Docutec Card

Metrosexualak

Antza, pertsona bati dagokion definizioa da, alegia, Beckham-i. Existitzen da horrelakorik?

Onartu behar dut oso ondo ez dakidala zer ote den. Galdezka ibili naiz han-hemenka eta, antza, pertsona bati dagokion definizioa da, alegia, Beckham-i. Azalpen eskean gauza asko esan didate, baina gutxitan laburbil liteke: kremak, pelukeria-orduak eta enparauak izaten dituzten gizon heterosexualak ere matxote batzuk badirela.

Sentiberatasun sasoi honetan gizon batzuei nekeza egiten zaie emakumeoi "soilik" dagozkigun ezaugarriak badituztela onartzea. Gizontasunean urradurarik ez da sortuko 60 euroko hidratantea gauero emateagatik esan nahi du berba zoragarri horrek. Marketing hutsa, gizonezkoek gizonezkoentzat sortutakoa.

Ez dakit neure inguruan metrosexual asko ote dagoen, baldin badago, baina, oso ezkutuan gorderik dute tasun hori... edo keria hori. Onartu behar dut definizioa asmatu zuen gizonak talante berria baduela. Beste garai batzuetan balego eta bide batez bilbotarra balitz (batez ere bilbotarra balitz) kilometrosexuala esango zukeen. Zenbat gauza munduratu behar dugun oraindik euskaldunok!

Lantokian gizonen artean galdezka ibili naiz, eta hara! hidratantea batek baino gehiagok erabiltzen du. Eta harritu nauena: metrosexualak ote diren galdetzerakoan apaltasun handiz hori beste maila bat dela erantzun didate. Sentiberatasuna eta alde femeninoa gero eta ageriago dituzte gure etxeko mutilok. Ez dezala inork bigarren irakurketarik egin, asko maite ditut nik gure mutilak (batzuk besteak baino gehiago).

Kontuak kontu, Euskal Herrian ez omen da metrosexualik. Inclan eta Azkuna aipatu zituzten lantokian. "No comment", beste harek esaten zuen bezela. Aktore bat, telebistako aurkezle bi eta futbol jokalariren bat edo beste. Honetan ere ez zen quorum nahikorik egon.

Eta nire galdera da, sasi guztien gainetik eta zeru guztien azpitik existitzen da horrelakorik? Zenbat memelokeria gehiago definitu beharko dira batzuen ezintasunak ezkutatzeko? Irakurtzen ari zaren zu zeu euskal metrosexuala baldin bazara, esaidazu, mesedez. Nik kafera gonbidatuko zaitut eta zuk depilaziorik egokiena zein ote den esan ahal izango didazu.

 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 4, 2004
Number: 30345
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1277