Docutec Card

Santi Auzmendi: «Ongi jantzita doanari errazago irekitzen zaizkio ateak»

Jendea nola jantziko, buruko hariak tira, moztu, eta josi ibiltzen da Santi. Tira, moztu, eta josi, sortze lanetan. Azkenean, moztu, tira, moztu, josi, tira, josi, moztu, tira... burmuina ere korapilatuta gelditu arte. Eta orduan korrika egitera ateratzen da, mundutik hanka egiten du, eta askatu egiten dira korapilo guztiak.

«Auzmendi: Donostiako estiloa» zioen iragarkiak. Nolakoa da Donostiako estiloa?

Hori hemengo jendearen izaerak markatzen du, hiriak berak, familiek, hizkuntzak... Eta Donostian beti izan da Europa aldeko korronte bat, horrek jendea modernista samarra bilakatu du. Beti esan izan da Donostia klasikoa dela, baina hori ez da egia. Gizonezkoetan bai, bada, ados; baina nik ildo modernista emakumezkoekin gehiago landu izan dut beti. Eta Donostiako emakumea oso modernista eta oso aurreratua da. Baita kulturalki ere, gustu berezia du hemengo emakumeak.

Hiri bakoitzak bere estiloa al du? Bilboko estiloa, Donostiakoa, Iruñekoa... oso ezberdinak al dira?

Bai, erabat. Donostia baino askoz klasikoagoak dira Iruñea eta Bilbo. Esango nuke, emakumea, Bilbokoa baino pixka bat modernistagoa dela Iruñekoa. Iruñekoak Donostiako estilotik gehiago du, beharbada Frantziako haizea iristen delako, Paris aldekoa edo.

Eta hemengo gizonezkoak beti izan al dira atzerakoi samarrak?

Atzerakoi samarrak ez, oso atzerakoiak! Eta oraindik ere berdin segitzen dute, gizonezkoen gustuak ez dauka zerikusirik emakumezkoenarekin. Hemengo gizonak bere barruan dauzka mugak, ez da normala gizonezko denak hain klasikoak izatea. Ni Lazkaon ez nintzen batere klasikoa, inkontzienteari ere lan pixka bat egiten uzten nion. Orain inkontzienteki dabilen gizonezko gutxi ikusten da, kontzienteki jokatzen duen jende gehiegi dabil kalean.

Baita besteren kontzientziaren arabera ere askotan...

Hori ere bai. Emakumea bere erara janzten da, eta gizona ez zait iruditzen bere erara janzten denik. Besteek esandakora makurtzen da, askotan emakumeak janzten du gizona, eta horregatik doa kontua gaizki.

Eta gaztetxoek ba al dute ongi janztearen kontzientzia? Dirua erruz gastatzen dute behintzat...

Diru asko gastatzen dute, lehenagokoek baino gehiago, baina denak skateboard estilora janzten dira... Uniformismo handia dago, eta ez jendearengan bakarrik, baita sortzaileetan ere, denak ildo berdinetatik dabiltza. Lehenago uniformismoa ehuneko hamarrekoa baldin bazen orain ehuneko laurogeikoa edo gehiagokoa da, gazteria oso lotuta ikusten dut nik, bai buru aldetik ere. Azken batean janzkera buru barrukoaren isla baino ez da, eta denak uniforme bilatzen ditut, oso berdin zaleak gara, eta ez da interesgarria, kreatibitaterik batere ez dago.

Baina uniformeak erantzi zirenetik, eskolan, eta gazte koadrilan, janzkera nahiko adierazgarri gordina eta gogorra ere izaten da, azkar salatzen du nor den etxe onekoa eta nor ez...

Niri ere hala iruditzen zitzaidan txikitan, janzkera etxeko diruaren araberakoa izango zela, baina ohartu naiz ez dela hala. Janzkerak familia bakoitzak estetika zenbat zaintzen duen erakusten du. Etxe onekoa edo txarrekoa den baino, etxe kuriosokoa edo narratsekoa den esaten du.

Eta noiz dago pertsona bat dotore?

Bere neurrira jantzia dagoenean. Zein den norbere neurria? Lehenik bakoitzak bere izaeraz, bere mugimenduez jabetu behar du, eta horiei egoki doazkien jantziak dira bere neurrikoak.

Pertsona ere jantziz etengabe aldatzen da. Zenbat arropa beharko genuke etxean?

Orain egunero aldatzen da arropa, eta beraz egunerokoa gutxienez beharko genuke. Beti arropa berdinarekin dabilenak aspertu egiten du jendea.

Zenbateraino alda dezake jantziak pertsona?

Asko! Jantziak, makillajeak, ile orrazkerak, estetikoki asko alda daiteke pertsona, baina beti ere bere nortasuna mantenduz.

Zirujia estetikoa ere modan dago, pertsona ez dago arriskuan itxura hutsera erortzeko?

Bai, arrisku handian dago. Pixka bat konpontzea niri ez zait gaizki iruditzen, baina asko gehiegi aldatzen dira, eta hori ez zait interesgarria egiten, erabat aldatzen dute beren aurpegia, formak... uste dut azkenean pertsonak nortasuna ere galdu egiten duela.

Eta nola lortzen da, pertsona bat ahalik eta ongien jantzi, eta hala ere begiak, jantzira ez, baina bere nortasunera, bere edertasun naturalera, bere pertsonara, itzultzea?

Nik uste dut dena bat dela. Ez zait iruditzen jantziak edertasuna estaltzen duenik, zuk pertsonari segidan antzemango diozu bere mugimendutik zer izaera duen. Eta gainera ondo jantzita doan bati ateak errazago irekitzen zaizkio gaizki jantzirik doan bati baino.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
May 16, 2006
Number: 296258
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2432