Docutec Card

Alkohola, % 0 osasungarria

Gizartean zabaldua dago alkohola neurrian edatea ona dela osasunerako. Ardo kopa bat ona omen da bihotzarentzat, edo garagardoak propietate osasungarriak omen ditu. Egia ala gezurra ote da?

Joseba Zabala osasun publikoan lan egiten duen medikuarengana jo dute Euskal Telebistako Teknopolis programakoek jendartean hedatuak dauden alkoholari buruzko topikoei buruz hitz egiteko.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA. Kimikan, alkohola talde hidroxilo bat duen konposatu organiko bat da. Baina alkohola esaten dugunean denok dakigu zertaz ari garen. Halaxe deitzen diogu etanolari: ardoak, garagardoak eta likoreek duten substantzia kimikoari. Kretazeoan hasi zen dena, 130 milioi urte atzera, loreak eta fruituak agertu zirenean. Saccharomyces izeneko legamia-espezie batek eboluzionatu egin zuen elikagai-iturri berri hori erabiltzeko, eta fruitu eta loreetako azukrea deskonposatzen zuenean, etanola sortzen zuen hondakin moduan. Duela 10.000 bat urte legamien gaitasun hori baliatu zuen gizakiak lehen edari alkoholdunak garatzeko. Ezti-ura edaten zuten Greziako jainko-jainkosek, garagardoa maite zuten Egipton, Txinan eta Babilonian eta mahatsa ardo bihurtzen ikasi zuten sumeriarrek. Baina zergatik iraun du gaur egunera arte substantzia honen kontsumoak? Faktore kulturalei, sozialei edo gastronomikoei garrantzia kendu gabe, burmuinean dago erantzuna.
Alkohola psikoaktiboa da: endorfinen jarioa areagotzen du, plazera sentitzen dugu edatean eta, aldi berean, sarri zirkuituak ere aktibatzen ditu. Izen bat du horrek: droga. Alkohola, bai, droga bat da. Jakina zen hori, eta azken urteotako ikerketek, gainera, beste aurkikuntza batzuk ere ekarri dituzte. Eta gehienek ez dute toki onean uzten alkohola.
ESATARIA. Joseba Zabala medikua da. Gasteizko udaleko osasun publikoan lan egiten du. Esperientzia handia du drogen prebentzioan, eta adikzioetan aditua da. Berarengana jo dugu gizartean onartuen eta hedatuen dagoen drogaren inguruan, alkoholaren inguruan, hitz egiteko. Zientziak alkoholari buruz argitaratu dituen ebidentzietan oinarrituta, jendartean zabalduak dauden alkoholari buruzko topikoei aurre egingo die.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Osasun Munduko Erakundeak esaten duena da: alkohola kaltegarria da. Eta kaltegarria ez da gomendagarriaren sinonimoa. Da juxtu…
KAZETARIA. …beste puntan dago.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Beste puntan dago. Orduan zergatik Osasunaren Munduko Erakundeak esaten du: kaltegarria da. Zeren badago ikerketa, batez ere esparru desberdinetan. Esate baterako, daukagu esparrua, gaixotasun kardiobaskularrak, alde batetik, gero beste aldetik daukagu, kantzerren ebidentziak, eta gero, beste aldetik ere, nerbio-sistemaren gaixotasunaren ebidentziak. Eta gero, adikzioaren asuntoaren ebidentziak ere.  
KAZETARIA. Drogaren eragina.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Hau da.
ESATARIA. Ondorio hauek Osasunaren Munduko Erakundeak 2012an argitaratu zuen txostenean jaso ziren; orain arte argitaratutako osatuena da. Ordura arte egindako ehunka ikerketen ondorioak eta aurkitutako ebidentzia zientifikoak bildu ziren txostenean. Datuak mingarriak dira: urtero 3,3 milioi lagun hiltzen dira munduan alkoholaren kontsumoaren ondorioz. Hau da, heriotza guztien ia % 6 alkoholaren kontsumoak eragina da.
