Docutec Card

Igogailua-2. atala

Igogailuan harrapatuta geratu da Ainhoa Gorriti, eta badirudi larrialdiko telefonoari erantzun dion langilearen galderei erantzunez bakarrik lortuko duela bertatik ateratzea.

Kontua da ongi erantzun beharko diela galderei, gaizki erantzunez gero, igogailua jaitsi egingo delako.

 

Hiru Damatxo ekoiztetxeak Igogailua fikziozko podcast-a sortu du, AEKren enkarguz. Bost atal izango ditu irrati-nobelak, bakoitza lau minutu ingurukoa.
 

Nerea Arriola (irrati-nobelan, Ainhoa Gorriti Fernandez euskara-irakaslea) eta Nerea Aranburu (irrati-nobelan, igogailu-enpresako larrialdietako telefonoari erantzuten dion pertsona) aktoreak dira entzungaietako protagonistak.
 

Informazio gehiago, helbide honetan.

Transcription:[+] Transcription:[-]

OFF AHOTSA.  AEK-k aurkezten du:

IGOGAILUA

Aurreko kapituluan:

LANGILEA. Bizitokia?

AINHOA GORRITI. Zizur Nagusia

LANGILEA. Kalea?

AINHOA GORRITI. Aizu, oso ondo portatzen ari zara, baina ba al dakizu noiz aterako nauten hemendik? Fisioterapeutarenean hitzordua daukat, eta dagoeneko berandu nabil.

LANGILEA. Egon. Egon. Galdera gehiago ditut.

AINHOA GORRITI. Bai, baina…

LANGILEA. Zein da Nafarroa Behereko hiriburua?

AINHOA GORRITI. Zer?

LANGILEA. Zein den Nafarroa Behereko hiriburua?

AINHOA GORRITI. Aizu, benetan, lagunduko didazu hemendik ateratzen? Aizu!!! Entzuten didazu?!!

LANGILEA. Bai. (eztul-hotsa) Bada ez bada esango dizut: ez da hain erraza izango!

II. atala

AINHOA GORRITI. Ez dela izango erraza? Zer esan nahi duzu?

LANGILEA. Gauza bat ulertu behar duzu. Igogailu bat ez gora, ez behera geratzen denean, denbora behar izaten da konpontzeko. Teknikariak bertara iritsi behar du, zer gertatu den antzeman, konponbidea topatu… hobe duzu lasaitzea. Ez zara fisioterapeutarenera iritsiko: lasai! Ez da ezer gertatzen. Hemendik irtendakoan esaiozu zer gertatu zaizun, eta egin hitzordua beste egun baterako. Mundua ez da bukatuko. Orain, erantzungo diezu nire galderei, mesedez? Ematen ez badu ere, oso lagungarria da guretzat.

AINHOA GORRITI. (Hasperena) Beste erremediorik ez badago!

LANGILEA. Lehen esan didazu euskara-irakaslea zarela Bigarren Hezkuntzan. Baina esaidazu, eskolaz kanpo zein hizkuntzatan mintzatzen zara?

AINHOA GORRITI. Jo, nork esango zidan Iruñean horrelako igogailu-konpainia euskaltzalea topatuko nuela!.

LANGILEA. Esan. Esparru informaletan zenbat erabiltzen duzu euskara?

AINHOA GORRITI. Bueno, ni, berez, euskaldun berria naiz. Gurasoek ez dakite euskaraz. Eta A ereduko ikastetxe batean ikasi nuen. Musikari esker gerturatu nintzen euskarara, ze gaztetan asko gustatzen zitzaidan Itoiz, baina ez nituenez hitzak ulertzen, euskaltegian hasi nintzen… Azkenean Euskal Filologia ikasi nuen, pentsa!

LANGILEA. Oso interesgarria, baina galdera beste bat izan da.

AINHOA GORRITI. Zein?

LANGILEA. Ea zenbat erabiltzen duzun euskara modu informalean.

AINHOA GORRITI. Ahal dudan guztia. Iruñean bizi izanda, ahal dudan guztia. Gero eta gehiago.

LANGILEA. Eta zeure buruarekin zein hizkuntzatan mintzatzen zara?

AINHOA GORRITI. Jope, a ze galdera! Bada, esan dizut: gaztelania da nire ama-hizkuntza. Baina azkenaldian esango nuke neure buruari euskaraz gehiago egiten diodala gaztelaniaz baino. Hori bai: biraoka hasten naizenean, gaztelaniara jotzen dut…

LANGILEA. Jakingo duzu euskaraz madarikatzen, ezta?

AINHOA GORRITI. Eeee, bai.

LANGILEA. Ea. Esan euskarazko bost irain.

AINHOA GORRITI. Joder! Benetan?

