Docutec Card

Nora doaz gure hondakin elektronikoak?

Zer ote dira 4.500 Eiffel dorre bata bestearen gainean jarrita? Bada, neurri horretakoa da munduan urtero sortzen den txatarra elektronikoa. Bestela esanda: 45 milioi tona metriko, osagai oso kutsatzailez beteak.

Gailu horiek egoki birziklatzea da zabor hori murrizteko irtenbidea: jakin egin behar da horiekin zer egin. Horrela txikituko dugu gure karbono-arrastoa eta beroketa globala.

 

Herritar bakoitzak 20 kilo hondakin sortzen ditu urtean Espainiako Estatuan, guztira 820 milioi inguru, datu  hori ageri da Zabor elektroniko globalaren azterketa izeneko ikerlanean (Nazio Batuen Unibertsitateak egina da). Pilaka metatzen dira smartphoneak, telebistak, ordenagailuak, garbigailuak, irabiagailuak, teklatuak eta antzeko beste gailu batzuk. Zabor elektronikoa esaten zaiona osatzen dute horiek, (e-waste ingelesez); izen teknikoa, berriz, haxe dute: Tresna Elektrikoen eta Elektronikoen Hondakinak, TEEH).

Pantaila laua duen telebista bat erosi nahi baduzu, inprimagailu zaharra kendu, ordenagailu berria ekarri edo zure smartphone zaharraren ordez modernoago bat eskuratu (batez beste, 20 hilabetetik behin aldatzen dugu), jakin behar duzu gailu horiek guztiak zabor elektroniko bihurtuko direla. Gauzak ongi egiteko, birziklatzea da bidea, eta Espainiako legediak, gainera, behartu egiten du horretara 2005. urteaz geroztik. Etxetresnen ekoizleek bitarteko ekonomikoak jarri behar dituzte gailu horiek birziklatzeko sistemak sor daitezen, baina kontsumitzaileen inplikaziorik gabe ez dago horretarako modurik.

LEHENBIZIKO AUKERA: GARBIGUNEAK
Zure etxetresna edo gailu elektronikoa ez dabilenean eta berrerabiltzeko modurik ez dagoenean, lehenbiziko aukera da berria erosiko duzun dendan uztea edo gailu horiek saltzen dituen edozein saltokitara eramatea (400 m2-tik gorakoa izan behar du). Denda horiek  behartuta daude 25 zentimetrotik beherako edozein gailu hartzera, eta birziklatzeko bidea jartzera. Smartphoneak, bestalde,  Tragamóvil delako batean utz daitezke; irabazteko asmorik gabeko fundazio bat da, eta telefono zaharrak birziklatzeko sare bat jarria du Estatu osoan: 1.000 edukiontzi dauzka telefonia dendetan, zerbitzu teknikoetan, udaletxeetan, unibertsitateetan eta saltoki handietan. Eta, nahi izanez gero, gailu horiek birziklatzen dituzten enpresa pribatuei saltzeko aukera ere badugu, adibidez Zonzoo-ri edo MovilBak-i. Beste aukera bat da Garbigune batera joatea eta hondakin elektronikoen eta elektrikoen edukiontzian uztea.



Gailu batzuek, gainera, metal bitxi baliotsuak ere izaten dituzte berreskuratzeko moduan, adibidez  mugikorrek, nahiz eta oso kopuru txikian eduki: urrea, zilarra, paladioa...

Handik, tratamendu planta baimenduetara eramaten dute zabor teknologikoa, eta han birziklatu egiten dituzte materialen % 85 eta % 95 artean, halaxe dio Ecotic Fundazioak (arlo horretako enpresa nagusiek sustatu duten erakundea da hondakin mota hori egoki kudeatzeko).

ZER BIRZIKLATZEN DEN ETA ZER EZ

Egoki kudeatuz gero, sortzen dugun zabor teknologikoaren zati handi bat birziklatu egin daiteke. Mugikorretatik eta ordenagailuetatik eskuratzen diren lehengaien % 65 inguru plastikoak izaten dira, karkasarenak, teklatuenak eta etxetresnen kanpoko gorputzarenak (propilenoa, poliestierenoa, polikarbonatoa...). Bestalde, % 25 inguru metalak izaten dira, zirkuitua eta osagai elektronikoak osatzen dituztenak; nagusiki, aluminioa, kobrea eta baterien litioa. Gailu batzuek, gainera, metal bitxiak ere izaten dituzte, adibidez  mugikorrek, nahiz eta oso kopuru txikian eduki: urrea, zilarra, paladioa...

