Docutec Card

Ume sahararrak Donostian

Erreportaje honetan, udan umeak ekartzearen arrazoiak azaltzen dira, bai familia euskaldunen ikuspegitik, bai gaztazkaren nondik norako nagusiak azalduz.

AITZIBER IARTZA /

 

Saharauiarrak, bi hilabetez donostiar


 Donostiako udan ohiko irudia bihurtu da haur saharauiarrak han eta hemen ikustea. 1986an Donostiako Udalak Tinduf zonaldeko Dajla probintziako Bojardor herriarekin senidetzea erabaki zuen. Edo saharauiarren hizkuntzan esanda: gure hiria Dajla Wilaya-ko Bojador daira-rekin senidetu zen (saharauiarrez "Wilaya" hitzak probintzia esan nahi du, eta "Daira"k herria).
Hamabost urteotan harreman hori areagotzen joan da. Hala, udan haur saharauiarrak ekartzen hasi ziren, eta hasierako urte haietan Uliako aterpetxean egoten ziren ziren arren, duela zazpi urtetik hona donostiarren eta inguruko herrietako jendearen etxeetan egoten dira umeok.


Esperientzia honen zergatiaz galdetuta, Arritxu Marañon Donostiako Gazteria, Lankidetza eta Tolerantzia zinegotziak "gai politikoa" dela dio, Udalak saharauiarren eskaerarekin bat egiten duelako erabat. Hala, Marañonen arabera, "umeak herri saharauiarren jazarpenaren bozeramaile eta bozgorailu izatea lortu nahi da. Halaber, uda izugarri beroa da hango kanpamentuetan, eta ondorioz, beste errealitate batzuk ezagutu ditzaten eta uda hobea igaro dezaten nahi dugu". Ildo horretan, haurrak familiekin egotea garrantzitsua dela dio, "harremanak asko sendotzen direlako, eta bi hilabetez, umea etxe horretako seme-alaba bat gehiago baita".


Beste arlo bat osasunarena da. Haurrak iritsi bezain laster medikura eramaten dituzte, eta behar izanez gero, tratamendua ezartzen zaie. Normalean, otitisak, anemiak, kariesak, ikusmen arazoak eta antzekoak izaten dituzte, baina badira arazo larriagoak dituzten haurrak ere. Horiek ere, jakina, zaintza medikua jasotzen dute. Zenbait kasutan, gainera, ume batzuek espero baino denbora gehiago eman izan dute hemen, tratamentua amaitu arte.


Txirotasunetik oparotasunera


Donostiara etorritako haurrak Tinduf zonaldeko lau errefuxiatu kanpamentu nagusietatik edo "Wilaya" -probintzietatik- datoz: El Aaiun, Smara, Auserd eta Dajla. Errefuxiatu guneok Saharako basamortuko gunerik latzenetakotan daude, eta oso egoera larria bizi dute. Ia ezer ez dute: hondarra, janari eta ur gutxi, eta kanpin dendak etxetzat. Izan ere, beren lurraldea Marokoren esku dago.


Alisalem Buliha izeneko hamar urteko haurra Smaratik dator, eta bigarren uda du hemen elizondotarren etxean. Donostian gehien zer atsegin duen galdetuta, lotsa arrastoak besterik ez ditugu topatu bere aurpegian, eta Pello Elizondoren bultzada behar izan du aitorpentxoa egiteko: bizikletan ibiltzea eta igerilekura joatea ditu gustoko. Aurten jada Pasaiako festetan izan da Alisalenm, eta bertan ere ederki asko ibili zen.


Pello Elizondok, berriz, haur saharauiarrak hartzearen zergatiaz galdetuta, argi azaldu digu herri saharauiarraren egoerak bultzatu duela horretara. "Han dagoen beroa, janari eta garbitasun eza... miseria gorrian bizi dira, eta gutxienez, hilabete batzuetan behintzat, beste egoera batean daude umeak", adierazi digu.


 Eguneroko arazo txiki horiek


Pello Elizondok "oso aberasgarritzat" jo du esperientzia, eta hala adierazten du bere jardunak, etxean haur saharauiarrak hartu dituzten laugarren urtea baita aurtengoa. Hala ere, gauza batzuetan kosta egin zaie umeei moldatzea, han kalean ohituta baitaude. Aurtengoan, baina, Alisalem dute berriro etxean, eta haurra ederki moldatzen da dagoeneko.


Iritsi berriekin, ordea, arazo gehiago izan ohi dira. Hala, badago kexatu izan denik umeon ohiturak direla eta: etengabe lurrera —baita etxean ere— txistu egiten dutelako, edo komunean garbitzeko ura konketatik hartu bai baina gero kanpora botatzen dutelako... izan da, lehenengo egunetan, motxila eta guzti oheratu izan den umeren bat ere. Dena den, umorez hartzen diren arazotxoak izaten dira normalean, berehala konpontzen baitira. Ohiko gora-beherak eta hizkuntza arazoak salbu, ez da arazo berezirik izaten.


Uda amaieran, hemengo familiekin egon eta udalak antolatutako ekitaldietan parte hartu ondoren, etxera itzultzeko ordua iritsiko da umeontzat. Asko hemen utzitakoaren oroimenez negarrez abiatuko dira, baina Saharako familiarekin biltzeko irrikitan.

Garai beltza saharauiarrentzat


Europarrak, Afrika kolonizatu zutenean, Sahara Mendebaldera ere iritsi ziren. Bertan, ordea, herri saharauiarraren erresistentzia topatu zuten. Espainiak herri honen erresistentzia apurtzeko Frantziaren laguntza militarra ere izan zuen, jada XX. mendean.


Afrikako koloniek herri gisa onarpena jaso eta independentzia lortzen ari zirenean, Nazio Batuen Erakundeak herri saharauiarraren autodeterminazio eskubidea onartu zuen eta Espainiari deskolonizazio eskaera egin zion 1965ean. Espainiak hautes errolda bat egin zuen 1974an, baina Espainiaren jarrera argi geratu zen 1975eko azaroan, Madrilen Maroko eta Mauritaniarekin hiru akordioa sinatu zuenean. Akordioaren ondoren, Sahara Mendebaldea Marokok eta Mauritaniak hartu zuten mendean.


Mauritaniak azkenean onartu zuen saharauiarren autodeterminazio eskubidea, baina Marokok ez du inoiz horretarako benetako borondaterik azaldu. Mendebaldeko Saharara milaka marokiar eraman dituzte urteotan Marokoko agintariek, eta ondorioz, saharauiarrek ihes egin behar izan zuten Argelian errefuxiatu guneak eratuz. Errepresioa oso bortitza izan da, eta gaur egun ere hala da... Horrek, dena den, ez du saharauiarraren borondatea makurrarazi, eta beti jarraitu du herri librea izateko borrokan. Hala, duela 25 urte, Errepublika Arabiar Saharauiar Demokratikoa aldarrikatu zuten.


Arazoak hor jarraitzen zuela ikusita, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1991n Bake Plana egin zuen. Honen arabera, erreferenduma egingo zen Mendebaldeko Saharak independentzia behar zuen edo Marokori lotuta jarraitu behar zuen erabakitzeko. Marokok, ordea, erreferenduma egiteko hautes errolda jarri du oztopotzat: azken 25 urteotan eramandako marokiar guztiek parte hartu ahal izatea nahi baitzuen.


1994an hasitako lana iaz amaitu zuen NBEk, eta errolda aurkeztu zuen, boto eskubidea 86.700 pertsonari emanez. Marokok, ordea, 130.000 erreklamazio jarri zituen eta modu horretan prozesua ia abiapuntura eraman nahi izan zuen.
NBEk, aterabidea topatu beharrean, aurtengo ekainean plan berria aurkeztu zuen Sahararako. Plan honetan, funtsean, Mendebaldeko Sahararentzat autonomia eredu bat planteatzen da, eta Saharak independentzia lortzeko aukera ezabatu egiten du. Fronte Polisarioak oso gogor kritikatu du NBEn planteamentua, orain arte esandakoaren eta batez ere urtetan saharauiarrek defenditu dutenaren kontra dagoelakoan. Gaur egun, beraz, badirudi NBEk ere bizkar eman diotela saharauiarren asmo eta eskubideei, eta su-etena apurtzeko aukera ere badago. Ez dirudi gatazka politiko honentzat aterabidea berehala etorriko denik.

Urtero bezala, aurten ere ezin iritsi


Urtero izaten dituzte ume saharauiarrek opor lekuetara iristeko oztopoak. Frente Polisarioaren bidez etortzen dira umeak, baina ateratzeko erabiltzen duten aireportua Argelian dago, eta oso txikia da. Atzerrira milaka ume joan ohi dira, eta beti daude arazoak aireportu horretatik hainbeste hegazkin ateratzeko. Hala, aurten uztailaren 1ean iritsi behar zuten Donostiara datozen 35 umeak. Egun horretan, ordea, zazpi haur besterik ez ziren iritsi. Uztailaren 5ean arduradunak Bilbora joan ziren gainontzeko umeen bila, baina ez zen hegazkinik iritsi. Uztailaren 6ean, berriz, 14 haur iritsi ziren eta gainontzekoak herenegun iristekoak ziren.


Arazoa ez da berria, eta iaz, esaterako, uztailaren 11n iritsi ziren guztiak Donostiara. Duela bi urte zorte okerragoa izan zuten, umeak noiz etorri zain abuztu erdialdera arte egon ondoren, ez baitzen haur saharauarrik iritsi gurera.

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 29, 2004
Number: 29782
Source:
Number of visits: 1106