LANGILEA. Bai.

AINHOA GORRITI. Bada… madarikatua…

LANGILEA. Bat.

AINHOA GORRITI. Tontolapikoa.

LANGILEA. Bi.

AINHOA GORRITI. Mari-purtzila!

LANGILEA. Hiru.

AINHOA GORRITI. Eeee….?

LANGILEA. Askoz gehiago daude.

AINHOA GORRITI. Bai. Badakit, baina…

LANGILEA. Ea, laguntza bat: asta…

AINHOA GORRITI. Astakirtena!

LANGILEA. Oso ondo. Edo astazakila, astaputza, astapotroa…

AINHOA GORRITI. Zenbat dakizun!

LANGILEA. Bat falta zaizu.

AINHOA GORRITI. Eeeee…

LANGILEA. Ea, laguntza gehiago: sar…

AINHOA GORRITI. Sardea!

LANGILEA. Sardea? Hori ez da iraina! Ea: sar…

AINHOA GORRITI. Sardintzarra!

LANGILEA. Hori bai. Oso ondo. Edo sarrakanaldasa ere izan zitekeen.

AINHOA GORRITI. Aizu, benetan gauza hauek erantzun behar…

LANGILEA. Primeran! Primeran! Asmatu dituzu bost. Aizu, lehen ez didazu erantzun: zein da Nafarroa Behereko hiriburua?

AINHOA GORRITI. Donibane…

LANGILEA. Donibane… ?

AINHOA GORRITI. Beti nahasten ditut Lohizune eta Garazi.

LANGILEA. Denoi gertatzen zaizue gauza bera.

AINHOA GORRITI. Denoi, nori?

LANGILEA. Igogailuan harrapatuta geratzen zareten guztioi. Bueno, orduan zer?: Lohizune ala Garazi?

AINHOA GORRITI. Lohizune…

LANGILEA. Ez.

AINHOA GORRITI. Garazi! Barkatu, Garazi, jo… Nire ahulgunea da: euskal geografiaz dena dakit, baina hori, hain zuzen ere…

LANGILEA. Zein probintziatan dago Artatza-Axkoeta? 

AINHOA GORRITI. Eee… Araban?

LANGILEA. Oso ondo. Eta Leintz Gatzaga? 

AINHOA GORRITI. Hori Gipuzkoan. Nire izebetako bat bertan bizi izan zen bost urtez.   

LANGILEA. Oso ondo. Esan Lapurdiko bost musika-talderen izenak?

AINHOA GORRITI. Bueno, nahikoa da! Lehendabiziko aldia da igogailu batean harrapaturik gelditzen naizena, baina badaukat adina konturatzeko galdera hauek ez direla batere normalak. Zer gertatzen ari da hemen?

LANGILEA. Esan dizut. Nire lana da zu eroso sentiaraztea.

AINHOA GORRITI. Bada, kontrakoa lortzen ari zara! Gainera, ez dizut sinesten! Hemen zerbait arraroa gertatzen ari da. Egon: hor, hor goiko ertzean dagoen kamera hori? Ez da ba izango kamera ezkutuz egiten diren broma horietako bat, ezta?

LANGILEA. Ainhoa, mesedez!

AINHOA GORRITI. Bai. Hori da! Hau ETBn edozein ordutan ematen duten saio horretako broma bat da. (barreak) Banengoen ba ni! Oso ona! Oso ona!: ze kabroiak zareten. e! Aitortu behar dut une batez sinetsi dudala, e! Oso ona. Eta noiz emango duzue saioa?

LANGILEA. Ainhoa!

AINHOA GORRITI. Bueno, lasai… Ez esan. Berdin dio. Seguru goizez ez bada, arratsaldez ikusiko dudala, eta arratsaldez ez bada, iluntzean, beste konturik ez dute botatzen-eta!

LANGILEA. Ainhoa! Hau ez da Kamera Ezkutua!

AINHOA GORRITI. Ez, noski! Alferrik zabiltzate: ez didazue ez ziririk sartuko.

LANGILEA. Berriz  diot; hau ez da Kamera Ezkutua!

AINHOA GORRITI. A ez? Eta zer da ba orduan?

LANGILEA. Ainhoa, garbi esango dizut. Igogailuan harrapatuta zaude. Hemendik bizirik atera nahi baduzu, nik jarritako probak zuzen bete beharko dituzu. Erantzun zuzen bakoitzeko solairu bat igoko duzu. Erantzun oker bakoitzeko solairu bat jaitsi. Fisioterapeuta laugarren solairuan dago. Animo, eta zorte on.

IGOGAILUA

AMAIERA

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1 / B2
Jun 5, 2019
Number: 44452608
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 05:06
Number of visits: 530