Zati horiek guztiak hartu egiten dizkiete, eta birziklatu ondoren, autogintza eta kontsumoko elektronika arloetara bideratzen dituzte nagusiki, eta han beste erabilera bat ematen diete. “Hain zuzen, gailu horiek egoki kudeatuta, lehengai natural asko aurrezten da”, azaldu du Jose Perezek, Recyclia elkarteko kontseilari ordezkariak (ekoizleek finantzatzen dituzten sistemak kudeatzen ditu hondakin horiei irtenbide egokia emateko). Gauza asko berrerabili egin daitezke, adibidez smartphonearen edo ordenagailuaren karkasa eta horien elementu osagarri gehienak (kargagailua, “esku libreen” elementuak, entzungailuak...), beste elementu batzuk arazotsuagoak dira ingurumenaren ikuspegitik, adibidez bateriak eta zirkuitu integratuak, halaxe nabarmendu du Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ikerlan batek. Recyclia-ren esanetan, hain zuzen, gailu horiek dituzten materialen % 10 inguru berreskuraezinak dira  (adibidez, beira, zuntza).

NOIZ IZATEN DA ARAZO BAT

Egoki kudeatzen denean, txatarra elektroniko horren zatirik handiena kaltegabea da. Arazoa izaten da hondakin elektronikoei ez  dietenean ematen deskontaminazio prozesurik birziklatze plantetan tratatu aurretik; gailu horietako askok, izan ere, substantzia toxikoak izaten ditu eta kalte egin diezaiokete ingurumenari eta osasunari.

Egoki birziklatu ez eta zabortegietara iristen direnean eta gainerako zaborrarekin nahasi, arriskutsuak izaten dira. Hain zuzen, gailu horiekin Espainian sortzen diren hondakinen % 60 baino gehiago legez kanpo tratatzen dituzte, datu hori eman du Ecotic erakundeak. Eta ez da arraroa legez kanpoko zabortegietan botata aurkitzea hozkailuak, garbigailuak edo beste edozein etxetresna. Txatarra biltzen ibili ohi diren kamioi eta furgonetek eramaten dituzte. Hondakin horiek burdina eta kobrea izaten dute, eta horiek badute balioa txatar gisa erabiltzeko, baina ingurumenerako kaltegarriak diren beste elementu batzuk ere askatzen dituzte, adibidez kadmioa, beruna,  kloroa, merkurioa eta PVCa, ezinezkoa baita lixibiatuak saihestea (hondakin likidoak) eta lur azpira joaten diren filtrazioak. Zabor elektronikoaren zatirik arriskutsuenetakoak hozkailuen eta aire girotuko gailuen hozte gasak eta olioak dira, egoki kudeatu ezean gas hidroklorofluorokarbonoak aska baititzakete (HFC siglak ditu ingelesez); gas horiek oso kutsatzaileak dira eta klima aldaketaren eragile handienetakoak: karbono dioxidoa baino 25 eta 4.000 aldiz ahaltsuagoak dira, eta gizakion jardunak eragiten duen berotegi efektuaren % 45 sorrarazten dituzte, adituen esanetan.

Oso kontuz erabiltzekoak dira, halaber, antzinako telebista hodidunek izaten duten hauts fosforeszentea -metal astun eta toxikoak izaten ditu, adibidez kadmioa eta fosforoa-, pilak eta kondentsagailuak, horiek substantzia arriskutsuak eduki baititzakete, adibidez beruna, merkurioa (batez ere botoi pilek), nikela eta kadmioa. Mugikorren litiozko bateriak ere arriskutsuak dira, lehertu egin daitezke eta.

www.consumer.es web ataritik hartutako testua (Consumer aldizkaria: 2019ko martxoko alea)

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1 / B2
Jul 24, 2019
Number: 46199560
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 548