Docutec Card

Eva, transexuala: "bular inplanteak gauzak asko aldatu zituen. Onerako"

Eva Espainian jaio eta Euskal Herrian bizi den 33 urteko transexual bat da. Mutiko jaio zen, baina neska sentitu da txikitatik, eta orain, emakume izanik, zoriontsu da. Dena dela, arrazoi pertsonalak direla eta, ez du abizena eman nahi izan.

Noiz konturatu zinen zure gorputzaren sexuak eta zure sentimenduek ez zutela bat egiten?

Txikitan. Txikitatik femeninoa zen guztiak erakartzen ninduen. Neskekin egon nahi nuen, eurekin jolastu... oso eroso sentitzen nintzen neskekin. Etxean, gauza barregarria bezala bizitzen zuten hori, baina zortzi, bederatzi urterekin, barregarritasun hori desagertu egin zen. Nesken gauzak egitea gaizki zegoela esaten hasi zitzaizkidan, ez nintzela mutilak bezala portatzen...

Nerabe garaia nahiko gatazkatsua izaten da. Nola bizitu zenuen?

Adin horrekin zerbait gaizki zegoela ikusten hasi nintzen, ezberdina nintzela. Ni ez nintzen nire mutil itxurarekin gustura, eta lotsa handia pasatzen nuen. Jendeak, gainera, ez du askorik laguntzen. Orain booling-a deritzona nik aspaldi bizitu nuen: harrika egin didate, listua bota didate... Presioarengatik ez nuen institutua bukatzerik izan.

Familiak lagundu al zizun?

Nire ahizpek asko lagundu didate, baina nire gurasoek... Herri txiki batean bizi nintzen, eta ez ziren kultura handiko pertsonak... Amak lagundu beharrean, zapaldu egiten ninduen. Emakume bezala bizitzea erabakitzen banuen, ukatu egingo ninduela esatera ere iritsi zen. Oso gaizki pasa nuen.

Zer egin zenuen egoera horretan?

Askatasuna behar nuen, eta, maleta egin eta Madrilera joan nintzen. Sauna gay batean hasi nintzen lanean, eta nire bizitza egiten hasi nintzen. Pixkanaka, hormonak hartzen hasi nintzen, emakumeak bezala janzten eta makillatzen hasi nintzen... Transexualitatean pixkanaka egin nuen aurrera. Dena den, urratsik handiena bularrak inplantatu nituenean egin nuen. Bular inplanteak gauzak asko aldatu zituen. Onerako.

Zer moduz bizi zara orain?

Orain ondo bizi naiz. Ispilura begiratzen naizenean, nik izan nahi dudana ikusten dut, eta eroso sentitzen naiz nire buruarekin. Erakargarri ikusten naiz, femeninoa... Betidanik egin nahi izan ditudan gauzak egin ditzaket orain, eta horrek ondo sentiarazten nau. Bestela, nahiko bizi normala daramat, beste edozein emakumek eraman dezakeenaren berdina.

Badago, baina, halako transexualekiko estereotipo bat...

Jendeak telebistan halako transexual bereziak ikusten ditu, eta transexualak emakume bionikoekin edota zirkoekin parekatzen ditu. Baina hori ez da horrela. Nik transexual azkar, erakargarri eta femenino asko ezagutzen ditut. Zu eta ni bezalako jende asko dago.

Zer iruditzen zaizu genero nortasunaren legea?

Aspaldidanik beharrezkoa zen aurrerapausoa iruditzen zait. Oso lege baikor eta aurrerakoia da.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 7, 2006
Number: 293688
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 3465