Docutec Card

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala

Gaur betetzen dira 60 urte Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak, 1948ko abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuela. Aldarrikapen horrek eta giza eskubideen esparruko nazioarteko itunek osatzen dute Giza Eskubideen Nazioarteko Gutuna.

Nazio Batuen Erakundeak zortzi kideko batzorde bat izendatu zuen, giza eskubideen aitorpen tresna bat sor zezan: Eleanor Roosevelt (Estatu Batuak), Charles Malik (Libano), Peng Chun Chang (Txina), Hernán Santa Cruz (Txile), Alexandre Bogomolov/Alexei Pavlov (Sobiet Batasuna), Lord Dukeston/Geoffrey Wilson (Erresuma Batua), William Hodgson (Australia) eta René Cassin baionarra.

Batzorde horrek idatzi zuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, indar juridikorik ez izangatik ere, munduko pertsonen eskubideen ikur bihurtu dena. Hitzaurre bat eta 30 artikulu ditu aldarrikapenak, eta eskubideak zehazten ditu esparru zibilean, politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean, berdintasunaren printzipioan oinarrituta.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala 372 hizkuntzatara ageri da itzulita Nazio Batuen Erakundearen webgunean: Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala euskaraz


Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ospatzeko euskal kanpaina: AGIRIA

Duela 60 urte onartu zuen Nazio Batuen Batzar Orokorrak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala. René Cassin, baionarra, izan zen Aldarrikapenaren idazlari nagusia. Aginte publiko eta herritar guztiok bete eta betearazi behar ditugun eskubide unibertsalen katalogo bat da Aldarrikapena. Aurrerapen handia izan da Aldarrikapena gizateriaren historian. NBEko idazkari nagusiak zioenez, "Aldarrikapena da ongia eta gaizkia deritzegun horien neurria". Adierazpenaren garrantziaz ohartzeko, saiatu galdera honi erantzuten: "...eta Aldarrikapenik ez balego?".

Zorionez, badago Aldarrikapenik, eta munduko estatu ia guztiek onartua dute eta beren legedietara eramana. Alabaina, ez da aski horrekin. Indar ahaltsuak dihardute eskubideak urratzen, eta mundu osoan bortxatzen dira. Urrakorrak dira giza eskubideak, eta arriskuan izaten dira bidegabekeria, desoreka eta desberdintasun testuinguruetan.

Giza eskubideak aintzat hartzea du gizateriak eginkizun nagusia. Hiru baldintza, gutxienik, bete behar dira helburu hori lortzeko: giza eskubideak ezagutzea, haien garrantziaz ohartzea eta haien alde jardutea. Lehenik eta behin, Aldarrikapenak zer dioen jakin behar da, irakurri, hedatu; etxean, eskolan, lanean... eduki, gure jardunean eskura izan. Izan ere, gizakiak inoiz idatzi duen testurik garrantzitsuenetakoa da.

Bigarren baldintza Aldarrikapenaren esanahi sakonaz jabetzea da. Gizaki guztiok, salbuespenik gabe, daukagu zer erkide bat: gure berezko giza duintasuna. Gizakiok ez gara bitartekoak, tresnak edo ordez daitezkeen objektuak; gizaki bakoitza berez da helburu bat, bakarra, ordeztezina eta hautatzeko gaitasuna duena (Kant). Helburu garenez, gizon-emakume guztiok dugu giza duintasuna, errespetua zor zaigu eta hainbat eskubideren jabe gara. Baieztapen biribil hori da, hain zuzen ere, Aldarrikapenaren mamia eta euskarria.

Norberaren duintasun-esperientziaz baliatzean, besteenarekin egiten dugu topo. Gizakion mugaz eta sormen mugatuaz ohartzean datza esperientzia hori. Elkarrizketa, enpatia eta berradiskidetzea gauza daitezke baldin eta jabetzen bagara gure ahalmenak mugatuak direla. Ez gara egia absolutuaren jabe. Mugatuak gara. Hala eta guztiz ere, helburu bat gara. Gizaki bakoitzak arrazoia eta kontzientzia ditu, eta egoera, dohain eta ahalmen izugarriz hornitua dago. Horri esker, gai da hautatzeko, sortzeko, zoriontasuna bilatzeko..., azken batean, bizitzaren bidea egiteko.

