Docutec Card

Julian Retegi:«Pilota artea zen lehen, gero kirola, eta orain negozioa»

Lagun denak Alpeetara joan ziren berriz ere baso lanera eta Julian hantxe gelditu zen Eratsungo frontoian, bakarrik, triste, pilota lurrean. "Zer egin behar duk hik hirurogei kilo eskas hauekin?", "eh, zer egin behar duk?", "kaka zaharra! Alpeetara joan!" Eta nagusi baten bila abiatu zen bigarrengoz baso lanera joateko. Pilota lurrean utzi eta Doneztebera jaitsi zen, bazekien non bizi zen nagusi bat, hantxe, hurbildu, atea jo zion... Inor ez. Berriz jo... inor ez. "Kaka zaharra!". Atzera frontoira... gaur arte, ate itxi batek zabaldutako atean barrena.

Eratsunen frontoia eskolaren ondoan zegoen. Frontoian ikasi beharreko guztia ikasi zenuen, eskolan zenbat ikasi zenuen?

Guk ikasterakoan problema handia genuen hemen, berandu arte ez baikenekien erdaraz hitzik ere. Erabat euskaraz egiten genuen; euskaraz pentsatu, euskaraz hitz egin, eta erdaraz ikasi. Beharbada ez ginen gainera oso argiak ikasketetarako. Herri txikietan ikasketak ahaztu eta erabat jolasten ibiltzen ginen. Horretaz, nahiz ikasketetan gaizki ibili, gazte denbora ongi pasatuta gaude.


Ongi pasatuta bai, baina beharra ezagututa. Zer da beharra?

Uste dut gure aurrekoek gehiago ezagutuko zutela beharra guk baino, baina guk ere norbere bizia aurrera ateratzeko gai izatea zer den ikasi genuen. Orduan ez zen oraingo aukerarik, bederatzi anai-arreba ginen etxean, aitak harrobian egiten zuen lana, eta usaia zen gazterik lanean hastekoa. Nire arrebak ere hamabi-hamahiru urterekin hasi ziren neskametzan, eta ni harrobian hasi nintzen hamalau urte eta erdirekin. Gero Leitzako paper fabrikan segitu nuen. Baina soldata etxean entregatzen zen. Hemezortzi urterekin, soldata hura gorde nahirik Alpeetara joan nintzen baso lanera.


Sufritzen jakitea ere lantzen den dohain bat da?

Bai, hori landu egin behar du. Nik, hain gazte lanean hasirik, eta batez ere Frantziara zortzi hilabeterako baso lanera joanik, etxetik kanpo ibiltzen eta gorputza zailtzen ikasi nuen. Gero beti entzun izan dut pilota oso gogorra dela, baina gezurra da. Kirola ez da gogorra, kirola kapritxo bat bezalakoxea da. Dohain bat eman, horrekin jaio, eta aprobetxatzen jakin. Zorte hau izan jaiotzatik eta ezin da bazterrera utzi.


Pilotarako jaioa zinela diozu, baina gazte garaian ez omen zenuen orain bezain garbi ikusten...

Hala da. Nik ez nuen asmorik pilotaren munduan segitzeko, batez ere arras txikia nintzelako. Baina Alpeetatik etorri nintzenean osaba buruz burukoa jokatzeko prestatzen ari zen. Entrenamendu batzuk egin nituen harekin eta berak garbi esaten zidan pilotan asko jokatzen nuela. Beste profesionalekin ere ibiltzen zela, eta nik haiek baino lan gehiago ematen niola. Hala pixkanaka-pixkanaka osabak eta Martin Ezkurrak animatu ninduten pilotan probatu nendin

 

Errukigabea izan behar du pilotariak?

