Docutec Card

Whatsappak ekarri eta eraman dituenak

Whatsappa gure egunerokoan sartu zenetik komunikazio- eta informazio-kanal izugarria bihurtu da, geure arteko harremanetarako ohiturak erabat aldatzeraino.

Elisabete Garmendia iritzi-emaileak hausnarketa interesgarria ekarri digu whatsappak eragin dizkigun aldaketa horien inguruan.
Whatsappa da egun erabiltzen dugun komunikazio-kanal garrantzitsuenetakoa, eta horrek hainbat ohitura eta baldintza ezarri dizkigu. Baina, whatsappak gure arteko komunikazioa hobetu ala zaildu egin du?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

ELIXABETE GARMENDIA. – Bitan banatzen da mundua: whatsappez ari direnean telefonoari esku batekin heldu eta beste eskuko hatz erakuslearekin poliki poliki tekleatzen dutenak batetik, eta bestetik berriz, telefonoari bi eskuekin heldu eta bateko nahiz besteko hatz lodiarekin tekleatzen dutenak ziztu bizian. Lehenengoak slow mugimenduaren barruan daude eta normalean mezu bakarrean bidali ohi dute esan beharreko guztia. Bigarrenek lerro bakarreko testuak idazten dituzte eta gai dira aldi bereko txatean aritzeko abiada supersonikoan. Bi perfil daude beraz gailuaren erabilpenaren arabera.

Teklatua berdin-berdin da traidorea batzuentzat eta besteentzat. Jarrita daukazun zuzentzailearen arabera orrazten du testua eta ebakitzen ditu hitzak eta eraldatzen ditu nahierara. Emaitzak kriptograma bihurtzeraino, mezua klabean balihoa bezala. A ze lana hartzailearentzat hura deszifratzea! Norberak bere perfilean ezartzen dituen argazki, irudi edo esaldiek mereziko lukete adar propioa semantikaren baitan, emotikonoek ba omen duten bezala. Whatsappak errelebo hartu dio posta elektronikoari ekoizpen multimedien zabalkundean. Ekoizpen horietan bi jenero nabarmentzen dira: antzezpen eta testu txistosoak (barregarriak) eta auto laguntzakoak liratekeen performantzeak. Badakizue irudi eta musika bukolikoekin janzten diren “popurri” poetiko filosofiko horiek, sarritan apokrifoak izaten direnak.

Horien ezaugarririk behinena da asti ibiltzen ez bazara eta zuzenean zabor ontzira botatzen ez badituzu blokeatuko dizutela telefonoa gainkargarekin ipso facto (laster batean). Eta hala ere, hala ere, whatsapp-ari aitzakia eta erdi atera ondoren, aitortu beharrean nago zaila egingo litzaidakeela gabe geratzea. Adibidez telefonoak baino sarbide diskretuagoa eskaintzen dizu atzendutako harreman bat birkonektatu nahi duzunean. Zelestina moduko bat da. Galdera ikurretik zintzilik geratzen zaidana da, komunikazio-isuri hori dena, nora ote doan.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Oct 11, 2018
Number: 29292411
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 02:23
Number of visits: 912