Docutec Card

Etorkizunaren aldeko ostiralak

Orain dela gutxi, klima-aldaketaren aurkako greba orokorra deitu zuten Europako zenbait herritako ikasleek. Ekimen horren atzean "Fridays for future" mugimendua dago, "Etorkizunaren aldeko ostiralak".

Grabazio honetan, Begoña Muruaga Euskadi Irratiko iritzi-emaileak mugimendu ekologikoaren zenbait zertzelada ematen ditu, eta baita egunerokoan zer neurri har ditzakegun planetaren mesedetan. Zuk ezer egiten al duzu kausa horren alde?

Transcription:[+] Transcription:[-]

BEGOÑA MURUAGA. Joan den astean, martxoaren 15ean hain zuzen, klima-aldaketaren aurkako greba orokorra deitu zuten Europako zenbait herritako ikasleek. Ekimen horren atzean “Fridays for future” mugimendua dago, “Etorkizunerako ostiralak” mugimendua. Mugimendu hori joan den urteko abuztuan jarri zuen abian Greta Thunberg izeneko neska gazteak, Suediako parlamentuaren aurrean testu bat irakurri zuenean klima-aldaketaren aurkako neurriak eskatuz. Harrez gero, olioa bezala hedatu da mugimendua: lehenengo eta behin Suedian, gero Suitzan, Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan eta Belgikan. Bai eta Europatik kanpo ere. Espainian urtarrilean hasi ziren klima-aldaketaren aurkako oihuak.

Ekologiarekiko kezka ez da gaurkoa, aspalditik dator. Greenpeace, adibidez, 1971n sortu zen, Kanadan. Ordutik hona mundu osoan zabaldu da. Bestalde, 80ko hamarkadan hasi ziren ugaltzen alderdi berdeak. Gaur egun, horietako 32k Europako Alderdi Berdea osatzen dute. Bada, talde horiek guztiek urteak daramatzate eskatzen munduko gobernu guztiei, baina batez ere Lehenengo Mundukoei, klima-aldaketaren aurkako neurri zorrotzak, horien artean energia berriztagarriak bultzatzea eta atmosferara bidaltzen dugun karbono-dioxidoa murriztea.

Bestalde, badakigu gutariko bakoitzak ere erantzukizuna duela berotze globalean: jaten ditugun elikagaiak, gastatzen dugun urak, erabiltzen dugun garraioak edo erosten dugun arropak eragina baitu klima-aldaketan.

Gaur ezin dugu esan informazio nahikorik ez dugunik. Eta norbaitek hala dela uste badu, entzun ditzala gazte horien oihuak: “Zertarako ikasi etorkizunik ez badugu?”, “Ez dut aurkitzen hitzik, plastikoa baizik”, “Kutsadurarik gabeko mundua nahi dut”. Edo “Trumpek sinistu ez arren, hemen daukagu klima-aldaketa”.

Hauteskundeak ate-joka dauzkagu: apirilean hauteskunde orokorrak, maiatzean udal hauteskundeak eta Europakoak. Aukera ona alderdi guztiei eskatzeko klima-aldaketaren inguruko proposamen zehatzak. Bestela atzera-bueltarik ez duen puntura eramango dugu planeta.  

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Mar 27, 2019
Number: 41018449
Source:
Duration: 00:02:53
Number of visits: 852