Duintasunaren funtsezko zati dira gure mugak eta gure sormen mugagabea, eta gizakiaren alderdirik unibertsal eta gizatiarrenak bilatzeko lagungarri zaizkigu. Gure kontzientziaren barruan gizakiaren lehentasunak ulertzen laguntzen digute, haren duintasunaren balio absolutuaz eta giza eskubideak aintzat hartzearen ezinbestekotasunaz jabetzen. Horregatik, giza duintasunaren eta bakearen etika ditugu gizakion eginkizun nagusia gure jarduera sozialean.

Hirugarren baldintza, berriz, konpromisoa dugu. Beste zenbait erreferentziarekin nahasturik dakusa gizarteak Aldarrikapena, beste balio batzuekin alderagarria, edo are apalagoa. Ez dirudi dagoenik kontzientzia argirik Aldarrikapenaren balio izugarri eta unibertsalaz. Beharbada, gazteek berezko eskubidetzat dakusate Aldarrikapenak dioena, babestu eta sustatu beharrik ez dagoen zer higiezin gisara. Alabaina, gure mundu honetako urrakortasunak erakutsi digu etengabe berritu beharra dagoela giza eskubideen indarraldiarekiko eta bere garrantziaren eta beharraren zentzuarekiko konpromisoa.

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Goi Mandatariak dei egin du mundu osoan ospatzeko, 2008an, Aldarrikapenaren 60. urteurrena, "Duintasuna eta justizia denontzat" esloganarekin. Bat egin dugu Euskadin deialdiarekin eta proiektu global bati atxiki gatzaizkio, duintasunaren eta justiziaren aldeko nazioarteko sinergia batekin bat egin dugu. Era berean, gure herrira begira ere jarri gara, hemen ere urratzen eta mehatxupean jartzen baitira zenbait giza eskubide.

Agiri hau dugu konpromisoaren adierazpena. Giza duintasunaren eta oinarrizko eskubideen lehentasuna (ongia) aldarrikatzen dugu, haien zeinahi urraketari (gaizkia) kontrajarririk. Agiri honen sinatzaileok berretsi egiten dugu gizaki guztien giza eskubide guztiekiko konpromiso behin betikoa. Dena dela, eskubide urrakorrenei erreparatzen diegu bereziki, bai gure herrian bai munduan. Hala, bada, konpromiso orokor hori harturik, beste zehatzago batzuk ere gureganatzen ditugu:

Urratu den giza duintasuna berreskuratzea da lehentasun nagusia. Gure lehen konpromisoa da giza eskubideen aurkako zeinahi urraketaren biktimekiko elkartasuna. Bai gure herrian bai munduan, biktimei duintasuna itzultzeko, haien sufrimendua sendatzeko eta jasan duten egoera bidegabearen berrikuspen kritikoa eta argitzailea egiteko konpromisoa hartzen dugu.

Bizitza da giza eskubiderik gorena, beste guztien euskarria; hura gabe, gainerakoek ez dute zentzurik. Ez inongo kausa politiko edo ideologikok, ez estatu-arrazoiak ez dute justifikatzen eskubide hori urratzea. Inork ez du eskubiderik beste gizaki bati bizia kentzeko. Bai gure herrian bai munduan bizitzeko eskubidearen alde jarduteko konpromisoa hartzen dugu, beste zeinahi irizpideren gainetik.

Bereziki zorrotza izan behar du giza eskubideen zaintzak botere publikoen aginduz atxilotutakoei edo espetxeratutakoei dagokienez. Tortura da giza duintasunaren urraketa arbuiagarrienetako bat. Gure herrian eta munduan atxilotu eta espetxeratuen eskubideak zaintzeko konpromisoa hartzen dugu, zigorgabetasunari batere tarterik utzi gabe, lege-hutsunerik onartu gabe eta egiazko berme judizialak ezarriz.

