Docutec Card

Tranpatiak

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle berriek ez dutela kopiatuko, edo lanetan ez dutela plagiorik egingo sinatzen dute iaztik. Horren inguruan egin du hausnarketa Eli Larrinagak.

Azterketetan kopiatzeaz duen esperientziaren berri ematen digu Larrinaga irakasle eta kazetariak, eta, baita ere, kopiatzen dutenen aurrean zer-nolako jarrera izan beharko genukeen.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

ELI LARRINAGA. Bai, entzule, gaur aspaldiko bekatua aitortuko dizut. 13 urte nituenean kopiatzen ahalegindu nintzen. Fisika-azterketara definizio bakarra eraman nuen, txiki-txiki idatzita papertxoan. Baina ez nintzen hura ezkutalekutik disimuluz atera eta erabiltzeko gai izan. Galdera hantxe zegoen: “Zer da dina bat?” Hori gutxi ez, eta andereño Genovevak zera bota zidan proba hartu zuenean: “Artega igarri zaitut, ez zenuen ba txuletaren bat aldean izango?” Lehen eta azken aldia izan zen. Benetan: lehena eta azkena.

“Patetikoa” esan didate asteon, hura kontatu dudanean. Ordutik, kopiatuz eta tranpa egitearekin ikusi eta bizi izan ditudan pasadizoak kontaezinak dira. Iltzatuta daramadan bat aipatzearren, karrerako lehen mailako lehen azterketan parean eseri zitzaidan ikaskideak maiuskulaz –letra larriz– erantzuteko eskatu zidan; bestela, ezin zuela niretik ulertu eta kopiatu. Lotsabako lapurra, bizkarroia, parasitoa, harrapakaria… Lastima ez niola halakorik esan.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle berriek, iaztik, zintzotasunez eta portaera etikoz jokatzeko agiria sinatzen dute. Labur azaltzeko, ez dutela kopiatuko edo lanetan ez dutela plagiorik egingo adierazten dute idatziz. Dokumentuan badago abisua ere: kopiatzeak edo plagiatzeak euren espediente akademikoa larriki kaltetu dezakeela dio-eta.

Tira, asmo oneko adierazpen moduan primeran dago, baina eguneroko errealitateak bestelako panorama eskaintzen digu. Egoera ez da atzo goizekoa, gizakia gizaki denekoa dugu: tranpatiak betidanik izan dira, baita besteen ekarpenak barra librean hartu eta eurenak balira bezala aurkezten dituztenak ere. Gainera, egungo gizartean teknologia berriekin zein eskura dagoen hemen moztu, hor itsatsi, eta listo! Nik sortua izan ez arren, nirea da.

Betidanik gertatu bada, zergatik kezkatu? Jokaera izurrite bihurtu daitekeelako. Eta agian etzi iruzurtia edota parasito lapurra izatea normaltzat hartu eta zintzo dabiltzanei patetiko deituko diegu. Hortaz, ez utzi biharko erremedioa jartzeko zeregina. Belaunaldi gazteenei zintzotasunez jokatzea merezi duela erakutsi, heziketa bidez barreneko ahotsean atximurka eginez.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jun 13, 2019
Number: 44745115
Source:
Duration: 00:02:51
Number of visits: 795