Docutec Card

Zaindu zeure burua

Guraso izatea ez da erraza. Irratsaio honetako ahozko zutabean, Karmele Jaio idazleak aholku bitxia ematen digu, jende askok uste duenaren aurkakoa. Arrazoia ote du?

Transcription:[+] Transcription:[-]

Era askotako amak ezagutzen ditut eta era askotako aitak ere. Guztiei aldatu zaie bizitza neurri handi batean lehenengo haurra izan zutenetik, haur bat izatea eta lehen zenuen bizitza berdinarekin jarraituko duzula pentsatzea fantasia bat baino ez baita, gezurra. Dena aldatzen da, eta asko. Baina, hala ere, badaude aldatzeko moduak, badaude bizitza berri bat hasteko tankerak eta jarrerak.

Ezagutzen ditut ama batzuk euren buruetaz ahaztu egiten direnak. "Niri berdin zait sufritzea bera ondo baldin badago", esaten dizute, bikotearen osasunari erreparatu gabe, eta jarrera horrekin seme edo alabari onena eskaintzen ari direla uste dute, konturatu gabe seme edo alabaren gain jartzen ari diren zama. Egun batean seme edo alabarengan botako dituzte erru guzti horiek: "Nik zugandik egin dudan guztia eta horrela eskertzen didazu?", egingo diete errieta etxetik alde egin nahi dutela esaten dietenean. "Zuen buruetaz baino ez duzue pentsatzen", egingo diete oihu, haserre. Eta seme-alaben gain jarriko dute bizitzan beraiek egin ez duten guztiaren errua, zama. Bikote eta seme-alabekiko harremanean faktura dakarten jarrerak dira. Zure alaba edo semeari onena eskaini nahi diozula? Zer hobe bere burua zaintzen duen ama alai eta zoriontsua izatea baino? Zer hobeago bikote harreman osasuntsu eta landua duten gurasoak izatea baino? Zu pozik eta zeure buruarekin bakean ikusten bazaitu, bera ere zoriontsu izango da.

Ez dut oraindik ahaztu ospitaleko emagin batek eman zidan gomendioa: "Izan zaitez berekoi", esan zidan. Lehenengo eta behin, arduratu zaitez zutaz, eta gero, zutaz. Neure gorputza, burua eta arima zaintzeko gomendatu zidan ingurukoak pozik izan nahi banituen. "Egon zaitez, lehenengo eta behin, zure buruarekin gustura eta bakean; horrela bakarrik izango zara gai inori ezer onik eskaintzeko." Horrela esan zidan, eta saiatu saiatzen naiz, baina ez pentsa erraza denik.

Karmele Jaio

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
May 12, 2008
Number: 385637
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:01:50
Number of visits: 4806