Docutec Card

Jon Lopategi bertsolaria zendu da

Jon Lopategi bertsolaria hil da. Lopategik Euskal Herriko bertsolari-txapelketa irabazi zuen 1989an, eta lau aldiz izan zen Bizkaiko txapeldun.

Jon Lopategi, Baltza ezizenez, Muxikan (Bizkaia) jaio zen, 1934an, 84 urterekin joan zaigu beraz. Frankismoaren garai ilunenetan ibili zen bertso-kantari plazaz plaza, Jon Azpillagarekin bertsolariarekin batera. 80ko hamarkadatik aurrera, hainbat bertso-eskolatan irakasle ere jardun zuen.

Argazkian, Xabier Amuriza eta Jon Lopategi bertsolariak

HABE Aldizkariko 140. alean ZOKOMIRA sailean argitara eman zen elkarrizketa hemen duzu irakurgai.

Transcription:[+] Transcription:[-]

MAITE ARTOLA KAZETARIA. Egun on deizuela guztioi. Albiste triste batekin esnatu gara gaur goizean: Jon Lopategi bertsolaria hil da.
Kezka horretan ikusitzea
Nik gehiago zaitut maite
Duda guztiak azaldutzera
Aitagana etorri zaite.
Bertsolaritzaren historiaren zati bat joan zaigu, hortaz. Gure artxiboan daukagun bertso zaharrenetako bat zen entzun duzuen hori, 1965ean kantatutakoa. Igotz Alkorta, egun on.
IGOTZ ALKORTA KAZETARIA. Egun on. Goiz aldean baieztatu dugu albistea Bertsozale Elkartetik
Jon Lopategiren heriotza. Jon Lopategi, Baltza ezizenez, Muxikan jaio zen, 1934an, 84 urterekin joan zaigu beraz. Filosofia ikasi eta irakasle lizentziatu zen.
Bertsolaritzan, plazaz plaza, frankismoaren garai ilunenetan hasi zen, eta berehala nabarmendu ere bai. 1962tik 66ra Bizkaiko lau bertsolari-txapelketa irabazi zituen. Garai hartan Jon Azpillagarekin bertso-bikote ezaguna osatu zuten, askatasun-egarriz zen Euskal Herriko herriak zeharkatuz.
    Txapelketei dagokienez, ibilbideko une gorena, hala esan badaiteke, 1989a izan zuen. Aurretik bi alditan, 1984an eta 1986an, Euskal Herriko txapeldunorde izana zen; 89an jantzi zuen Euskal Herriko txapela. 80ko hamarkadatik aurrera, hainbat bertso-eskolatan irakasle izan zen; irakastea maite zuen, gazte sentiarazten zuela esan zigun Euskadi Irratian: “Benetan sentitzen duenak hori, irakasteko gogo hori, ba espiritu hori behar omendu eta nik, egia esan, jarraituko dudala gazteekin harremanetan egoten. Lehen esan dudan bezala, nik gazte izan nahi dudala hil arte”.
    Esan genezake, Maite, Bizkaiko gaur egungo puntako bertsolari ugari, denak ez esatearren, bere ikasleak izanak direla: Igor Elorza, Unai Iturriaga edo Onintza Enbeita, egungo txapelduna, esaterako. Horren seinale, 2012an Jon Lopategik jantzi zion Bizkaiko txapela urte hartako txapeldunari, Arkaitz Estiballes izan zen orduan. Eta finalista guztiek aitortu zuten, finalaren aurretik, Lopategi izana zutela irakasle. Arkaitz Estiballes, Jone Uria eta Igor Elortza entzungo ditugu hurrenez hurren:
ARKAITZ ESTIBALLES. Kanpantxon? biltzen genituen bertsolari gazte denok. Gero oroitzapenak ba kontsejuak ere bai, ez? 6-7-8-9 ez dakit nik zenbat ume kabitzen ginen kotxe horretan.
JONE URIA. Gugana ere etortzen zen astero-astero Algortara bertso-eskola ematera.
IGOR ELORTZA. Jonek bastante garbi adierazi euskunez (zigun), irakatsi ahal euskuna ja irakatsu euskula eta ja hortik aurrera geure kabuz egin behar genduala hegaz, ezta?
IGOTZ ALKORTA KAZETARIA. Hiletaren inguruko datuak-edo jakin ahala emango dizkizuegu.
Jon Lopategi, Euskal Herriko bertsolari-txapelduna, Bizkaiko txapelduna lau bider eta lehen bertso-eskola haietan urte askoan irakasle izandakoa joan zaigu.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Feb 8, 2019
Number: 38286454
Source:
Duration: 00:02:57
Number of visits: 271