu. Adibidez, "ez dugu geure burua kontrolatzen", ez, "ez dugu geure burua kontrolatzen". Argi geratu da?


Bueno, ba, beti bezala, e? honekin edo harekin, baina egin!

 
 

Comments
Login for comment