Docutec Card

Gure seme-alaben oporraldia

Haurrek udako oporrak hartzen dituztenean, beraien aisialdia osatzeko hainbat ekintza antolatzen dituzte guraso askok: udalekuak, klase partikularrak… Baina, hori al da haurrak behar duena?

Ikasleen atsedenerako eta aisialdirako denbora hartzea ezinbestekoa dela azaldu dute Arantza Muñoa kazetariak eta Asier Huegun EHUko pedagogiako irakasleak. Beraien ustez, haurren garapenerako oso garrantzitsuak dira eremu informalak: kalea, ibaia, basoa... beren kabuz esperimentatzeko aukera ematen dien edozein leku.

Elkarrizketa osoa hemen duzu entzungai.

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

ESATARIA.- Oporrak azkenean, Arantzazu Muñoa, arratsalde on.
ARANTZAZU.- Bai. Kaixo, arratsalde on.
ESATARIA.- Oporrak, atsedenaldia, arnasa, askatasuna, hori, hori guztia eta gehiago dira oporrak, ezta Arantzazu?
ARANTZAZU.- Bai. Edo hala behar luke izan behintzat. Ze(ren) azkenean ikasturtean zeharreko jarduerarik gehienak oso produktiboak izaten dira eta oso marko itxia izaten dute. Eta askotan haurrei egin beharreko guztia erabakita eta itxita ematen zaie. Eta hortaz, ba udako oporrek atseden hartzeko, arnasa hartzeko, lasai egoteko, norbere erabakiak hartu, norbere ekimenez jarduteko, horretarako guztirako aukera ematen dute.
ESATARIA.- Hortaz, gurasoei gogorarazi beharko diegu besteak beste, 1989an Nazio Batuek egindako haurren eskubideen 31. artikuluak zer dioen: haurrei aitortzen zaie atsedenerako, aisialdirako eta jolaserako eskubidea, askotan errespetatzen ez dugun artikulua, ze iruditzen zait Arantzazu, muga zurrunetatik atera eta abentura gozagarriak bizitzeko egunak beharko luketela oporrek.  Eta askotan, um, kosta egiten da.
ARANTZAZU.- Bai, kosta egiten da, baina horixe, adituek argi esaten dute, ba udako oporretan gozamenetik eta euren iniziatibatik abiatuta, ba umeek benetan desio duten hori egitea garrantzitsua dela. Izan liteke ba uretan jolastu, afalondoan kalera irten, lagunekin ordu luzez egon, edo bueno, mendira joan eta ikasturtean zehar bizitzen ez diren abentura horiek bizi, ez? Ba, azkenean horixe oporretan disfrutatu egin behar dute, libre sentitu eta euren kasa jardun.
ESATARIA.- Baina gurasoak lanean, haurrak oporretan eta ekintzak antolatuz betetzen diegu askotan uda haurrei.
ARANTZAZU.- Bai. Eta askotan, gainera, kezka izaten da eta buruhauste ugari izaten dituzte gurasoek euren seme-alaben zaintzaz arduratuko den norbait topatzeko, ez?: aiton-amonak izan litezke, edo izeba-osabak, udalekuetara bidaltzen dituzte zenbaitek edota bestelako jarduera antolatuetara. Eta horrek daukana atzean da askotan udako oporraldia ere berriz ez ote den gehiegi egituratzen ez? Eta askotan ba igual arnasa hartu ordez arriskua eduki dezake horrek haurrak berriz ere itota sentitzekoa.     
ESATARIA.- Asier Huegun, Euskal Herriko Unibertsitateko pedagogia irakaslea gonbidatu duzu gaurko tartera. Arratsalde on, Asier.
ASIER.- Arratsalde on. Bai.
ESATARIA.- Etengabeko estimulazioa behar al da nagia kentzeko? Presio sozialak bultzatzen gaitu horrenbeste horretara?
ASIER.- Seguru aski. Seguru aski baietz, presio soziala izango da kontu bat, beste bat izango da lehen esan duzuna, lan-merkatuak sortzen digun ordutegia, eta nik esango nuke erantzun indibidualak ematen ditugula, ezta? Funtsezkoa da haurren garapenerako eremu informalak. Hau da, bizitza bera, kalea, haurrak egongo diren beren kabuz esperimentatzen, bere lagun-taldearekin, aspertzen, sortzen, eraikitzen… Hori behar-beharrezkoa da, eta ez gidatutako ekintza-jarduera multzoa, ezta? Eta are gehiago, adin jakin batetik aurrera, 7-8 urtetik aurrera, helduen begiradapetik edo zaintzatik  kanpoko jarduerak eta espazioak behar dituzte haurrek.  
ESATARIA.- Eta plazera bakarrik da aldi honetarako bilatu behar dena, edo beste gauza batzuk ere bai aldi berean.
ASIER.- Plazera bai, noski, gustura egotea, baina batzuetan saltzen digutena edo ematen digutena bestelako tokietatik da hori, ezta?, oso ondo pasa behar duzu, eta gainera, hori erakutsi behar duzu oso ondo pasa behar duzula. Baina nik uste dut, badago beste ideia bat, Carolina del Olmo antropologoak esaten duen senidetasun edo zaintza-sareak sortu behar direla. Hau da, komunitatearen arrastoa ez dugu, hori garai batean bazegoen, eta orain desagertu da. Eta beharko genuke beste modu batzuk eraiki, komunitateak ere haurraren zaintza edo haziera horretan arduratzeko.
ESATARIA.- Asier Huegun, EHUko pedagogia-irakaslea, Arantzazu Muñoa, Hik Hasiko kazetaria. Eskerrik asko bioi, gaur oporren testuinguruan ekarpen hauek egiteagatik guztiontzat.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2 / B1
Jun 25, 2019
Number: 45251427
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 04:08
Number of visits: 917