Docutec Card

Michelangelo Buonarroti

1475eko martxoaren 6an jaio eta 1564ko otsailaren 18an hil zen Michelangelo Buonarroti, italiar pintore, eskultore eta arkitektoa.

Errenazimenduko sortzaile nagusietarikoaren biografia. Irratiko efemerideen tartean pintore eta eskultore honen historia eta eragina azaltzen dute.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Egun seinalatua, duela laurehun eta hogei urte hil zen Migel Angel Buonarroti, baita ere mendebaldeko historian izan den artista handienetarikoa. Migel Angel Errenazimenduko eragile ezin hobea izan zen. Bere obra ondorengo pintore, eskultore eta arkitektoentzat eredu izan da, Juanjo Sanmiguel.
Juanjo Sanmiguel: Gaurko egunez bai, 1.564an hil zen Migel Angel Buonarroti, historian izan den artista handienetarikoa. Migel Angel arkitektoa, eskultorea, pintorea eta poeta izan zen eta Leonardo Da Vincirekin batera Italiako errenazimenduko protagonista nagusia. Migel Angel 1.475ean jaio zen Caprese herrixkan, baina bere bizitza eta batez ere sormen-lana Florentziari lotuta izango da beti. Han, Medici familiaren jauregian Lorentzo Magnifikoaren babespean garaiko artista, pentsalari eta idazleekin harremana izan zuen eta laster erakutsi zuen arterako zeukan dohain eta gaitasun harrigarria. Hamahiru urte zituela hasi zen Domenico Ghirlandaio pintorearen tailerrean eta hamasei urte besterik ez zituen lehen eskultura aipagarriak egiten hasi zenean. Errenazimendua, Erdi Aroa amaitzear zela, Italian sortu eta Europa osoan zabaldu zen mugimendua da. Kulturan, artean eta pentsamenduan eragin handia izan zuen eta aro modernoaren hasiera dela esan genezake. Gizakia bihurtuko da mundu osoaren gune, gizabanakoari garrantzi handiagoa emango zaio taldeari baino eta pentsaera aldatzen hasiko da. Materialistagoa izango da eta ordura arte nagusi zen erlijiotik urrutiratu egingo da. Giro honetan kokatuta dago Migel Angelen lana eta sormen aparta.
Artean eta estetikan edertasuna bihurtuko da nagusi, batez ere giza gorputzaren formak. Horretarako, arte greziarra izan zen eredu, baina errenazimenduko egileek kutsu berezia eman zieten eredu greziar horiei. Migel Angel arte-adierazpen guztietan izan zen nagusi. Eskulturan, David da bere lan ezagunena: indarra, edertasuna eta etsaiaren aurrean erronka keinu ausarta ditu. Hogeita lau urte zituen eskultura hau amaitu zuenean. Moisesek Migel Angelen artearen ezaugarri guztiak laburbiltzen ditu. Pinturan, Kapilla Sixtinako (Kapera Sixtinoa) Azken epaiketa obra izugarria da. Lan zaila egin zitzaion, gainera, sabaian margotzeko etzanda lan egin behar izan zuelako. Hala ere, pinturaren historian egindako lan ederrenetako bat dela diote adituek. Pinturan eta eskulturan Migel Angelek biluzik erakusten digu gizakia. Gorputzaren ezaugarriak eta gorputz horien adierazpen psikologikoak azalduz. Arkitekturan Erromako San Pedro basilika handia da bere lan nagusia. Garaiko poeta eta idazleek zioten ez zela gizakia, jainkoen sustantziakoa baizik, benetan izugarria izan zelako egin zuena.
Bere margo, eskultura eta Erromako basilika eredu izan dira ondoren mendebaldeko artista gehienentzat. Migel Angel gaurko egunez hil zen 1.564an Erroman, 89 urte zituela.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Mar 6, 2012
Number: 29416
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 0:03:12
Number of visits: 6009