Docutec Card

Kaldereroak: Zeintzuk ote?

XIX. mendean Europa ekialdetik etorritako zingaro edo ijito talde ibiltariak ziren kaldereroak. Donostiatik eta Euskal Herriko beste herrietatik pasatzean ikusmina sortzen zuten, kanta, dantza eta festa harrigarri bezain exotikoz kaleak alaitzen zituztelako. Eskulangintzan abilak ziren eta pertza edo bestelako tresnak konpontzeko enkargu ugari jasotzen zituzten herritarrengandik.

Konpartsak, hartzak eta hizkuntza ezezaguna
 
Donostiako kaleetan 1884an atera zen lehen aldiz kaldereroen konpartsa, Sarriegi musikari handiak moldatutako pieza joaz (entzun MP3an). Horrela, gertakizun historikoa festa bihurtu zuten donostiarrek, buhame nomaden biziera inauterietako giroan integratuz. Gainera, pertsonaia bereziz osatu zuten antzerkia (Momo Erregea, alanbratzailea, Erregina...) XX. mende hasieran hartza eta hezitzailearen irudiak gehitu zitzaizkien konpartsari. Ez zen anakronismo bat. Hartza San Blasetan, otsailaren 3an, bere zulotik ateratzen dela dio sineskera zaharrak eta lotura handia izan du beti inauteriekin, udaberriaren etorrera adierazten baitu zenbaiten esanetan. Urte horietan asko ziren oraindik hezitako hartzekin han-hemenka ibiltzen ziren ijitoak, Europa osoan barrena egiten zituzten antzezkizunak eta jendearen barreak sorrarazten zituzten hartzaren txilipurdiek. Europa ekialdean bazegoen hartz ugari eta horiek hezteko tradizioa aspaldikoa zen, baina Pirinioetan beranduagokoa da praktika hori. Migel Mari Elosegi (Leitza, 1970) biologoak hartzari buruzko bere liburuan dioenez XIX. mende hasieran, Ariège eskualdean, hartz-kumeak harrapatzeko ohitura zabaldu zen, etxean hezi eta herrietan zehar demostrazioak eginez diru apur bat irabazteko; ehunka hartz-kume harrapatu zituzten horrela (1880an 200 hartz hezitzaile omen zeuden inguru horretan).


 1916 inguruan Leitzako plazan ijitoak hartzarekin azaldu zirela kontatu zion Elosegiri amona batek: "Ursu mania, karapartara, paira paira!" esaten omen zuten. Zein ote zen hartz hezitzaileek erabilitako hizkuntza hori? Ijito taldeek romanitik eratorritako hizkuntza bereziak erabili izan dituzte, horien artean erromintxela, euskararen mailegu ugari duena. Kale dor Kayiko elkarteak egindako azterketa baten arabera oraindik 500 hiztun baino gehiago dago Hego Euskal Herrian eta beste hainbeste Lapurdin eta Zuberoan. Hain zuzen, Zuberoako maskaradetan gorriak (eleganteak, zibilizatuak) eta beltzak (zikinak, behartsuak) izeneko pertsonaia-taldeak daude, azkeneko honetan sartu izan dituzte buhame edo erromintxelak. Kaldereroetako kantetan, aldiz, ez dirudi hizkuntza horren arrastorik agertzen denik, bai ordea Hungariako kantaren bat edo beste.


 Nolanahi ere, egun bereziak dira datozenak, kalderero, inauteri, maskarada edo inude eta artzainen antzezkizunek gertaera historikoak, kultura ezberdinak eta errito zaharrak uztartzen baitituzte eta esanahi sakona ezkutatzen dute barnean.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 29, 2008
Number: 372650
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 3838