Bai, errukirik gabe jokatu behar da. Nik hemezortzi hemeretzi tanto bitarte sekula ez nuen deus ere uzten. Ezta hemezortzi eta huts joanda ere. Behin hemezortzi eta huts irabazten joanez gero, orduan aurkakoari begiratu eta "bueno, hau joan duk, eta utziko diat ba batzuk egiten...". Erregalatu baino gehiago utzi berak egin dezan. Ez naiz behin ere izan galtzailea, baina bai besteari hiru, lau, bost tanto egiten utzi eta gero etxera joan zalea. Gainera aldageletara sartu eta batek baino gehiagok hori estimatu ere bai: "Eskerrik asko Julian."


Nola prestatzen da txapeldun bat?

Gaur egun hartzen zaitu mediku batek, prestatzaile fisiko batek, eta fenomenoak izango dira, baina hor aritzen dira pikoa gora eta pikoa behera. Ez dut ulertzen. Nik gailurra igual jotzen nuen finala jokatu eta ondorean. Beraz, prestakuntza kontu hori ez da batzuk esaten duten bezala.

Ni mendian ibiltzen nintzen asko, errepidean lasterka ere bai. Zahartzera hasi nintzen gimnasioan sartzen, beraz, lehenago, pisuak altxa beharrean, gorputzaren kargarekin pektoralak eta egiten nituen. Luzaketa eta masaje asko ere bai. Hori izaten zen nire prestakuntza. Berez, kirolari gorputza baldin baduzu, nahikoa da hori.

 

Kirol denetan aipatzen da dopinga. Pilotan oso gutxi hitz egin da horri buruz, ez dago batere?

Hasi ziren kontrolak egiten. Nik bi aldiz egin izan dut antidoping kontrola, behin bi bitakoan eta beste behin lau eta erdikoan. Baina hori dena iritsi da karrera berri bat sortu zelako: kirol medikuarena. Egia esan nik ez dakit zer gai den hori. Baina hortik aurrera hasi dira pilotan kontrolak. Gogor jarrita daude gainera, baina ez dut uste pilotan hainbesteraino iritsi garenik eta ez dut pentsatu nahi ere.


Eta aldageletako koñak tragoa?

Egia da, lehengo zaharrek usaia zuten trago bat edo jotzeko, eta ni ere oroitzen naiz carajillo bat hartu izana partida aurretik. Bestela Optalidonak hartzen zituzten eta nik ere berdin. Baina gero galdetu: "Eta honek zer egiten du?" "Hau izerdia ateratzeko ona duk", esaten zidaten. Baita zera ere! Hartu edo ez hartu berdin-berdin! Esaten zutenez, Optalidonak dopinga izan behar zuen, eta baita koñakak ere. Baina nik beti esaten dut: koñaka baztertu zutenetik hasi direla arriskuak. Bistan hartzen den gauzarekin arrisku gutxi baitago, ezkutuan egoten da arriskua.

 

Zure seme Julen ere afizionatuetan ari da. Zer bide ikusten diozu aurrera?

Hor dabil, eta nahiko maila polita ematen ari da. Baina denbora eman behar zaio, ikusiko da debutatzeko adina egiten den.

 

Xabier Euskitzek elkarrizketa egin behar izaten dionerako ikasiko al du euskaraz?

Ez dakit, baina hogei urte egitera doa, eta hemendik aurrera ikasten ez badu behintzat ez da aitaren kulpa izango. Hala ere nahiko lotsagarria da bai niretzat. Baina aita etxetik kanpo, eta emaztea erdalduna den etxe askotan bezala, azkenean haurrak erdaldunak. Uste dut konturatzen denean ikasiko duela.

 

Zuregana itzuliz, Asegarcen kirol zuzendaria zara orain. Lastima litzateke pilotari bezala jainko izan, eta enpresen arteko ika-mikaren erdian zure izena zikintzea.

Nahiko mina egin didate bai, eta saiatzen dira egiten ere, baina zaila da Julian luzera harrapatzen. Maingu bi hanketatik egiten dut. Hala ere luzera gauzak azaltzen dira eta azalduko dira. Ni hor nagoen bitartean nahi badute eta ez badute pilota gora atera beharko dute, eta gainerako kontuak beren etxean konpontzea aski dute.

 

*** laburtua

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 23, 2005
Number: 30882
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1487