Alkohola eta hainbat buruko gaitz garatzeko faktoreen arteko lotura zuzena frogatu da; zirrosia, hipertentsio kardiakoa eta minbizia izateko arriskua ere handitzen du. Izan ere, 200 gaixotasun eta desoreka eragin ditzake gizakian.
KAZETARIA. Bihotza. Ardoa esaten dute ona dela.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. “Osasuntsua”, zeren ez dago batere frogatuta nahiz eta kopuru txikia izan, hori azken finean izango dela osasuntsua. Osea, da oso ebidentzia…
KAZETARIA. …ahula esango dugu.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Ahula eta, are gehiago, esango nuke nik, lainotsua.
KAZETARIA. Kaltegarria.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Kaltegarria.
ESATARIA. 90ko hamarkadan Frantziako paradoxak ardoaren onuren berri zabaldu zuen. Izan ere, harrituta zeuden frantziarrek hainbeste koipe saturatu eta gazta jan arren, osasun kardiobaskular hobea zutelako estatubatuarrek edo ingelesek baino. Eta arrazoiak aurkitu nahian, ardo beltzari egotzi zioten osasun hobea izatearen arrazoia, produktu hau ere oso barneratua baitzegoen Frantziako gastronomian.
Ardo beltzak taninoak ditu. Eta horien artean bereziki resveratrola da aipagarria, erradikal askeei aurre egiteko duen gaitasunarengatik. Baina taninoak, batez ere, mahatsaren azalean eta pipitetan daude. Eta kontuak aterata dituzte zenbat ardo edan beharko litzatekeen resveratrolak osasunean eragina izateko: egunean 1.000 litro ardo beltz edan beharko genituzke. Urteek erakutsi dute frantziar paradoxaren ikerketa lausoa izan dela, eta haren atzean ilusio estatistiko bat besterik ez zegoela, datuak ez baitziren modu berdinean neurtzen herri ezberdinetan.
KAZETARIA. Minbiziaren kasuan. Hor ere frogak daude.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Minbiziaren errealitatea askoz ere gordinagoa da, Iñaki. Zeren gertatzen dena da nahiz eta kopuru txikia izan, ebidentziak esaten digu arriskuaren izateko kantzerra (kantzerra izateko arriskua) , hor dago, pare-parean. Eta hori gertatzen da, islatzeko, sei tipo kantzer inportanteak, direla (direnak) batez ere, hemen, lepoko inguruko kantzerrak, esaterako, ahoa, laringea, baita ere faringea, esofagoa eta bularretako kantzerra. Bularretako kantzerrean badago ebidentzia oso interesgarria, zeren esaten du: nahiz eta kopuru txikiko kontsumoekin handitzen da %10a kantzerren probabilitatea, bularretako kantzerren kasuan.
KAZETARIA. Esan dugu: bihotza, minbizia, burmuinean ere ondorioak ditu alkoholaren kontsumoak, ezta?
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Bai. Egon da beste ebidentzia lainotsu bat. Azaldu dira titular batzuk esanez onuragarria zela alzheimerra…
KAZETARIA. …alzheimerrari aurre egiteko.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. …prebenitzeko dementzia horretan.
KAZETARIA. Zer du egiatik horrek?
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Zalantzagarria da, oso lainotsua da ebidentzia hori. Ebidentziak esaten digu: alkoholaren kalteak nerbio-sistemarako dira destruktiboak.
ESATARIA. Orain arte ikusi ditugun ebidentzia zientifiko guztien kontra, gizartean errrotua dago beste topiko hau: neurrian edatea osasungarria izan daitekeela.
KAZETARIA. Kontsumo moderatuaren topikoa existitzen da.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Bai. Existitzen da kontsumo moderatuaren topikoa, baina esan dudanez, ez dena egia. Are gehiago esango nuke nik: zalantzagarria da eta ez da batere lagungarria hitz egiteko populazioarekin. Zeren kontsumo moderatuak ez du ezer azaltzen. Ez da informazio argia. Zer da moderatua?
