Docutec Card

"Haizearen Orrazia, ideiatik proiektura, amets baten gauzatzea" Chillida-Leku museoan ikusgai

30 urte beteko dira irailean Haizearen Orrazia osatzen duten hiru eskulturak Donostiako Tenis pasealekuaren amaieran instalatu zirela, gaur egungo Eduardo Chillida pasealekuan, hain zuzen ere. Eta urteurren hau ospatzeko, Chillida-Leku museoak urtean hiru erakusketa eskainiko ditu Hernaniko Zabalaga baserriko 4. aretoan, baina beste hainbat ekitaldi ere izango dira aurrerantzean.

Joan den astean inauguratu zen lehenengo erakusketa. Proiektuaren sorburua gaitzat hartu duena, eta lanaren fase ezberdinak azaltzen dituena. Eskultoreak amets zuen ideiatik hasi eta kokatuta geratu zen arteko argazki-sorta dago ikusgai: planoak, hainbat irudi eta egitasmoan partaide izan ziren protagonisten hitzak dira erakusketaren oinarria.

Eduardo Chillidaren obrarik adierazgarriena da Haizearen Orrazia eta indar berezia hartzen du eskulturgile ezagunak obra publikoak egiteko erakutsi zuen nahiak. Bere herriari egin zion oparia da, bere hiriari, Donostiari, eskainitako omenaldia. Lana toki publiko batean dago. Ondorioz, artistarena izatetik hiritarrena izatera pasatu da.

Artea, arkitektura eta ingeniaritza elkartuz sortu zen lan hau eta horregatik bere esker ona agertu nahi izan die Chillida familiak Patricio Echeverriaren burdinolako langileei, Luis Peña Ganchegui arkitektoari eta José Maria Elosegui ingeniariari; hau da, Eduardoren ametsa egia bihurtzen lagundu zuten guztiei.

Burdinolako langileen esanetan, eskulturetako baten barruko aldean piezak eraikitzen parte hartu zuten pertsona guztien izenak daude idatzita.

1977ko irailaren 3an jarri zuten Haizearen Orraziaren hirugarren modulua eta garai hartako egunkarien arabera, donostiarren gustuko lana izan zen hasiera-hasieratik eta gaur egun ere, oso handia da inguru horretara paseatzera joaten den jende-kopurua.

"Haizearen Orrazia, ideiatik proiektura, amets baten gauzatzea" erakusketak 20 artelan biltzen ditu: 8 eskultura, 3 grabitazio, eskuz egindako 3 marrazki, 2 tinta-marrazki, 4 collage eta hogei bat panel: forjatze-lana, eskulturaren kokapena, ingeniaritza zein arkitektura lanak eta famili inguruko parajeak agertzen dira bertan. Maiatzaren 14ra arte egongo da ikusgai erakusketa.

Lekua
Donostiako badian igaro zituen Eduardo Chillidak bere haurtzaroa eta gaztaroa, itsasoa hirira sartzen den lekuan, Santa Klara irla eta Igeldo mendiaren tartean. Batzuetan arroketan norabide zehatzik gabe, beste zenbaitetan arrantzan edo arraunean ibiltzen zen eta estropadetan ere parte hartu zuen, Kontxako bandera irabazteko lehian. Hain gustuko zuen lekuan eskultura-lan bat kokatzeko ideia bururatu zitzaion. Haizea hirian orraztuta sartzera behartu nahi izan zuen eta bere lehenengo asmoa pieza bakar bat jartzea izan bazen ere, gogoeta egin ostean egitasmoa heldu eta azkenean hiru pieza egitea erabaki zuen. Hirurak elkarrekin hizketan ari dira, inguruko elementuak elkartuz: olatuak, zerua, itsasoa, arrokak, haizea eta zerumuga.

Chillidaren ustez, lekua da obraren protagonista bakarra, artistaren kezka guztiak biltzen dituena, baina espazioaren kontzeptua da bertan dagoen ezaugarririk nabarmenena eta adierazgarriena. Lekua lehendik ere han zegoen, baina artistak aurkitu eta hartu egin du espazioa, mugatu egiten du gauzak gertatu eta elkartzeko leku bat sortuz.

Burdinola
Estudioan lehenengo proiektuak egin ondoren, Legazpira joan zen Eduardo Chillida, Patricio Echeverria burdinolara. Eskulturgilearen ibilbide artistikoan oso lotuta egon den lekua da Legazpi eta traba asko sortu baziren ere, bertan egin ziren Haizearen Orrazia osatzen duten hiru piezak.

Piezen forma helikoidalak, bolumenak eta pisuak izan ziren etsai nagusiak. Kontuan izan behar dugu piezetako bakoitzak bi metroko altuera duela eta 13 tona inguru pisatzen duela. Kontuak atera! Labe berezia egin behar izan zuten propio pieza horiek egiteko.

Arkitektura
Aspaldiko laguna zuen Eduardo Chillidak Luis Peña Ganchegui arkitektoa, biak izan baitziren arkitektura-ikasle Madrilen. Haizearen Orraziaren egitasmoan parte hartzeko eskatu zion Chillidak Gancheguiri eta elkarrekin sortu zuten "lekua", eskulturen atalaurrea izango zena. Arkitektoa Greziako tenpluen eredutik abiatu zen, naturarekin harmonian kontenplaziorako gune izan zedin. Porriñoko granito gorrizko galtzada-harriak erabili zituen lekua eraikitzeko eta ondorioz, espazio mailakatua eta orekatua itxuratu zuen, maila desberdinetan obra eta natura gozatzeko aukera emanez. Gainera, tokia hirira iraulita dago erabat eta hirigunea eta natura uztartzen ditu.

Oso lankidetza emankorra izan zen bi ezagunen artekoa eta geroago ere elkarrekin aritu ziren, Gasteizko Foru Plaza egin zutenean.

Ingeniaritza
Hainbat urte behar izan zituen Eduardo Chillidak Donostiako Udalarekin negoziazioak burutzeko, baina azkenean eskulturak jartzeko onespena lortu zuen. Ez ziren arazoak bukatu, ordea, lan zaila izan baitzen hiru piezak harkaitzetan kokatzea. Arazo tekniko ugari eta konplexuak izan zituzten, eskulturak arroketan ainguratzean, esaterako. Baina izan zuten laguntzarik, halere, Jose Maria Elosegui ingeniariak bere taldearekin lagundu baitzuen. Eskulturak kokatzeaz gain lekuz aldatzea arazo zen, ordea, ez baitzekiten zein garraiobide erabili. Helikopteroz edo garabiaz egitea baztertu ondoren, piezak arrokaraino garraiatzeko errailak zituen zubi bat eraiki zuten.

"30 orrazi" izeneko lehiaketa antolatu du museoak
Haizearen Orraziarekin zerikusia duten lanak bidali behar dira lehiaketa honetan parte hartzeko: musika, argazkiak, marrazkiak, testigantzak... etab. Lanak irailaren 2ra bitarte bidal daitezke helbide honetara: proyectos@museochillidaleku.com.

30 lanik onenak egiten dituztenek Haizearen Orraziaren inguruan egindako marrazkiak jasoko dituzte, museoak prestatu eta markoa jarri eta gero.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Feb 20, 2007
Number: 329152
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 5647