Docutec Card

Nekane San Miguel: "Gaur egun, lehenago salatzen da indarkeria matxista"

Nekane San Miguel (Arrasate, 1953) Bilboko Lurralde Entzutegiko epaile da, eta Zigor Arloko VI. aretoan egiten du lan. Bere sailean, emakumeen aurkako indarkeriarekin zerikusia duten delituak eta Zigor Epaitegietan harturiko ebazpenen helegiteak aztertzen dira. 1976an hasi zen abokatu lanean, lehenengo Eibarren eta gero Arrasaten. 1991an epaile egin zen, eta Galizian eta Tolosan aritu izan da. 2000. urteaz geroztik, Bilboko Probintzia Entzutegia da Nekaneren lantokia. Emakumearen egungo egoeraren, justiziaren eta euskararen inguruan jardun dugu berarekin.

Zure sailean, besteak beste, emakumearen aurkako indarkeriarekin zerikusia duten delituak aztertzen dira. Terminologikoki zein da egokiena, genero indarkeria, indarkeria matxista edo etxeko indarkeria?
Uste dut indarkeria matxista dela terminorik adierazgarriena. Izan ere, gizon eta emakumeen arteko harremanek baldintzatzen duten biolentzia mota berezia da. Hala ere, ez da bakarrik tratu txarretara mugatzen, besteak beste, prostituzioa eta bortxaketak ere indarkeria mota honen parte dira.

2004ko Lege Organikoak aipatzen ditu biolentzia matxistaren oinarri diren zutabeak, baina arauetan badirudi mugatu egiten dela bikotekideak edo bikotekide ohiak egindakora. Biolentzia matxista terminoa erabiltzean, emakumeok oro har pairatzen ditugun indarkeria kasu guztiak sartu behar dira, derrigorrez.

Emakume izateak eragina du kasu horiek epaitzerakoan?
Duela urte batzuk izan zitekeen, baina egun ez dut uste epailearen sexuak ezer baldintzatzen duenik. Nire ustez, pertsona bakoitzaren izaerak du zerikusia. Emakume epaileek ez dute emakume izateagatik sentsibilitate handiagoa edo txikiagoa. Sentsibilitate handiko gizonezko epaileak ere badaude.

Azken urteotan asko igo da emakumeen aurkako indarkeria oinarri duten epaiketen kopurua. Orain lehen baino gehiago ematen da indarkeria mota hau ala gehiagotan salatzen da?

Ni lanean hasi nintzenean, 1976an, alferrikakoa zen salaketa bat jartzea. Askotan gertatu zitzaidan gizon batek emakume bat jipoitzea edo erailtzea eta epaileek justifikazioak bilatzea. Horregatik, askotan ez genuen salaketarik jarri ere egiten, gizonek jasotzen zuten zigorra eskasa edo sinbolikoa izateaz gain, emakumeak oso gaizki pasatzen zuelako epaitegian ematen zitzaion tratuaren ondorioz.

Orain gehiago salatzen da erantzun bat dagoelako. Gizartea poliki-poliki ari da kontzientzia hartzen. Emakumea, neurri batean behintzat, babestuago sentitzen da eta badaki bere salaketa ez dela zakarrontzira botako. Horren ondorioz, emakumeek salaketa gehiago jartzen dituzte. Hala ere, ez naiz ausartzen zehazten indarkeria matxista orain lehen baino gehiago ematen den ala ez.

Azken urteotan legeak aldatu egin dira, baina aldi berean, tratu txar kasuen kopurua ez da jaitsi. Gainera, gero eta gehiago, gazte jendearen artean ematen dela esan daiteke. Inoiz baino egoera igualtsuagoan eta inoiz baino informatuago hezi den belaunaldia izanik, zer gertatzen ari da?
Nik uste dut ez dela nahikoa legeak onartu eta gizarteari mezu zuzenak bidaltzea. Emakumeen aurkako indarkerian bi gauza gurutzatzen dira. Batetik, gizonak emakumeak baino garrantzitsuago sentitu ohi dira, eta hori transmititzeko mekanismoak oso barneratuta daude gizartean. Mendeetan zehar emakumeenganako gutxiespena bultzatu duten hamaika eskema barneratu eta transmititu dizkiegu ondorengoei. Bestetik, oso esanguratsua da biolentziak hartu duen protagonismoa, hedabideetan, zineman eta beste esparruetan. Komunikatzeko tresna bilakatu da, eta hori oso arriskutsua da.