KAZETARIA. Bai. Jendeak nahi duena uler dezake.    
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Hori da. Esaterako, moderatua niretzat da kopuru bat, zuretzat da beste bat, eta zein da arrazoi duena? Are gehiago esango nuke nik, Iñaki. Beste kontzeptu zalantzagarri bat, eta lainotsua da kontsumo arduratsuarena. Zuk badakizu, hartzen baduzu alkoholaren publizitatea, beti publizitate edo iragarki guztietan azaltzen da, hor, letra txiki-txiki izanda, hor jarrita: kontsumitu, baina arduratsu. Hau da are zalantzagarriago, eta are lainotsuago, zeren zer da kontsumo arduratsua? Osasun publikoan ezin ditugu inolaz ere erabili holako kontzeptu zalantzagarriak. Zergatik? Pues, arrazoi askoren artean kontzeptu zalantzagarri hauek alkoholaren industriak erabiltzen dituelako.
KAZETARIA. Azpian doan mezua “edateko” da.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. …arduratsu edo moderatua, baina edan. Eta hori da zalantzagarria.
KAZETARIA. Joseba, ez duzue paper erraza, ezta, medikuek, ezta? Izan ere…
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Geure papera oso zaila, oso zaila, zeren azken finean gure mezuak doaz gizarte-korrontearen kontra.
KAZETARIA. Askotan agertzen diren berrien kontra. Batzuetan, askotan, Google-ren bilaketa eginda, agertzen da: “ardoa ona da, garagardoa ona da, whiskia ona da”, osasunarentzat diot, ezta? Agertzen dira ez dakit nongo unibertsitateak egindako ikerketa bat. Jendeak edaten segi nahi baldin badu, baditu hor arrazoiak.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Nire gomendioa da beti, edonori esatea, beti ikusteko nor dagoen titular baten atzean. Eta geuk irakurtzen badugu letra txikia beti ikusiko dugu, hor dago, horren azpian dago interes bat. Orduan, hori inportantea da jakitea, nor dagoen interes horren atzean.
KAZETARIA. Mediku bezala, gure dietatik erabat ezabatu behar genuke?
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Nik pentsatzen dut erabat ezabatzea, hori ez da posible, zeren alkoholaren zabalkuntza kontuan hartuta hori ez da posible gaur egun. Baina bere txokoan jarri, bai.
KAZETARIA. Hortaz, bueno, medikuarengana etorri naiz, medikuak ze aholku emango dit alkoholaren inguruan? Bukatzeko.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Lehenengo eta behin errekonozitzea, Iñaki, geu kontsumitzaileak garela.
KAZETARIA. Bai, bai. Onar dezagun hori, ezta? Eta etxean ere denek onartuko dute.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Eta gizarteko parterik handiena da kontsumitzailea. Bigarrengoa da  esatea alkohola droga bat dela. Eta horren ondorioz, adikzioa sor liteke.
KAZETARIA. Eta kalte handiak, izugarriak.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Eta kalte handiak ez bakarrik edaten duenari, baizik eta aldamenean dauden guztiei. Geuk, medikuok, esaten dugu: hobe ez edan. Edaten badugu, edan ahalik eta mantsoen, ahalik eta gutxien eta utziz tarteak; gero uzteko gure gorputzari metabolizatzeko dauzkagun toxikoak. Eta bukatzeko, beti janariarekin hobeto, beti janariarekin. Baina insistitzen dut: hobe, ez edatea. Ahalik eta gutxien, hobe. Osasuntsua dela!? Ez da baliagarria hori. Esan behar dugu beste mezu argi bat: ahalik eta gutxien, hobeto.
KAZETARIA. Ondo da. Bueno ba, eskerrik asko aholkuagatik, Joseba.
JOSEBA ZABALA MEDIKUA. Esker mila.  

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
May 31, 2019
Number: 44262833
Source:
Duration: 00:12:35
Number of visits: 1495