Docutec Card

Kimikarik ez?

Gotzone Barandika Argoitia EHUko irakaslearen iritzi-artikulu honetan egungo joera nagusi baten kritika zorrotza egiten du. Dioenez, natural versus kimikoa dikotomia gezurrezkoa da, eta, are gezur handiagoa, naturala ontasunarekin berdintzea.

Kimikarik ez?

 

Gotzone Barandika Argoitia - EHUko Kimika Ez-organikoa saila

 

XXX. mendeko jarduera industrialak izugarrizko eragin kaltegarriak izan zituen ingurumenean, eta, horren ondorioz, kontzientzia ekologikoa sortu zen gizarte aurreratuetan. Apur-apurka, jendeak bereganatu zuen ingurumena zaindu beharra, eta ekologismoaren corpusa eraikiz joan da denboran zehar, eta, egun, ondoko ideiak guztiz bereganatuta ditu: energia berriztagarriak, nekazaritza ekologikoa (transgenikorik ez), hondakinen birziklatzea, eta orokorrean «jarduera jasangarriak» kontzeptuaren barruan dagoen guztia. Bestalde, gizakion osasunari begira, bestelako ideiak ere atxiki zaizkio ekologismoari, zeharkako eran bada ere: alegia, aldizkako medikuntzak, txertoen aurkako mugimendua, dieta begetariano eta beganoak, eta abar.

Egungo gizarteari mezu sinpleak bidaltzen zaizkio, eta, gehienetan, zoritxarrez, muturrekoak dira: bai-ez eta ona-txarra motakoak. Polartasun horretan harreman harrigarria eraiki da ekologismo estremistatik: naturala da ona den bakarra. Zer esanik ez, «natural» kontzeptu horren barruan Kimika guztiz baztertuta dago. Kimika deabrua omen da, naturalak ez diren gauzekin lotzen baita. Kimikariok arduraz konturatzen gara jendeak daukan Kimikarekiko pertzepzio negatiboaz. Esaterako, «Kimikarik ez» kontzeptua produktuak saltzeko balio positibotzat jotzen da publizitatean. Zelako ideia okerra eta ez bidezkoa!

Kimikak, zientziaren diziplina moduan, materiaren aldaketak aztertzen ditu. Kimika horrela definitzean bi ideia zehaztu behar dira. Lehena hauxe da: unibertsoan dagoen materia guztiaz ari gara, biziduna eta ez-biziduna. Eta bigarrena: Kimikak aztertzen ditu berez gertatzen diren aldaketak (naturalak) eta baita gizakiok eragindakoak ere (artifizialak). Adibidez, fotosintesia eta glukosaren metabolismoa erreakzio naturalak dira, eta izaki bizidunetan gertatzen dira. Ibaietan dihardun pHa mantentzeko mekanismo naturala (karbonatoetan oinarritua) oreka kimikoaren legeen mende dago. Mineralen kristaltzea materiaren transformazioaren beste adibide bat da. Horiek fenomeno guztiak Kimikak aztertzen ditu, eta, horrela, gure onerako erabili, aldarazi eta hobetu ditugu. Beraz, Kimika ez dago gauza naturalen mundutik at, eta horrela desegiten da ekologismo estremistatik sortutako Kimika=txarra berdintza zitala. Halere, horixe ere argudio sinpleegia da, benetan desegin beharrekoak naturala=ona eta artifiziala=txarra berdintzak baitira.

Antzina, den-dena naturala zenean, jendearen bizi-itxaropena oso laburra zen, eta hori azaltzeko hainbat kausa zeuden: horien artean, ur eta janarien kalitate txarra. Alegia, gaixotasun infekzioso ugari zetorren tratatu gabeko ura edateagatik eta elikagaiak jateagatik. Gainera, bestelako gaixotasunak ere izan zitezkeen hilgarriak: elgorria, pneumonia, edo zauri infektatu sinple bat. Gaixotzea, beraz, prozesu naturala da. Are gehiago, Natura bera ez da bereziki babeslea gizakiokin. Naturak ematen ditu bizirik irauteko errekurtso guztiak, baina baita ere zailtasun guztiak (gaixotasunak, istripuak, uholdeak, suteak, lehorteak...). Natura ez da ona, ezta txarra ere, baina bere mitifikazioa da ekologismoaren corpuseko ezaugarri nagusietako bat, eta, aldi berean, hutsegite nabariena, hori egiten den bitartean Zientzia mespretxatzen baita. Izan ere, Kimikari leporatzen zaio Naturari egindako kalte gehiena. Baina Kimika ere ez da ona ezta txarra ere. Kimika osatzen duten ezaguerak onerako edo txarrerako erabil daitezke, baina hori gizakion erabakia da. Kimikari esker, ur eta elikagaiak seguruak dira. Kimikari esker, txerto eta medikamentu eraginkorrak dauzkagu. Kimikari esker, gure etxebizitzak lehor eta bero daude. Kimikari esker, ingurumenean eragindako kaltea zuzentzen ari gara. Kimikari esker, energia-iturri jasangarriak garatuko ditugu. Beraz, Kimikarik ez?

Natura mitifikatu nahian, Kimikaren aurka zentratu da ekologismo estremista, baina Zientzia osoaren kontra doa zentzugabeko mitifikazio hori. Lur-planetan egon diren izaki guztiek haien eragina izan dute ingurumenean, eta, beste izakiek ez bezala, gizakiok daukagu ingurumena aldatzeko gaitasun kontzientea. Naturan gertatzen diren fenomenoak behatu, analizatu, eta ondorioak ateratzen ditugu errekurtsoak aprobetxatu ahal izateko eta gure bizi-kalitatea hobetzeko. Hori modu egokian egitea izan beharko zen ekologismoaren mezua. Sobera daude horren inguruan sortu diren mugimendu ez-zientifikoak: aldizkako medikuntzak, beganismoa, transgenikoen aurkaritza, besteak beste.

Aurreko mendeetan, informazioaren eskuragarritasuna izan bada jende arruntaren lorpenik handienetako bat, XXI.ean, informazioaren iturrien sinesgarritasunean dago gakoa. Ekologismoaren barruko mugimendu ez-zientifikoen jarraitzaileen kopurua gero eta handiagoa da, eta hori sakonean aztertu behar da, jokoan daudelako erabaki pertsonal eta politiko ezegokiak. Hori dela eta, zientzialariok, eta bereziki kimikariok, esfortzu handia egin behar dugu gizarteak daukan Kimikaren pertzepzioa egokia izan dadin. Azken finean, dena da Kimika. Bai, irakurle maitea, zeu ere bazara Kimika!

 
 

Comments
Login for comment