Gazteen kasuan, ez dakit egun lehen baino gehiago ematen den, baina berriro diot, lehenago salatzen da. Abokatu nintzenean, hamar, hogei urtetan zehar tratu txarrak jasan eta gero hasten ziren salaketak... orain, berriz, lehen unetik planto egiten da, zorionez, zenbait kasutan. Era berean, ezin da ahaztu, inoiz baino informatuago egon arren, neska-mutiko guztiek dutela etxean eredu bat. Zer ikusi du gazte horrek bere etxean? Nolakoa izan da aita eta amaren arteko harremana? Gauza horiek guztiek izugarrizko eragina dute gazteengan.

Beste elkarrizketa batean irakurri genizun emakumeen etsaietako bat emakumeak direla. Nola susta daiteke emakumeen arteko solidaritatea?
Egia esan, kontraesan handia dago emakumeon arteko harremanetan. Nik uste dut emakumeen artean ematen diren solidaritate adibide asko ez direla gizonen artean ematen. Baina, aldi berean, gizartean, oro har, onartu eta hedaturik dauden joko-arauak emakume batek jartzen dituenean zalantzan, beste emakumeon erreakzioa bortitza eta kontrakoa izan ohi da. Arrazoiak askotarikoak eta korapilatsuak dira, egoerak anitzak diren moduan... luze mintzatzeko eta aztertzeko gaia da, eta niretzat interes berezia duena.

Hitz egin dezagun justiziaz eta euskaraz. Zu izan zinen sententzia bat euskaraz lehen aldiz eman zuen epaileetako bat. Justiziaren euskalduntzea amets bat al da?
Bai, momentu honetan gizartea euskalduntzea bezainbesteko ametsa da. Azken urteotan justizia departamentuak baliabide asko jarri ditu euskalduntzea bultzatzeko asmoz, besteak beste, funtzionarioen artean ikastaro asko eman dira eta funtzionario dezente liberatuta egon dira hizkuntza eskakizunak lortzeko... baina euskararen erabilera ez da gehiegi hedatu.

Egoera honetan paper garrantzitsua jokatzen du abokatuen jarrerak eta bezeroen beldurrak. Batetik, uste da itzultzailea erabiltzeak zehaztasuna kentzen diela adierazpenei (nork bere herrian itzultzailerik gabe ulertua izateko eskubideaz gain, baina epaile eta funtzionario euskaldunen kopuru txikia ikusirik, ezinbesteko bihurtu da itzultzaileen lana). Bestetik, jendeak uste du bere lehen hitza euskaraz esaten badu, epailea kontra jarriko zaiola eta ez duela ebazpen justua izango eta hori ez litzateke horrela izan behar (ez dela uste dut).

1993an lehen epaiketa euskaraz egin nuenean uste nuen askoz argiago etorriko zela etorkizuna, baina urteak pasa dira, baliabideak daude eta ezagutza maila igo da, baina oraindik oso epaiketa gutxi egiten dira euskaraz.

Euskal Herrian gero eta etorkin gehiago bizi dira. Nola bultza daitezke integrazioa, norberaren kulturarekiko errespetua, bizikidetasuna eta aldi berean, euskararen ezagutza?

Etorkinek euskara ikasiko dute beharrezkoa dela sentitzen duten heinean. Oinarrizko kontu bat da. Hemen, euskara baino gaztelania gehiago hitz egiten dela da arazo, eta lehenago Espainiako beste toki batzuetatik etorri zirenei ez zitzaien euskara ikastea eskatu eta, beraz, ez zuten ezinbestekotzat hartu. Ez dut uste errespetu falta bat denik etorkinari euskara ikastea eskatzea, baldin eta guk ere hitz egiten badugu. Izan ere, etorkin askori entzun diet kexa hori: "Zertarako euskara ikasi, euskaldunok, zuen artean, gaztelaniaz ari bazarete?" Gure erru puntua onartzen hasten garenean berreskuratuko dugu gure autoestimua. Ezin ahaztu, "errugabea", ahalmen gabea (edo "ez-gai") ere badela.

Euskadi Irratian iritzi-emaile bezala diharduzu. Nolakoa da, zure ustez, giza eskubideen aldeko borrokan eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean komunikabideek egin beharreko lana?

Salbuespenak salbuespen, uste dut arinkeriaz (edo fede txarrez, kasuan kasu) jokatzen dela albiste asko jorratzeko orduan. Kazetariak ez dira maiz transmititzen dituzten mezuen garrantziaz jabetzen. Gainera, oso azkar eta hausnarketa gutxirekin funtzionatzen da. Kontuan izan behar dugu albiste bat irakurtzean, goiburuko deigarriari erreparatzen diogula. Horregatik, asko zaindu behar dira titular horiek, min handia egin baitezakete. Hitzen eta adieren garrantziaz eta arriskuaz jabetu behar dugu, izan ere, transmititzen den mezua guztiz desberdina izan daiteke erabilitako hitzak eta esateko era zaintzen ez baditugu.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment