Docutec Card

Ze balio ematen diogu lanari?

Dugun iritzi eta esperientziaren arabera, lanari balio desberdina ematen diogu: ziurtasuna, askatasuna, plazera… Nolanahi ere, lana egunero egin behar horrek baldintzatzen gaitu.

Lanak duintzen ote gaituen, gustuz egiten ote dugun eta beste hamaika teoria ekarri dizkigu Andoni Egañak Amarauneko zutabera. Lanak izan ditzakeen balio desberdinen adibideak ere eskainiko ditu, gaiari buruzko hausnarketa eginez. Lotuak egon ote daitezke lana eta plazera?

Irratsaio osoa hemen entzungai.

Transcription:[+] Transcription:[-]

ANDONI EGAÑA.- Xapre, lanik gabe geratu naiz eta ez duzu ba zuk inor ezagutuko nitaz hitz egin eta lanen bat lortzeko? Ezetz erantzun zion Xaprek, gure filosofo handietako batek. Eta serio-serio erantsi zion: “Nik ez nioke honelakorik sekula lagun bati egingo”. Beste behin ia bere golkorako alfer fama jarri ziotela eta zera aitortu zuen: “Beno, lana ez duk hain txarra berez, baina denbora asko kentzen dik bizitzeko”. Egia da.

Lanari buruzko esaera indartsuak asko dira. Facundo Cabral izan omen zen lehena honakoa esaten: “Izango ez da ba txarra lan egitea, ordaindu egiten dute-eta egiteagatik”. Victor Hugo ere ez zebilen ikuspegi horretatik urruti, lan egitea goxoki bat da, baina guztioi  ez zaizkigu goxokiak gustatzen.

Beste batzuk erradikalagoak dira: ezaguna da gure esaera zaharra: Lana tamainan, ez asko eta ez gutxi, onena batere ez. Montserrat Caballek argi zeukan bere lanaren helburua: “Presaka egiten dut lan, lasaiago bizitze aldera”.
Pertsonak plazera aurkitzen du jatean, edatean, txortan, jolasean. Alegia, gainerako animaliek ere egiten dituzten gauzak egitean, baina ez du plazerik aurkitzen animaliek egiten ez duten horretan: lanean. Henry Ford-ek  esan zuena zer asmorekin esan zuen asmatzen ez da erraza.

Makina batek egin dezakeen lanik ez litzaioke inoiz pertsona bati eragin behar. Eta badira beste batzuk lanari buruzko ikuspegi onberagoa dutenak ere. Konfuziok esan zuen: “Gustukoa duzun lan bat aukeratu, eta ez duzu bizitzako egun bakar batez ere lan egin beharko”. Eta Shakespeare ere ez zebilen hortik urruti: “Beti jai balitz, dibertitzea lan egitea baino aspergarriagoa litzateke” utzi zuen idatzita.

Simone de Beauvoirrek balio handia ematen zion lanari: “Lanaren bidez berdindu ahal izango du emakumezkoak gizonezkoa, lana da erabateko askatasuna eman diezaiokeen bakarra”.

Aste honetan jakin dugu Erkidegoan ematen dela estatu osoko absentismo laboral handiena. Alegia, lanera huts egin zaleak gara erkidegoko herritarrok azken datuen arabera, mediku-bajak eta baja gabeak xehetzen ditu ikerketak.
Behin batek esan zuen gisa: “Garuna organo miresgarria da, goizean goiz jaiki orduko hasten da lanean, eta ez da geratzen lantokiko atera iristen garenera arte” .


 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Mar 22, 2019
Number: 40764080
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 02:44
Number of visits: 615