Desberdintasunak eta bazterkeria dira duintasun-ezaren eta giza eskubideen urraketen sorburu. Gure herrian eta munduan berdintasunaren alde jarduteko konpromisoa hartzen dugu, gizarteko baztertuenen alde aritzeko baztertuenak izan ez daitezen, eta, hori lortutakoan, hurrengo baztertuenen alde segitzeko.
Giza duintasunak ez du sexu-bereizketarik egiten. Emakumeen diskriminazioak sufrimendu handia eragin du iraganean, eta oraindik ere bidegabekeria eta indarkeria asko jasaten dituzte emakumezkoek. Gure herrian eta munduan diskriminazio-mota oro salatzeko konpromisoa hartzen dugu, eta egiazko genero-berdintasun sozial eta legalaren alde jardutekoa.

Giza duintasuna aintzat hartzeak berekin dakar oinarrizko zenbait eskubide eta askatasun (indibidual eta kolektiboak) onartzea. Sarritan, ordea, segurtasunaren edo eraginkortasunaren mende jartzen dira askatasun eta eskubide horiek. Gure herrian eta munduan adierazpen-, manifestazio- eta elkartze-eskubideen alde egiteko konpromisoa hartzen dugu, eta gehiengoak demokratikoki adierazitako borondatea bete eta betearaztekoa.

Denok sentitu gara noizbait gutxiengoren bateko partaide. Denok gara, nolabait, emigranteak edo emigranteen ondorengoak. Gure herrian eta munduan gutxiengoekin eta emigranteekin adeitasunez jarduteko konpromisoa hartzen dugu, gainerako herritar guztien eskubide eta betekizun berekin integratzeko gizartean, inongo bereizketarik egin gabe jatorri, erlijio, sexu-joera, egoera sozial edo ideia politikoengatik.

Munduko edozein bazterretan, edo gure auzoan bertan, bidegabekeriak eta tragediak izaten ditugu. Ekologiari dagokionez, berriz, munduaren iraupena arriskuan dago. Gure herrian eta munduan bidegabekeriei aurre egiteko, ahulenak babesteko eta planetaren jasangarritasunaren alde egiteko konpromisoa hartzen dugu.

Gerra eta indarkeria dira bidegabekeriaren adierazpenik muturrekoenak, giza kontzientziaren kontraesanik bortitzena. Gure herrian eta munduan gerrari eta indarkeriari bidea ixteko konpromisoa hartzen dugu, zibilizazio, erlijio, nortasun eta ideologia desberdinen arteko elkarrizketa eta akordioa bultzatzeko konpromisoa.

Bizikidetzak eskatzen du giza eskubideei buruzko informazioa izatea gizarteak, giza duintasuna hartzea haien euskarritzat, eta mundu guztiak onartzen duen konpromisoa izatea eskubide horiek. Giza eskubideetarako hezkuntza eskatzen du hauen aldeko kultura, modu sistematikoan, hedatzeko oinarrizko tresna gisa. Gure herrian eta munduan giza eskubideetan hezitzeko konpromisoa hartzen dugu, hauen berri emateko eta haien premia eta indarrak bizirik iraunarazteko, giza eskubideak bete eta betearazteko konpromisoa.

Giza eskubideak zatiezinak eta unibertsalak izateaz gain elkarrekin lotuta doaz. Ez da onartzen hauekiko atxikimendurik zatika edo aukeran. Bere erabilera alderdikoi edo interesatua iruzurra da eta hauen heriotza dakar. Pertsona guztien eskubide guztiak defenditzeko konpromisoa hartzen dugu politika eta ideologia aurreko oinarri gisa. Hauek babesteko eta zaintzeko konpromisoa hartzen dugu, arraza, etnia, nazio, jatorri sozial, ideologia politikoa edo beste bazterketa adierarik gabe.

2008ko maiatzak 15
Txaro Arteaga, Bernardo Atxaga, Nestor Basterretxea, Garbiñe Biurrun, Gurutze Irizar, Mikel Laboa, Gorka Landaburu, Anjel Lertxundi, Ramón Múgica, Dora Salazar eta Joan Mari Torrealdai

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ospatzeko euskal kanpaina

 
 

Comments
Login for comment

C1
Dec 10, 2008
Number: 403296
Source:
Number of visits: 7959