Docutec Card

Nola kudeatu emozioak kontsumoan?

Zenbat aldiz gertatu zaigu esnea edo ogia erostera joan supermerkatura, eta behar ez ditugun produktuz betetako poltsa batekin ateratzea?

“Bai polita! Niretzako egina dela esango nuke!”.  Zenbat aldiz izan duzu buruan esaldi hori, telebistan edo denda batean iragarki bat ikusi ondoren? Eta azkenean, kolonia hori, auto hori edo moda-modako oinetako horiek erosi egin dituzu. Edo, zenbat aldiz joan zara supermerkatura  bukatutako detergentea erostera, eta, detergenteaz gain, opil industrialak erosi dituzu tripak orroka zenituelako eta bazkaltzeko garaia zelako. Askotan, zentzuz erosten dugula pentsatzen dugu, baina benetan, emozioen bitartez egiten dugula esan daiteke.

Konfiantza, botere eta kontrol-nahia, gogo bizia, itxaropena, kidetasuna, gauza berrien aurkitzea… Horiek guztiak sentimenduak dira, eta gure erabakietan eragiten dute. Markek badakite hori; beraz, eragin handiko komunikazio-estrategia bat sortzeko baliatzen dute. Marketin emozionala eta neuromarketina diziplina finkatuak dira eta kontsumoa sustatzea dute xede, emozioak aktibatuta. Gogoan al duzu telebistako iragarki hura? Panpina baten publizitatea zen eta “alucina, vecina” esaldia aipatzen zen. Mezu horren helburua, jostailu harekin asko gozatuko zela adierazteaz gain, zera adieraztea ere bazen: jostailu hori zuena, auzoko haurrik ospetsuena izango zela. 

Azterketa zientifikoek diotenez, erosteko erabakia hartzeko prozesuaren % 75etik % 85era bitarte subkontzientea da, eta sentimenduak faktore erabakigarriak dira produktu bat aukeratzerako garaian. Van Goghek esana: “emozio txikiak dira gure bizitzaren  kapitainak eta konturatu ere egin gabe men egiten diegu”.

Logikak, benetako premiak, alderdi ebaluagarriek –hala nola, kalitatea eta prezioa– eta, azken batean, erosketa egiteko erabaki arrazionalak hartzeak protagonismoa galtzen dute gogoaldarteak eta emozioek eragindako ekintzen aurrean. Izan ere, jendeak kontsumoaren bitartez bere nahiak bete nahi izaten ditu, emozio horiek liberatzeko. Horrelako estimuluei aurre egiteko, erosketak erantzukizunez egin behar dira.


Nola kudeatu kontsumo emozionala?

Kontsumoa oinarrizko jarduera bat da, eta errepikakorra. Jarduera hori aztertu egin behar da emozioek erosteko erabakietan nola eragiten duten identifikatu ahal izateko eta  emozio horiek kudeatzen ikasteko. “Gutizia bat” erostea ona da, baina “gutizia bat” dela jabetu behar dugu.

Identifikatu zure emozioak zerbait erosteko erabakia hartu aurretik

Erosteko bulkada sentitzen baduzu, jabetu zaitez zure gorputza nola dagoen, eguneko zer ordu den, gose ote zaren, zer gertatu den edo zer ikusi duzun. Identifikatu erosteko premia hori eragin dizun emozioa, eta igaro zaitez kontsumo inkontzientetik kontsumo kontzientera.



Erosketa ahalik eta modu kontzienteenean egin ahal izateko, egin kasu gomendio hauei:

-    Erosi baino lehen, hausnartu ezazu. Benetan behar al duzu? Erabiliko al duzu? Ba al duzu etxean horren antzekorik? Hemen, emozioek bideratuta jokatzen ari ote zaren konturatuko zara.
-    Ez joan erosketak egitera baldin eta “triste bazaude” edo gose bazara, esaterako. Benetan behar ez dituzun produktuak erosiko dituzu.
-    Zalantzan jarri eta aztertu publizitatea. Publizitate emozionala zuzen-zuzenean zure sentimenduetara bideratuta dago; beraz, jabetu zaitez horretaz eta saiatu oztopoak jartzen zeure buruari produktu hori ez erosteko, aldez aurretik aztertu gabe.
-    Doitu zure aurrekontua. Hilaren amaieran zenbat aurreztu nahi duzun kontuan izanik, deskontatu zenbateko hori eta egin erosketak kontzienteki, geratzen den zenbatekoarekin.
-    Ez daukazun dirurik ez gastatu. Horretarako, behar dituzun gauzen zerrenda bat egitea baliagarria izaten da, eta eros itzazu soilik zerrendan agertzen diren gauzak, gastatuko duzun dirua kontrolatuta.
-    Egin ezazu behar dituzun gauzen zerrenda, eta erosi produktu funtzionalak. “Erabilera anitzeko paper-zapiak super merke!”. Deigarria da, baina ziur etxean baduzula antzeko produkturen bat.
-    Hartu denbora erosi baino lehen: alderatu, bilatu iritziak... Zure aurrekontura hobekien egokitzen den aukera hautatzeko eta benetan behar duzuna erosteko balio izango dizu.
-    Erosi edukia; ez ontzia, publizitatea edo gomendioak. Askotan, gehiago ordaintzen da diseinuarengatik, edukiagatik baino.
-    Hartu ohitura osasuntsuak. Ongi sentitzea zure barruan gertatzen denaren baitan dago, ez kanpoan. Egiten duzun kontsumoa barruan sentitzen duzun hutsunearekiko proportzionala izan ohi da.

www.kontsumobide.euskadi.eus web atariko testua. Kontsumobide aldizkariko  35 zb.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2 / B1
May 17, 2019
Number: 43306747
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1309