Docutec Card

Neurri-neurriko eskolaz kanpoko jarduerak

Ikasturtea abiatzearekin batera hasten dira haurrek eskola-orduetatik kanpo egiten dituzten jarduerak: ingelesa, futbola, judoa, dantza, musika… aukera oso zabala da. Baina, etxean bertan, haurren formazioa aberasteko zeregin ugari daudela konturatu al gara?

Gure seme-alaben formakuntza osatzeko ekintza bila ibiltzen gara, beraien izaera borobiltzeko, erabat osatzeko, jarduera egokiaren bila. Bada, eskolaz kanpo egiteko ekintza aproposa aurkitu dugu, merkea izateaz gain, formazio-saio ezin hobea dena: House Working-a, balio erantsia duen eskolaz kanpoko jarduera.


Zure seme-alabek House Working delako jardueran izena eman dutela esaten duzunean, dotore geratuko zara eskola atarian, ziur. Baina, zer da House Working-a? Euskaraz esanda, etxeko lanetan laguntzea. Denbora pasatzeko balio izateaz gain, ondorengo helburu hezitzaileak ditu: arduratsuak izaten irakastea, konpetentziak eta abileziak ikastea, edo-eta haien bizimodua erosoa egiteko euren gurasoek egiten dituzten ahaleginak baloratzen ikastea.


Sinetsi ezazu, beste edozein ekintzatan ikasten duten bezainbeste ikasiko dute haurrek ekintza horretan, are gehiago, bizitza guztirako balioko die ikasitakoak; esate baterako, lehendabizikoa iristeak, edo irabazteak, garrantzirik ez duen aktibitate fisiko bat badela ikasiko dute, ekintza horiek egiteko sormena erabili daitekeela, eta gainera, familian egin daitezkeela.


Etxean laguntzeko jarduera modu desberdinetan gauzatu daiteke: oheak eginez, gelak txukunduz, arropa zikina garbigailura eramanez, arropa zabalduz, erratza pasatuz, altzarietako hautsa kenduz, bazkari eta afarietarako menuak pentsatuz, erosketen zerrenda eginez, erositakoa jasoz, otordu errazak prestatuz, erabilitako ontziak garbituz eta bere tokian jasoz, eta abar.


Jarduera hori haurrak txiki-txikiak direnean hasten da, eta hauxe bakarra behar du: gurasoek, jarduera hori bera, gogo onez egitea, umeek ekintza positibo moduan har dezaten. Eskolaz kanpoko jarduera honen harira haurrekin istiluren bat sortzea gerta liteke; ez larritu. Baina ulertu behar dute etxeko lanak elkarrekin egitea ez dela laguntzea, baizik eta familiaren parte diren heinean etxekoekin partekatzen dutenaren ardura hartzea dela. Eta ikasgai horrek ez du preziorik.


Beraz, hurrena lagunekin kafea hartzera zoazenean esaiezu zure seme-alabek House Working izeneko jarduera zoragarrian izena eman dutela; horrela, ingelesez esanda, gainera, estimazio handiagoa izango du, seguru.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Oct 3, 2018
Number: 28573073
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 918