Docutec Card

Goizez eta arratsaldez txandaka lan egitearen ondorioak

Erreleboka lan egiteak langilearen osasunean eta bizimoduan hainbat ondorio izan ditzake, eta ez da beti erraza izaten lan-txanda berrira moldatzea.

Txanda horiek maiz izaten dira erizaintzan, garraio publikoan, hiri-barruko garraioan, ostalaritzan, industria kimikoan…


Gauez lan egiteak osasuna erraz hondatzen du; eta horrela oso zaila da lana eta etxeko bizimodua bateratzea, kontziliatzea. Eta are okerragoa da goizeko eta gaueko lan-ordutegiak txandakatu behar badira. Baina horrela dabiltza langile asko: ez dira ohitzen goizez lo eta gauez lan egitera, ez zaielako ohitzeko astirik ematen. Izan ere, aldian-aldian bizitza-erritmoa enpresaren beharretara egokitu behar dute. Garai batean, industria-arloko langileak ibili ohi ziren horrela. Egun, aldiz, zerbitzuetan ere berdin dabiltza.

 


Langile asko ez dira ohitzen goizez edo gauez lan egitera, ez zaielako ohitzeko astirik ematen.

 

Geroz eta saltoki gehiago (supermerkatuak, jan lasterreko jatetxeak, ile-apaindegiak…) daude egun osoan zabalik. Beraz, ugaritzen ari dira gauez lan egiten duten langileak. Batzuk beti ari dira gauez lanean, beste batzuk aldiro-aldiro.


Adibide bat jartzea onena! Langile honek 16 urte daramatza automobilgintzan, eta berak eta bere lankide gehienek txandaka lan egiten dute. 16 urte horietatik urte bakarrean egin zuen lan txanda berean, gauez. Eta beti gauez nahiago izaten du. Okerragoa delako 3 aste goizez, beste 3 arratsaldez eta beste 3 gauez aritzea, eta beti horrela. Bukatzen ez den jet-lag bat da berea: «txanda aldatzen dudan bakoitzean, 2 edo 3 egun behar ditut ohitzeko.

 

Gaztetan errazagoa zen, gurasoek egiten zizkidatelako otorduak. Orain bi seme-alaba ditut, eta ordu asko kentzen dizkiot loari, umeak eskolara eramateko. Zaila da kontziliazioa. Emazteak lanaldi murriztua du, baina beti ordutegi berean. Baina niri arratsaldez tokatzen bazait, ez dut egun osoan ikusten». Eta eransten du: «beti nago haserre, letxe txarrean, eta nekatuta». Horiek dira bizimodu horrek sortzen dizkion zenbait kalte.

 

Badira gaizki lo egiteak ekartzen dituen ondorio gehiago ere: erretxinduta bizitzea, depresiorako joera, hormona-aldaketak. Eta horrela lan egiten duenak jan ere berdintsu egiten du, era irregularrean. Beraz, egoera hori luzatzen bada, digestio-arazoak izaten dira, arazo kardiobaskularrak…

Nola gutxitu ondorioen eragina?


Gauez lan egiten duenak kalteak baldin baditu, egunez siesta eginda hobeto biziko da. Dena den, onena zer da? Ba loa, lana eta siesta bateratzea zailtzen duten txandakako lanaldiak uztea, ahal bada behintzat. Eta ezin bada, adituek hauxe gomendatzen dute, lan-txanda horiek beti hurrenkera bera izatea, alegia gauez, goizez, arratsaldez; beti horrela. Eta 35 urtetik gorako langileek ez izatea txandakako lanik.

 

 
 Laneko txanda aldatzeak batzuengan nekea eta depresiorako joera eragin dezake.

Txandaka lan egitea dela-eta, legediak neurri orokor batzuk ematen ditu, eta enpresek, beren beharren arabera, hitzarmen kolektiboetan ezartzen dituzte. Oro har, nahiago dute txandaka lan egiten duen langilea, aparteko ahalegin hori saritzea, eta lan-erritmoa enpresen produktibitateari begira antolatzea.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Oct 8, 2018
Number: 29028256
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1015