Docutec Card

1HE eta 2HE egiaztatzeko azterketak: idazlana ondo egiteko aholkuak

Lehenengo eta behin, esan behar da aholkuak ematea ez dela erraza; izan ere, batzuentzat balio duena beste batzuentzat ez baita batere baliagarri izaten. Hala ere, ondoko lerroen helburua zera da: 1HE eta 2HE egiaztatzeko probetako idazlanak aztertzean kontuan izaten diren alderdiak azaltzea, eta idazlanok ondo egiteko aholkuak ematea.

Nolakoa izan daiteke azterketa?
    1HE: inprimakia, gonbidapena, iragarkia, ohar laburra, ...
    2HE: eskutitz formala (erreklamazioa, kexa, eskaera...)

Bost atal aztertzen dira
Zuzentasuna: arau gramatikalak zuzen erabiltzen diren aztertzen da. Akatsik egonez gero, nolakoak diren (oinarrizkoak, goragoko mailakoak, sistematikoak ) begiratzen da.
Egokitasuna: eman den egoeran, erabili behar den hizkuntza-erregistro egokia erabiltzen den (formala, informala...) begiratzen da.
Aberastasuna: atal honetan lexikoa eta esamoldeak aztertzen dira, edo mailatik gorako baliabide linguistikoak erabiltzen diren baloratzen da.
Kohesioa: esaldiak lotuta dauden ala solte dauden aztertzen da.
Koherentzia: ea testua ulergarria den, ideiak argi adierazita dauden, testua ondo antolatuta dagoen, kontraesanik gabe dagoen...  hartzen da kontuan.

Sei aholku
1. Adi-adi irakurri idazlanean ematen den egoera. Gaizki ulertuz gero, gaia alda dezakezu eta zure idazlan horrek zalantza sor dezake, etxetik prestatuta ekarri duzula pentsa daiteke, nahiz eta zuzena izan.

2. Egokitu hizkuntza-egoerara (erregistro formala edo informala). Normalean 1HEko azterketako egoerak erregistro informalagoa eskatzen du eta 2HEkoak formalxeagoa.

Puntu hau oso garrantzitsua da, azterketa baten aurrean gaudenean hain ondo egin nahi izaten dugu, hain zuzen, hain formal... Beldur izaten gara informalegiak izango ote garen, hizkuntza pobrea izango ote den; eta beldur horren ondorioz. hizkuntza artifiziala, bortxatua erabiltzen dugu sarritan. Inolako beldurrik gabe, egoeran jarri behar dugu geure burua (erdaraz egingo genukeen bezala) eta egoerak eskatzen duen hizkuntza-erregistroa erabiltzen ahalegindu.

1HE azterketa baten adibidea:

Lanean zaude. Bakarrik zaude zure lankidea bilera batean dagoelako.Telefonoa hartu duzu eta zure lankidearentzat zen, semearen eskolatik deitu dute esateko semea gaixorik dagoela. Zuk irten egin behar duzu eta lankideari ohar bat utzi behar diozu.


Bi idazlan ditugu jarraian. Biak dira gramatika aldetik zuzenak. Batzuei aberatsa iruditzen zaiena beste batzuei artifiziala iruditzen zaie. Gustu kontuak alde batera utzita, azter ditzagun egokitasunaren aldetik. Ezkerrekoa ez da egokia; begiratu, batez ere, azpimarratu ditugunei. Eskuinekoa, sinpleagoa da hizkuntza aldetik, baina egoera horretatik hurbilago dago, naturalagoa da egoera horretan.


 
3. Pentsatu hasierako agurra, hasierako sarrera-paragrafoa eta amaiera (formala, informala). Gehienetan esaldi eginak erabiltzen dira, horiek buruz ikasi besterik ez dago.



Batzuetan inprimakiaren formatua ematen da. Kasu horietan ez da hasierako agurrik behar. Adibidez:



4. Idazlanaren mamia ondo antolatu. Hau da, dudarik gabe, zatirik zailena. Funtsezkoa da irudimena, bururatzen zaizkizun ideia guztiak apuntatu, ordenatu eta gero, ideia bakoitza paragrafo bihurtu. Sormen lan honetan, luzitu egin nahi izaten dugu azterketa bat delako, baina ondo dakizkizun egiturak erabiltzen badituzu, askoz hobeto; ez arriskatu gehiegi.



5. Paragrafoak egin eta gero, lotu paragrafoak lokailuak erabiliz. Lokailu-zerrenda bat izatea komeni da: hala ere, horrez gain, horren ondorioz, joan gaitezen harira, esan beharrik ez dago, oker ez banago, beraz, lehen esan bezala, alde batetik...bestetik...

6. Errepasatu idazlana. Kontuz, batez ere, oinarrizko akatsekin (deklinabidea, zehar-galdera, konpletiboa, erlatiboa, aditzak, aspektua). Orrialde interesgarria duzue www.ikasbil.net, HABE Aldizkariko eranskinetan (1. eta 2. mailako deialdietako azterketa idatzietan bildutako akatsik ohikoenak).

Garbiñe Apraiz
Basurtuko Ospitaleko euskara-teknikaria

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2 / B1
Apr 1, 2009
Number: 413808
Number of visits: 36262